Galdetu kontsultorioan

Maider
Lan eremua

Galdera

Tabernaria naiz eta bezeroak gaztelaniaz galdetu dit zenbat den hartu duen hori. Euskaraz erantzun diot eta gaztelaniaz esan dit gaztelaniaz esaten ez badiot, ezingo didala ordaindu. Zer erantzun beharko nioke? Ixilik geratu bainaiz…

Erantzuna

Zein zaila den behar den moduan erantzutea, Maider, bat-batean, espero ez dugula, horrelako ataka estuan aurkitzen garenean, ezta?
Zuk kontatutakoarekin ez zaigu oso argi gelditzen eszena osoa nola joan den. Hau da, hartu duena nola eskatu du? Bion artean izan al da hitz trukerik ulertzera iristen den edo ez jabetzeko adina? Zein tonu erabili du? Eta hori horrela, daukagun informazioaren arabera, aukera hauek datozkigu burura egoera gainditzeko eta geure hizkuntza baztertu gabe amaitzeko solasaldia:
  • Berriro euskaraz errepikatu astiro-astiro eta irribarre batekin.
  • Berean jarraitzen badu, diru-kutxara itzuli, ordainagiria inprimatu eta begi aurrean ipini zenbat den euskaraz esanez, eta horrela ulertzen duen galdetuz.
Hala ere, ez duela ulertu modu eta tonu egokian esan badigu ordaindu behar duena euskara eta gaztelania biak nahastuz esan diezaiokegu: "hiru/tres con veinte" edo "hiru-koma-hogei/tres-con-veinte" edota gaztelaniaz bakarrik ere bai "tres con veinte". Hori bai, solasaldia euskaraz itxiko dugu "eskerrik asko" esanez edo... Modu horretara guretzat hizkuntzak garrantzia daukala adieraziko diogu.
Aldiz, bezeroak erabili duen tonuaren arabera, izaera supremazista edo denen gainetik nagusi sentitu nahi duela ikusten badugu, hor beste irmotasun bat azaltzea komeni zaigu gure hizkuntzaren alde.
Argi dago gure herrian berezko hizkuntza (euskara) eta beste bi hizkuntzak (gaztelania eta frantsesa) ez daudela indarrez parean. Baina, horrek ez du esan nahi geure burua zapaltzen utzi behar dugunik. Are, geure hizkuntzaren aldeko jarrerari eustea, ingurukoengan ere eredugarri gerta daiteke. Testuingurua hau bada aukera bat hau izan daiteke:
  • Gaztelaniaz irmo esan diezaiokegu "nadie debería tratar de forzar a nadie a hablar un idioma, puesto que la igualdad de elegir debe garantizarse a todo el mundo, por lo que su actitud hoy no ha sido la más adecuada, en mi opinión. Ahora si quiere págueme o haga lo que quiera, ¡allá con su conciencia!" Azken hori esan eta beste bezeroengana joango nintzateke aitzakiaren batekin, hura bere lekuan utzita...
Umore giroan amaitzeko, entzuna izango duzu pasadizo hau, Maider:
  • -¿Qué le debo, camarera?
  • -Bi euro.
  • -¡En castellano, por favor!
  • -Cuatro euros.
  • -¿No había dicho dos?
 Sarri ez dago ulermenean arazoa, beste nonbait baizik. Jokaera horren atzean zer dagoen bistan jartzea komeni da eta hori ere bada gure egitekoa.
hitzartzen hitzartzen 2019-05-06

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Buy now