Galdetu kontsultorioan
Enrike
Familia
Galdera
Nire seme-alabek euren artean gaztelaniaz hitz egiten dute, etxean beti egin dugunean euskaraz. Eta guri ere sarri gaztelaniaz zuzentzen dira. Zer egin dezakegu nerabezaroan dauden pertsona hauen jarrera aldatzeko?
Enrike
(Arrasate)
2019-07-03
Kaixo, Enrike:
Nerabezaroa mugak identifikatzeko eta gainditzeko garaia dela kontuan izanda, eta helduen munduan bere lekua bilatu nahi dutela jakinda, hizkuntza ere horretarako tresna gisa senti dezakete. Izan ere, askotan esan izan diegu euskaraz egin behar dutela, eta haurrek aspaldi ulertu dute haurren hizkuntzak –helduen begitara– euskara izan behar duela. Eta nerabeek haurtzaroa alde batera utzi eta helduen mundura jauzi egin nahi dute.
Esku hartzean kontuan izango dugu, besteak beste, nerabezaroan taldekideek garrantzia handia hartzen dutela. Arreta jarri beren lagun-talde(et)an gertatzen ari den horretan, eta beraien heldutasunerako aldaketa honetan hizkuntzak zein paper jokatzen duen argitu.
Gaiari buruz hitz egin dezakegu, heldutik heldura, komunikazioaren kalitatea zainduz, hitza kentzeko arriskua dugu-eta. Galderekin bidea erraztu diezaiekegu, ideiak argitzen lagundu, arrazonamendura iristen lagundu. Beren portaera ulertzen saiatzen garela eta enpatikoaz entzuten ditugula transmititu ahal diegu; zergatik egiten duten erdaraz, zertarako, aldaketa noiz eman den, beren bizitzako zein esparru aldatuko den aurreikusi, ondorioak, eustean zer sorrarazten dien galdetu... Gogoetak lagun diezaieke oharkabean egindako aldaketez jabetzen eta zein hiztun izan nahi duten erabakitzen. Azaldu diezaiekegu zertan laguntzen digun eta zer den guretzako euskaldun izatea.
Etxean, ordea, guk erabaki dezakegu, familiarteko eremuko arauekin batera landu hizkuntzarena. Hizkuntzen kudeaketaz hitz egin dezakegu, zer noiz erabili (kalekoa eta etxekoa desberdindu). Guk hizkuntzen kudeaketa nola egiten dugun eta zer sentiarazten digun partekatu dezakegu. Kudeatzeko eredu bat erakuts diezaiekegu. Adin horretan idealistagoak dira, eta justizia sozialerako sentsibleagoak; hizkuntza portaera ekologistak izatera gonbida ditzakegu.
Eta nola ez, etxeko eta etxekoen arteko hizkuntza aldaketak zer sentiarazten dizuen konpartitzeak elkarrizketa gozatu dezake. Errietarik gabe, sortzen digun sentimendu eta pentsamenduak konpartitu: kezka azaldu, zer behar dugun esan eta eskaera zuzena egin. Etxeko beste arauak kudeatzen ditugun modu berean tratatu beharko hau ere.
Laster arte
hitzartzen 2019-07-03