Galdetu kontsultorioan
Eider
Lan eremua
Galdera
Laneko bilera batean gertatu zait. Ulermena badagoenez, euskaraz hasi naiz. Baina eztabaidan hasitakoan, kide bat gaztelaniaz hasi da. Nik, gidari gisa, nola gonbidatu euskarara pasa dadin, deserosotasunik sortu gabe?
Eider
(Idiazabal)
2019-06-19
Kaixo Eider:
Hizkuntza ohiturak errotzea asko kostatzen dela badakigu. Are, ez da etxe-aurrea puska baterako margotze hutsa. Hizkuntza ohiturena gauza konplexua da, eta une oro gerta daiteke oreka apurtzera datorren interferentziaren bat: pertsona berri bat etorri dela taldera, gai jakin bat atera da eta horri buruz aritzeko hizkuntzaz aldatu dutela... Zuk deskribatu diguzun egoeran ideia hauek dira zaintzekoak: laneko bileran gidaria zara, ulermena badago eta kide bat gaztelaniaz hasi da. Gidaria bazara eta ulermena baldin badago, jada ondo egin duzun moduan, zeuk euskarari eutsi eta ez deserosotasunik sentitu horregatik, komunikazioa bermatuta baitago. Gaztelaniaz hasi den kide horri dagokionez, nola jokatu? Nola erakarri berriro euskarara? Hasteko, ez dakigu zergatik jotzen duen gaztelaniara: ohituragatik edo ezintasunagatik. Horrelakoetan, maiz ez dago ezer berezirik egin beharrik: gaztelaniaz ari denari utzi amaitzen, eta segidan zeuk hartu hitza euskaraz eta hori aski izan daiteke beste guztiak berriro euskarari lotzeko. Gauza bera behin eta berriz gertatzen bada bilera euskaraz egiteko irizpidea mahai gainera atera eta berriro denen adostasuna eskuratzeko balia dezakezu aukera hau. Bileran parte hartzen duten beste lankide euskaldunekin aurrez hitz egin eta aurreikusi dezakezue hizkuntza aldaketa datorrenean beste horietako edozeinek solasa euskarara ekar dezakeela. Hartara ez zara beti zeu izango eginkizun horretan. Izan ere, beti zu bazara horretaz kezkatzen dena, beste lankide euskaldunak ere ohitzen ari zara zeuk aldatu arte zain egoten eta, tarte horretan eurak ere gaztelaniaz has daitezke. Amaitzeko, zer ez genukeen egingo garbi daukagu (gaztelaniara jotzeko arrazoia zein den jakin gabe): bilera erdian ez genioke etengo eta euskaraz egiteko eskatuko. Segi saiatzen eta kontatuko diguzu nola doakizun...
hitzartzen 2019-06-19