Lanean, bazkaltzeko kuadrilatxo bat elkartzen gara. Gutako batek ez du euskararik ulertzen eta ondorioz, elkarrizketa guztiak gazteleraz izaten dira.
Euskaraldiaren bueltan, zalantza sortu zait nola kudeatu egoera hau.
Eskerrik asko
Kaixo, Xabi:
Ezkutuan dauden horrelako egoerak azaleratzen lagunduko du Euskaraldiak. Zenbatetan gertatzen zaizigu antzerakoak eta isilpean pasatzen uzten ditugu, ezer esan gabe, baina gure barnean sentipen gaziekin? Bada, Xabi, Euskaraldiak aukera ezin hobea emango dizu gaia mahai gainean jartzeko eta mahaiaren bueltan zaudeten guztion artean (euskararik ulertzen ez duen lagun horrekin ere) Euskaraldiko tarte horretan nola joka dezakezuen adosteko. Alde bateti, euskara ulertzen ez duen horri azaldu diezaiokezue Euskaraldia zer den, zer nolako konpromisoak hartzen diren eta horrek balkatzeko tarte horretan zer nolako eraginak izango dituen. Horrela, denon artean hortik aurrerako jokaera arau berriak adostu ditzakezue. Ulermen gaitasunik ez badu, berari zuzentzerakoan gaztelaniaz egin ahalko duzue beste aukerarik ez badago, baina beste guztion artean nola egingo duzue? Bazkaltzeko elkartzen zareten kuadrillatxo horren hizkuntza ohituretan eragiteko aukera duzue; orain elkarrizketa guztiak gaztelniaz badira, aldaketarako aukera asko dituzue zabalik, helburuak progresiboak izan daitezke, pauso txikiak adosteko aukera zabaldu dezakezue. Gogoratu edozein aurrerapen txiki ere aurrerapen dela eta etorkizunerako abiapuntu berria izan daitezke. Zuen esku dago. Animo bada!