Galdetu kontsultorioan
Joana
Familia
Galdera
Kaixo, lagunok:
Nire ahizpa kezkatuta dago, bere 16 urteko semeak gazteleraz hitz egiteko jario bizirik ez duelako. Euskara eta ingelesa primeran hitz egiten ditu. Gaztelera ere dena ulertzen du eta hitz egiteko gai ere bada, nahiz eta hanka sartzeren bat edo beste egin hitz egiterakoan. Hausnarketa edo gomendiorik partekatzeko?
ANIMO!
Joana
(Azkoitia)
2018-11-28
Kaixo, Joana:
Normala da gure seme-alaben hizkuntza ezagutzak kezka sortzea. Kontuan hartu behar dugu pertsona batek dakizkien hizkuntza guztiak ez dituela modu berean menperatuko. Beti egongo da baten bat erosoago egiten zaiona, hainbat arrazoirengatik: bere lehen hizkuntza delako, bere bizitzan gehien erabiltzen duena delako eta abar. Hortaz, ez gaitu harritu behar 16 urterekin (eta baita helduagotan ere) hizkuntza batean erosoago aritzea, jario biziagoa izatea hizkuntza horretan besteetan baino. Era berean, hizkuntzen jabetzeak erabilerarekin lotura zuzena du. Beraz, zure ahizparen semeari dagokionez, gerta daiteke orain gaztelaniaz jario bizirik ez izatea, bere testuinguruan batez ere euskara erabiltzen duelako, baina beharra sortzen bazaio, bizitzak gaztelania gehiago erabili behar duen testuinguru batera eramaten badu, ziur gaude ikasiko duela, beharra motibazio iturri handia delako eta berak hizkuntza bere baitan duelako, ez da hutsetik hasiko hizkuntza hori menderatzen. Garrantzitsua da kontuan hartzea 16 urterekin ez dela hizkuntzen jabekuntza amaitzen, bizitza osora zabaltzen dela eta gure beharren araberakoa ere badela. Gaztelania hobetzeko erraztasun handiak dauzkagu, gaztelaniaren presentzia soziala oso handia baita.
Joana, zure ahizparekin hausnarketa honen inguruko zerbait gehiago nahi baduzu, irakurgai hau gomendatzen dizugu: David Anaut-en Argiak eta itzalak euskararen lurraldean euskararen etxean, gazi-gozo (8. Atalean jorratzen da gai hau). Bertan Leitzako kasua aztertzen bada ere, artikuluan esaten den bezala, zure ahizparen kezka arnasgune diren hainbat herritako gurasoen artean agertu izan baita. Hausnarketarako baliagarria izango zaizuelakoan gaude.
hitzartzen 2018-11-28