Galdetu kontsultorioan

Itxaso
Aisialdia

Galdera

Inguruko herri batzuetan (Mundaka, Bakio…) gertatu izan den eta gertatzen den fenomeno batek zer pentsa eman digu: udatiarren efektua. Urtero udan datozen udatiarrek herriotan euren lagun talde propioa dute. Herrikoak diren lagunek beraien artean euskaraz egin arren, udatiarren gaztelaniazko joerak gaztelaniaz jardutera daroaz, bai eta udatiarrak joandakoan ere. Zer egin udatiarren efektuaren ondorio hori neutralizatzeko?

Erantzuna

Gero eta hedatuagoa ikusten den joera bat jarri diguzu begi aurrean denoi, Itxaso. Are gehiago, Euskal Herriko hainbat lekutan turismoa hartzen ari den indarra ikusita. Hainbat eragilek euren kezka plazaratu izan dute turismo mota horren aurrean eta horietako bat hizkuntzarena ere bada. Oraintsu jarri du gaia UEMAk mahai gainean. (Hemen irakurgaia) Begibistakoa da halako jende oldearen etorrerak berebiziko eragina daukala tokiko hizkuntza erabileran, eguneroko bizitzan. Ur sakonak dira horiek erantzun borobil bat emateko bat-batean. Hala ere, gogoeta proposatu diguzunez, ideia batzuk azpimarratzen saiatuko gara, lagun taldean gabiltzanerako beti ere:  
  • Udatiarren jatorriak badu garrantzia. Ez da gauza bera Bakiora udan datorren bilbotarra izan eta burgostarra edo bearnesa izan. Lehenengoa lagun taldera badator euskaraz zenbateraino den gai, zenbat ulertzen duen azter dezakegu eta horren arabera portaera moldatu. Bistan da beste biekin, Burgoskoarekin eta Biarnokoarekin, haseratik edukiko dugula hizkuntza eragozpena. Beraz, lehenengokoekin ahalik eta gehien euskarari eusten saiatzea litzateke irizpidea; eta, besteekin, gaztelaniaz jardun baina euskara gure osagai ezinbestekoa dela sentiaraziz.
  • Lagun arteko planak egiten baditugu euskarak presentzia naturala duen planak ere egin, beti ez bada ere tarteka: antzerkia, bertso saioa, musika jaialdia, kantu-jira...
  • Giro erlaxatuan gaudenean euskara suspertu dadin egiten diren ekimenen berri eman udatiarrei, solasaldi lasaiak zabaldu gaiaren inguruan... Hein batean, euskaraz ERE bizi garelako harro gaudela ikus dezaten. Gerta daiteke udatiar horien seme-alabak bertakoekin jolasean ari direlarik euskara bereganatzen joatea. Horren aurrean, garrantzitsua da haurrek ikustea helduek ere badutela hizkuntzarekiko sentiberatsuna. Zer egiten dute, bada, gure haurrek beste lurraldeetara goazenean?
  • Azkenik, udatiarrak beraien sorlekura itzultzen direnean zuei, bertakoei, geratuko zaizue zertaz hitz egin... Hau da, lagun artean hizkuntza ohituren gaia atera, udako balorazioa egin, bakoitzak zer sentitu duen lasai azaldu eta, aurrera begira, beste hilabeteetan nola moldatuko zareten zehaztu dezakezue.
Horra burura etorritako ideia batzuk jakinik oin punta besterik ez dugula sartu ur sakon horietan. Hala ere, hasteko, baliogarri izango zaizulakoan, jakin-minez geratzen gara datorren udan zure lagun taldean nola moldatuko zareten ikusteko. Zuen esperientzia partekatuko duzuelakoan azken ideia bat azpimarratu nahi dugu: gai honetan dena ez dago gure gain; ardura partekatua da. Maialen Lujanbiok ezin hobeto azaldu zuen aurtengo Korrika amaieran: "Egin eragiteko. Eragin eginarazteko. Norbanakoak egin. Herri mugimenduek eragin. Erakundeek eginarazi."
hitzartzen hitzartzen 2019-05-02

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Buy now