Gure haurren eskolako gurasoen watsapp taldean guraso baten eskaera da mezuak gaztelaniaz behintzat idaztea, bestela guztiek ez dutelako ulertuko. Nola kudeatu hori?
Iraia
(Arrasate)
2018-07-17
Ongi etorri Iraia!
Gurasoen arteko whatsapp talde hauek oso egokiak dira gaur egun talde handietan hizkuntzak nola erabili esperimentatzeko. Oraingo honetan ere ez dugu erantzun borobil eta bakar bat, inondik inora ere. Hasteko, gurasoen arteko talde horien izaera zehaztu behar da:
A) Eskolako ohar orokorrak eta deialdiak zabaltzeko izan daiteke eta ikastetxeko tutoreak gidatzen duena. Hauetan tutoreak oharrak euskara hutsean idatz ditzake eta gurasoen artean, ulertzen ez duenik baldin badago, hark bere haurren edo beste gurasoren baten laguntzaz jaso dezake informazioa. Hortik aurrera, gurasoen artean, nahi duenak nahi duen hizkuntzan idaztea proposatuko nuke. Inork inori zein hizkuntza erabili agindu gabe.
B) Gurasoen arteko talde librea bada, berriz, nik guraso horri aholkatuko nioke proposatzeko taldean partaide bakoitzak nahi duen hizkuntza erabili dezan eta, horrekin batera, euskaraz ulertzeko zailatsunak dituenari proposatuko nioke galdetzeko seme-alabei (oso txikiak ez badira) edo konfiantzazko beste guraso bati eta gero, berak erantzun behar badu, nahi duen hizkuntza erabiltzeko.