Galdetu kontsultorioan

Eider
Familia

Galdera

Familiako bazkarian senide batzuk gaztelaniaz gustura hizketan, airoso. Familia osoa euskalduna eta “euskaltzalea”, bai behintzat seme-alaben hezkuntzarako. Nik, ixilune labur bat aprobetxatuz, zera komentatu nuen: “ez nekien zuen artean gaztelaniaz horrenbeste hitz egiten zenutenik”. Eta erantzuna: “guk gaztelaniaz? euskaraz egiten dugu-eta!” . Alegia, konturatu ere ez dira egiten gaztelaniaz ari direnik. Zer egin dezaket?

Erantzuna

Kaixo, Eider: Asko dira ohartu gabe euskaratik gaztelaniara aldatzen diren euskaldunak. Harrigarria bada ere, ez dira kontziente hizkuntza aldaketa horretaz. Zuk adierazi bezala, horren berri ematen zaienean ere euskaraz ari direla erantzuten dizute! Ez gara horretan euskaldunok bakarrak munduan, beste hizkuntza batzuekin ere gertatzen den gauza da. Kode-alternantzia esaten diote adituek. Hizkuntzen arteko ukipenaren fenomenoetako bat da. Gaztelaniak eragin nabarmena du gure egunerokoan eta horrek gure hizketa modua baldintzatzen du. Hori ulergarria da, hizkuntza indartsuarekin kontaktuan baitago euskara. Historiari erreparatuta, askotan izan ditu euskarak beste hizkuntza batzuk bizikide eta hainbat mailegu hartu dituela konturatuko gara. Hein handi batean, horiek aurrera egiten lagundu dute eta hizkuntzaren biziraupena ziurtatzen. Horrekin ez dugu esan nahi ezer egin behar ez denik edota ezin daitekeenik ezer egin. Guri dagokigu kode-alternantzia horren inguruan hausnartzea eta horri men ez egitea, horrela erabakitzen badugu behintzat. Zuk aipatutako kasuan, Eider, zer egin dezakezu? Gaia mahai gainean jartzea horren inguruko hausnarketa egiteko balio dezake. Pertsona horiek ez badira ohartzen kode-alternantzia horretaz, lehenik eta behin galdetu diezaiekezu ea nahi duten kode-alternantzia horretaz kontziente izan. Horretarako ariketatxo bat proposatu diezaiekezu, elkarrizketa ematen den bitartean, norbaitek hizkuntza noiz aldatzen den behatu dezala, zenbat aldiz aldatzen den, zer esateko aldatzen den... Kode-alternantzia horretaz kontzientzia hartu nahi duten artean errotazioa egin behaketa lanetan. Horrek guztiak pertsona horiek kode-alternantziaren kontzientzia hartzeko balioko die eta bide batez, hausnartzeko ea mantendu nahi duten ala ez. Beti euskaraz mantentzea lehenesten badute, kontzientzia hartzea izango da lehenengo pausoa eta ondoren ohitura hori aldatzea egiten den bakoitzean. Denbora beharko dute, agian kanpotik norbaiten laguntza mesedegarri izango zaie (betiere eskatzen badute). Baina, gure ustez une honetan kontzientzia hartzeko fasean daude eta horretan lagundu diezaiekegu, ondoren hausnarketa eta erabakiak hartzeko fasera pasatzeko.
hitzartzen hitzartzen 2018-10-30

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Buy now