Galdetu kontsultorioan

Kristina
Hezkuntza

Galdera

Eskolako guraso bilerak izan ditugu duela gutxi. Irakasleak aurkezpena euskaraz eta gaztelaniaz (dena!) egin du, 1,5 orduko bilera, luzeeee…. Hartzaileak denak euskaldunak, batekin zalantza “ulertzen du?”. Nire pentsamendua: “ni naiz honetaz konturatu naizen bakarra? Zerbait esango dut? besteek pentsatuko dute “badator hau berriro euskara kontuekin”.
Etxera “nekatuta” bueltatu naiz. nire asmoa irakaslearekin banakako bilera eskatzea… edo?

Erantzuna

Lasaitu, Kristina! Urtero gai honekin jira eta buelta gabiltza iraila heldu eta ikasturte hasierako guraso bilera orokorrak antolatzen direnean. Eta egia da gaiak nekea sortzen duela. Nola arindu neke hori? Gai konplexua da guraso bilerena eta, beraz, ezin da erantzun bakar eta borobil bat eman. Hainbat ideia azalduko ditugu hurrengo bilerarako baliogarri izan daitezkeelakoan. Hasteko, komeni da ikastetxeak hizkuntza irizpideak finkatuta edukitzea eta horietaz eskola komunitate osoa jabe egitea. Bigarrenik, irakasleak edo bilera gidatu behar dutenek bilera hasieran azaldu behar dute hizkuntza bakoitzak izango duen lekua. Are gomendagarriagoa izan daiteke, aurrez, etorriko den guraso taldearen azterketa egitea eta hortik, taldearen hizkuntza gaitasuna aurreikusita, bileran egingo dugun hizkuntzen kudeaketa presta dezakegu. Zure kasuan, ondo ulertu badut, hartzaile gehienok euskaldunak zineten eta pertsona baten inguruan zalantza sortu zitzaizun... Lehen aipatutako aurrelan hori eginda balego, konponduta legoke. Ulermena ziurtatuta badago, euskaraz egin zitekeen bilera lasai asko eta, ez badago ziurtatuta, ondo pentsatu beharko genuke nola moldatuko genukeen bilera. Bigarren egoera horretan neu ez naiz gai guztiak euskaraz eta gaztelaniaz berdin-berdin lantzearen aldekoa. Ulermena ziurtatzen ez dutenek pantailan irakurriz jaso dezakete informazioa, besteek ahoz euskaraz jasotzen ari diren bitartean. Era berean, bilera osoa euskaraz egin daiteke ulertzen ez dutenen ondoan guraso (edo irakasle) batzuk belarrira xuxurla eginez informazio nagusia ematen dietela. Bilera bi hizkuntzetan egin daiteke: ahoz euskaraz egiten hasi bagara, horman idatziz gaztelaniaz informazioa eskainiz, eta hurrengo puntuan alderantziz. Ikusten duzunez, gaia korapilatsua da baina aholku hauek baliogarri izan dakizkizuke hurrengo baterako eta, hori guztia, irakaslearekin partekatuz gero ordun eta hobe!  
hitzartzen hitzartzen 2018-09-19

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Buy now