Galdetu kontsultorioan

Xabier Apaolaza Etxeberria
Hezkuntza

Galdera

Behin gertatu zitzaidan Unibertsitatean: bi talde geunden elkarrekin ikastaro batean eta batzuk ez zuten euskara ulertzen. Berrogeita hamar lagunetik hamar bat izango ziren ulertzen ez zutenak, eta ikastaroa gaztelania hutsez zen; lehen egunean galdera bat egiteko hitza euskaraz hartu nuen, eta berehala moztu ninduen batek esanez ez zuela ulertzen; nik esan nion, ondoren galdera gaztelaniaz ere egingo nuela, eta berak erantzun ea ez zergatik ez nuen denontzako hizkuntza “komun” batean egiten. Irakasleak parte hartu eta bideratu zuen gaia, baina nik ez nuen jakin momentu horretan zer erantzun. Nola jokatu behar da “hizkuntza komunaren” gaia ateratzen dutenean? Mila esker.

Erantzuna

Kaixo, Xabier: Gure ustez, egoera horretan eztabaidan sartzeak ez dizu merezi. Gizartean nagusitzen diren argudioak hizkuntza hegemonikoaren alde egiten dute gehienetan; horietako asko oinarririk gabeak izan ohi badira ere, aurreiritzietan indar hartutakoak. Horregatik, zure solaskideak erraz aurkituko ditu bere posizioa defendatzeko argudioak. Zuri, aldiz, zaila izango zaizu argudio eraginkorrak aurkitzea. Kasu hauetan gure buruari galdetu beharko genioke ea benetan nahi dugun eztabaida horretan sartzea eta zer daukagun irabazteko ala galtzeko. Eztabaidak izan dezakeen kostu emozionala aurreikustea eta sahiestea, hain zuzen ere. Azken batean, zer espero dugu lortzea? Bestea konbentzitzea esaldi apur batzuekin? Aukera gutxi daude hori gertatzeko. Gure proposamena izango litzateke, ikas-talde guztiarekin adostea hizkuntza trataera nolakoa izan daitekeen. Proposatu daiteke, adibidez, euskaldunek interbentzioak euskaraz egitea eta amaieran irakasleak galdera eta erantzunaren laburpena egitea gaztelaniaz. Ikas-taldean izan ditzakezuen babesak neurtuta eta irakaslearen konplizitatea lagun, errazagoa izan daiteke guztion artean adostea nola jokatuko duzuen. Gure ustez, erraz lortu daiteke denon artean adostea proposatzen dugun edo antzerako irtenbideren bat. Era horretan, ikasgelan hizkuntzen kudeaketa adostua egitea posible dela ikusaraziko dugu. Hizkuntza komunaren argudioaren alde agertu den ikaskide horri ekintzez erakutsiz gauzak egiteko modu desberdinak posible direla. Gainera taldearen adostasunean eta elkarbizitzan oinarrituta. Ekinbide horrek hitzezko argudioek baino indar handiagoa du eta ikas-taldeko kideen artean pertsamendu berria eraikitzeko balioko du, hizkuntza komunaren argudioa deseraikiz. Xabier, hizkuntza komunaren gaian sakondu nahiko bazenu, erabilgarriak izan daitezke Juan Carlos Moreno hizkuntzalari espainarraren lanak: El nacionalismo lingüístico Elkarrizketa: “Kolonialismo mentala, hiztunei beren hizkuntzak ezertarako balio ez duela sinestaraztea da” Juan Carlos Morenoren hitzaldia
hitzartzen hitzartzen 2018-07-23

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Buy now