Galdetu kontsultorioan

Ainhoa
Familia

Galdera

12 urteko alaba bere lagunekin elkartu eta erdara hutsean aritzen da. Etxean ere gaztelaniarako joera izugarri handitu zaio. Gaztelaniaz ari denean badakigu ezin garela polizia moduan ibili baina 12 urtetik aurrerako nerabe/gaztetxoekin nola jokatu?

Erantzuna

Kaixo: Zure alabarekin oso solasaldi interesgarriak izateko aukera paregabea sortu zaizu ustekabean, Ainhoa! Gai sakona da mahai gainean jartzen ari zarena: gure nerabeen eta gazteen hizkuntza ohiturena. Hasteko, etxean arnas luzeko bidea duzuela esango genuke. Beraz, indarrak ondo neurtu eta ez uste lortuko duzunik lehen solasaldian, di-da!, zure alabari euskaraz egin behar duela buruan sartzerik. Agian, “zuk zer sentitzen duzu gaztelaniaz ari zarenean? Gustura gelditzen zara?” horrelakoekin zabaldu dezakegu bidea. Eta lehen unetik galderari geuk erantzuten hasi beharrean, bera pentsatzen jartzea izan behar du helburua. Hau bere heziketa prozesuaren atal garrantzitsu modura har dezakegu etxean eta denok parte hartu gai honen lanketan baina, hori bai!, solasaldi/eztabaida giro pausatua komeni da; ez elkarri entzuten ez diogun kalapita antzu horietako giroa. Hori horrela, kontzientzia lantzen lagundu diezaiokegu, autonomia eta ardura izaten. Ideien mundura iristen lagundu eta arrazonatzen trebatu. Denok ikasiko dugu, berak adina geuk. Galderak egin ahal dizkiogu egoerak eta ideiak argitzeko, euskara aukera izan daitekeela erakutsi. Adin horretan bere iritzia eraikitzen lagundu ahal diogu eta, eztabaidatzeko beharra baldin badu, behar horri ere erantzungo diogu. “zuri ere ondo iruditzen zaizu gaztelaniaz aritzea?” “zuk ere nahiago duzu?” “zergatik uste duzu aldatu duzuela hizkuntza?” “nahita egin duzue edo eskapatu egiten zaizue?” “zergatik uste duzu gertatzen dela hori?” “zer ekarri ahal dizue euskarak?” ”zer gaztelaniak?” Saiatu ekologiarekin lotzen, ekologista izatearekin, feminista izatearekin, euskaldun aktibista izatearekin. Egiten duenaz kontziente izan dadila. Une egokia izan daiteke, aldi berean, geure hizkuntza aukerak nola egin genituen partekatzeko. Bere garaian zuretzat garrantzia zerk zuen aitortu eta zein arrazoirengatik zuen etxean euskaraz bizitzeko hautua egin zenuten adierazi. Horretaz gain, berebiziko garrantzia dauka etxeko helduok eredua ematea: euskaraz bizi etxean ahal den kide gehienekin. Esan bezala, arnas luzeko egitasmoa duzuela esango genuke eta geure burua janzteko ere baliatu beharko genuke aukera hau. Horregatik, blog honetan bertan, hemen irakur dezakezun artikulu honek ere lagundu diezazuke bidean argi egiten. Animo eta izan konfiantza alabarengan. Zeuk argi adierazten badiozu zure nahia eta eredu ematen baduzu, denbora kontua da, baina ikusiko duzu nola hasten den bera bere bidean aukera egokiak egiten.
hitzartzen hitzartzen 2019-03-25

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Buy now