Galdetu kontsultorioan

Merkataritza

Galdera

Ima
Merkataritza

Galdera

Mutrikuko jatetxe batera joan naiz jatordua egitera. Karta gaztelaniaz jaso dut, eta nik euskarazko karta eskatu. Aho-gustu txarrarekin eta minduta atera naiz. Zer egin nezakeen?
-Zerbitzariaren erantzuna hauxe izan zen: “Bai, eduki genuen karta euskaraz, baina euskara batuan jarri genuen eta jendeak ez zuen ulertzen eta galdezka ibili behar izaten ziren, eta deserosoa zen…, zer da ‘azpizuna’? zer da ‘mugurdia’…? Azkenerako, kendu egin genuen, eta orain arazorik ez”.
Mutu geratu nintzen.

Erantzuna

Ez da erosoa, ez, Ima, une atsegin bat pasatzeko asmoz otordu bat egitera joan eta horrelakoekin topo egitea: aldartea aldatzen digute sarri, gainera. Baina, gauza pare bat azkar esango genizkizuke bat-batean: mutu? Ez dugu uste bidea denik mutu geratzearena. Gure lana, euskal hiztunona, hizkuntza mailako diskriminazioa bistaraztea da, eta horretan nekaezin jokatu behar dugu. Bigarren lana pentsatzen jartzea da. Bai, mutu geratu gabe zer erantzun pentsatu, moduak zainduz (asertiboki), baina pasarazi digu(te)n diskriminazioa ikusaraziz. Baliogarri izan daitezkeen argudioak honako hauek izan daitezke: aldaketen aurrean denok behar dugu onartze fasea igaro eta euskarazko menuekin ere fase hori igaro beharko da. Jatetxeetan sarri gertatzen da plater bat euskaraz irakurri edo gazteleraz irakurri, bietan ez ulertzea, platerak berak bere konplexutasuna duelako. Kasu horietan zerbitzariak ohituta daude plateren azalpenak ematera eskatzen zaien aldiro. Bada, euskarazkoa ulertzen ez denean berdin joka daiteke: zerbitzariak bezeroak behar dituen azalpenak emanez eta, agian, “azpizuna” zer den galdetzen duenean erdal terminoarekin lagundu hasieran “azpizuna solomilloa da” esanez. Ulermena ziurta daiteke era horretan eta, epe ertainera, “azpizuna” ulertzera heldu egingo da bezeroa. Hari honi tiraka, lagungarri izan daitekeela ikusiz gero, beste irtenbide bat karta bi hizkuntzatan jartzea izan daiteke. Hartara, bezeroak berak hartuko du ardura begiratzeko zer den azpizuna, adibidez. Karta alde batean euskaraz eta bestean gaztelaniaz egon daiteke, orrialde berean ele bitan... “(…) eta orain arazorik ez” erremateak kezkatzen gaitu gehien. Hemen uste dugu pribilegioen kontzeptua sar dezakegula euskaldunok: “zergatik erdaldunek euskaldunok baino pribilegio gehiago behar dituzte zure jatetxean?” moduko galderak eginez. Erantzunaren arabera erabaki dezakezu jatetxe horretan jarraitu edo hobeto hartuko zaituzten beste batera joan. Hor uste dugu zerbitzaria bera dela euskararekin arazoak dituena eta hala bada “zer gertatzen zaizu euskararekin?” galde diezaiokegu laguntzeko prest gaudela erakutsi nahi badiogu. Elkarrizketa interesgarri bat zabal dezakezu. Egoerak ez badu horretarako biderik uzten… aurreko irtenbideari helduko genioke eta beste jatetxe batera joango ginateke.
hitzartzen hitzartzen 2019-03-07
Ihabar
Merkataritza

Galdera

Gure tabernan menua edo karta euskara hutsean dago. Bezero batek, ez tono onean: “esto no entiendo, traeme el de castellano”. Nik: “no hay”. Berak: “¿Cómo que no hay? ¿Por qué? ¿Cómo puede ser que no tengáis la carta en castellano?”

Erantzuna

Kaixo, Ihabar: Egoera horretarako gure  gomendioa eztabaidan ez sartzea da, baizik eta konponbideak aurkeztea bezeroari. Bezeroak egiten duen galderak (nola da posible menua gaztelaniaz ez edukitze?) zabaldu dezakeen eztabaidarako argudioak aurkitzea ez zaizu erraza izango, eta bururatuko zaizkizun batzuk bezeroa asetuko ez dutela sumatu dezakegu. Beraz, galdera zuzenari erantzutea baino, konponbidea ematea da gure gomendioa, adibidez menuan jartzen duena gaztelaiaz esango diozula adieraziz: “Lasai nik esango dizut zer daukagun jateko” irribarre batekin esan eta menuan duzuena azaldu. Betiere irribar batekin eta gorputz jarrera atseginarekin. Errazagoa izango da horrela egoera gainditzea, eztabaidan sartzea baino.  
hitzartzen hitzartzen 2018-09-25
Joseba
Merkataritza

Galdera

Astean behin/bitan joaten gara lankideak kafetegi batera. Zerbitzariak erdaldunak dira baina ikasi dituzte “hutsa”, “ebakia” eta “kafesnea” adibidez.
Bada beste zerbitzari bat noizean behin zerbitzatzen aritzen dena. Hark aste honetan “a mí en castellano” esan digu, tonu atseginean egia esan, eta agian horregatik ez dugu jakin zer egin eta gaztelaniaz eskatu dugu

Erantzuna

Kaixo Joseba: Nik euskaraz eskatuko nioke hurrengo egunean ere, eskaera egin duela ahaztuta. Hark berriro ere, modu atseginean, gaztelaniaz egiteko eskatzen badigu, modu atseginari eutsiz "zuk ulertzen didazu, ezta?" galdetuko nioke, hurrengorako zalantzak uxatzeko. Hark baietz edo isilik geratzen bada "bi ebaki, kortado [nahi baduzu, eta ulertzen ari zaizula ziurtatzeko], eta kafesne bat, bat con leche" eutsiko nioke nire hizkuntzari. Nire galderari ezezko zuzenarekin erantzuten badu zerbitzariak honako hau esan diezaiokegu (une honetan gaztelaniara aldatuko nuke):
"Ez dut ulertuko ez duzun elkarrizketa bat gaztelaniaz hasteko asmorik, baina gure kafeak euskaraz eskatzeko ohitura dugu eta ohitura mantendu nahi genuke. Ondo? Ea hutsa solo, ebakia cortado eta kafesnea café con leche."
hitzartzen hitzartzen 2018-06-27
Buy now