Galdetu kontsultorioan

Lan eremua

Galdera

Josune
Administrazioa

Galdera

Euskaldunak euskaraz gehiago egiteko ekimenak martxan jartzerakoan, edo kasu batzuetan erabilera hori aktibatzeko, elkarrizketak eta solasak egiten dira hasieran. Horietako 2 kasutan tokatu zait entzutea: “zergatik egin behar dugu euskaraz?” euskaldun baten ahotik hori entzutean… zer erantzun?

Erantzuna

Kaixo, Josune:   Erraza bezain zaila erantzuteko. Esango nuke galdera hori entzutean gu aseko gaituen eta bestea konbentzituko duen erantzun baten bila ibiltzen garela, eta aproposago ikusten dut testuinguruen arabera erantzutea. Araututako espazio batean garbia izan daiteke araua betetzeko eskatzea. Arautu gabeko espazioetan, ordea, aurrean dugunari –espazio horretan duen rolaren baitan–, daukan hizkuntza portaerak eragin dezakeen ondorioa erakuts diezaiokegu, ondorioen zama osoa bere bizkar utzi gabe, noski. Birziklatzearen onurez irakurtzen dugun bezala, birziklatzeko zabor berezituek laguntzen diguten bezala eta gure taldekideek birziklatzen dutela ikusten dugunean bezala. Araua, jarrera eta portaera, gurea eta besteena, lagungarri izan daitezke kultura-ohitura aldaketarako bidean. Arautu gabeko lekuan, espazioa okupatzen dutenen hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditugunean, -espazio horren erabiltzaileek horren gaineko kezkarik ez badute ere- gure gogoeta, egiten dugun hizkuntza kudeaketa zergatik, nola eta zertarako egiten dugun azaldu diezaiokegu. Eta berari bere iritzia eskatu eta jaso, inoiz horrelako gogoetarik egin duen galdetu. Hizkuntza gutxituak behar dituen babes eta laguntza neurriak aurrera eraman ahal izateak (hiztunon portaerak eraginda, besteak beste) nola landuko zukeen galdetuko nioke. Bere iritzia –zabalduta egon daitekeena– dutenen aldaketa inoiz emango den galdetu. Ematekotan nola emango den, zerk bultzatuko dituen... Josune, ni ez nintzateke galdera zuzenean erantzuten saiatuko. Gogorik ez badu, ia seguru, esaten diogunak ez dio balioko eta defentsiban jarri edo isildu daiteke. Arrazoi fundamentuzko bat benetan eskatzen ari bada, justizia sozialaz eta hizkuntzen ekologiaz hitz egingo nioke; fokua gutxitua dagoen hizkuntza eta hiztunei laguntzean jarriko nuke eta horretarako behar den, antolaketa, kudeaketa eta egitasmoez hitz egin. Eta hori ere entzuteko momentua ez dela sumatuz gero, nik esateko daukana entzuten saiatuko nintzateke, beraganako interesa erakutsiko nioke, berari gure egitasmoek zer sortzen dioten jakiten saiatuko nintzateke. Hurrengo elkarrizketarako ate berri bat irekitzen lagun diezazuke.
hitzartzen hitzartzen 2019-07-23
Eider
Lan eremua

Galdera

Laneko bilera batean gertatu zait. Ulermena badagoenez, euskaraz hasi naiz. Baina eztabaidan hasitakoan, kide bat gaztelaniaz hasi da. Nik, gidari gisa, nola gonbidatu euskarara pasa dadin, deserosotasunik sortu gabe?

Erantzuna

Kaixo Eider: Hizkuntza ohiturak errotzea asko kostatzen dela badakigu. Are, ez da etxe-aurrea puska baterako margotze hutsa. Hizkuntza ohiturena gauza konplexua da, eta une oro gerta daiteke oreka apurtzera datorren interferentziaren bat: pertsona berri bat etorri dela taldera, gai jakin bat atera da eta horri buruz aritzeko hizkuntzaz aldatu dutela... Zuk deskribatu diguzun egoeran ideia hauek dira zaintzekoak: laneko bileran gidaria zara, ulermena badago eta kide bat gaztelaniaz hasi da. Gidaria bazara eta ulermena baldin badago, jada ondo egin duzun moduan, zeuk euskarari eutsi eta ez deserosotasunik sentitu horregatik, komunikazioa bermatuta baitago. Gaztelaniaz hasi den kide horri dagokionez, nola jokatu? Nola erakarri berriro euskarara? Hasteko, ez dakigu zergatik jotzen duen gaztelaniara: ohituragatik edo ezintasunagatik. Horrelakoetan, maiz ez dago ezer berezirik egin beharrik: gaztelaniaz ari denari utzi amaitzen, eta segidan zeuk hartu hitza euskaraz eta hori aski izan daiteke beste guztiak berriro euskarari lotzeko. Gauza bera behin eta berriz gertatzen bada bilera euskaraz egiteko irizpidea mahai gainera atera eta berriro denen adostasuna eskuratzeko balia dezakezu aukera hau. Bileran parte hartzen duten beste lankide euskaldunekin aurrez hitz egin eta aurreikusi dezakezue hizkuntza aldaketa datorrenean beste horietako edozeinek solasa euskarara ekar dezakeela. Hartara ez zara beti zeu izango eginkizun horretan. Izan ere, beti zu bazara horretaz kezkatzen dena, beste lankide euskaldunak ere ohitzen ari zara zeuk aldatu arte zain egoten eta, tarte horretan eurak ere gaztelaniaz has daitezke. Amaitzeko, zer ez genukeen egingo garbi daukagu (gaztelaniara jotzeko arrazoia zein den jakin gabe): bilera erdian ez genioke etengo eta euskaraz egiteko eskatuko. Segi saiatzen eta kontatuko diguzu nola doakizun...
hitzartzen hitzartzen 2019-06-19
Andoni
Lan eremua

Galdera

Gure kooperatiban lankideen artean elkarrizketa elebidunak praktikatzeko bideak landu nahi ditugu. Baina, ez da erraza euskaldunontzat. Zelan egin? Aholku batzuk beharko genituzke.

Erantzuna

Ez da oso erraza, Andoni, hain gai konplexu bati aholku zehatz eta borobila ematea… Hala ere, begirada kontua dela esango genuke. “Nik nondik eta nola begiratzen diot euskarari nire bizitzan. Ardatz dut?” Hala bada, hona aukera batzuk: Hasteko, gutxienez, bi kasu bereiz daitezke:
  • Mintzakideak ez du arazorik edozein elkarrizketa edozein testuingurutan ulertzeko. Hona baliabide batzuk:
    • Luzamendutan ibili gabe, hasieratik argi azaldu zure aukera: “Nik euskaraz egingo dizut. Zuk jarraitu erosoen zaizun hizkuntzan.”
    • Bat-batean gaztelaniaz ari zarela ohartzen bazara, ez larritu eta ez da beranduegi! Berriro euskarara itzultzea aurrerapausoa da.
    • Mezu lasaigarria errepikatu zure buruari: “ulertzen du, beraz, ez dago arazorik”, “eutsi zure aukerari, ez da kapritxo bat, zilegizko aukera bat baizik!”, “inork inon ez du bere hizkuntza aukera justifikatzen edo zuritzen… Zoaz mamira eta, esan beharrekoa, esan zeu gustura geratzeko moduan!”.
  • Mintzakideak gehiena ulertzen du, baina egoeraren arabera, zailtasunak izan ditzake.
    • Honi ere luzamendutan ibili gabe, hasieratik argi azaldu zure aukera: “Nik euskaraz egingo dizut. Zerbait ulertzen ez badidazu, esan, eta beste modu batean azalduko dizut. Ez dut zu ulertu gabe geratzerik nahi eta.”
    • Euskalkia moldatu: euskara batutik oso urrun dauden hitzak saihestu; euskarazko eta erdarazko terminoak biak erabili elkarren ondoan; sinonimoak erabili; motelago hitz egin.
    • Mezu lasaigarriak bidali etengabe zure buruari: “bere ulermena hobetzeko bidean laguntzen ari naiz”; “mesede egiten ari naiz, hari eskua luzatzen ari natzaio bidea elkarrekin egiteko”.
Edozein kasutan, gogoratu, elkarrizketa elebidunarena ohitura kontua denez, ohitura hori aldatzeko praktikatu egin behar dugu. Horretarako: identifikatu pertsona egokia, eta praktikatu harekin, elkarrizketa elebidunari eustea lortu duzunean nola lortu duzun koaderno batean jaso, helburu lorgarriak eta gradualak ezarri errazenetik hasita, irribarre egin... Azken batean, zenbat eta gehiago praktikatu, orduan eta errazagoa egingo zaigu euskarari eustea. Helburua elkarrizketa elebidunetan ere euskaraz eroso eta lasai sentitzea lortzea da.
hitzartzen hitzartzen 2019-05-21
Maider
Lan eremua

Galdera

Tabernaria naiz eta bezeroak gaztelaniaz galdetu dit zenbat den hartu duen hori. Euskaraz erantzun diot eta gaztelaniaz esan dit gaztelaniaz esaten ez badiot, ezingo didala ordaindu. Zer erantzun beharko nioke? Ixilik geratu bainaiz…

Erantzuna

Zein zaila den behar den moduan erantzutea, Maider, bat-batean, espero ez dugula, horrelako ataka estuan aurkitzen garenean, ezta?
Zuk kontatutakoarekin ez zaigu oso argi gelditzen eszena osoa nola joan den. Hau da, hartu duena nola eskatu du? Bion artean izan al da hitz trukerik ulertzera iristen den edo ez jabetzeko adina? Zein tonu erabili du? Eta hori horrela, daukagun informazioaren arabera, aukera hauek datozkigu burura egoera gainditzeko eta geure hizkuntza baztertu gabe amaitzeko solasaldia:
  • Berriro euskaraz errepikatu astiro-astiro eta irribarre batekin.
  • Berean jarraitzen badu, diru-kutxara itzuli, ordainagiria inprimatu eta begi aurrean ipini zenbat den euskaraz esanez, eta horrela ulertzen duen galdetuz.
Hala ere, ez duela ulertu modu eta tonu egokian esan badigu ordaindu behar duena euskara eta gaztelania biak nahastuz esan diezaiokegu: "hiru/tres con veinte" edo "hiru-koma-hogei/tres-con-veinte" edota gaztelaniaz bakarrik ere bai "tres con veinte". Hori bai, solasaldia euskaraz itxiko dugu "eskerrik asko" esanez edo... Modu horretara guretzat hizkuntzak garrantzia daukala adieraziko diogu.
Aldiz, bezeroak erabili duen tonuaren arabera, izaera supremazista edo denen gainetik nagusi sentitu nahi duela ikusten badugu, hor beste irmotasun bat azaltzea komeni zaigu gure hizkuntzaren alde.
Argi dago gure herrian berezko hizkuntza (euskara) eta beste bi hizkuntzak (gaztelania eta frantsesa) ez daudela indarrez parean. Baina, horrek ez du esan nahi geure burua zapaltzen utzi behar dugunik. Are, geure hizkuntzaren aldeko jarrerari eustea, ingurukoengan ere eredugarri gerta daiteke. Testuingurua hau bada aukera bat hau izan daiteke:
  • Gaztelaniaz irmo esan diezaiokegu "nadie debería tratar de forzar a nadie a hablar un idioma, puesto que la igualdad de elegir debe garantizarse a todo el mundo, por lo que su actitud hoy no ha sido la más adecuada, en mi opinión. Ahora si quiere págueme o haga lo que quiera, ¡allá con su conciencia!" Azken hori esan eta beste bezeroengana joango nintzateke aitzakiaren batekin, hura bere lekuan utzita...
Umore giroan amaitzeko, entzuna izango duzu pasadizo hau, Maider:
  • -¿Qué le debo, camarera?
  • -Bi euro.
  • -¡En castellano, por favor!
  • -Cuatro euros.
  • -¿No había dicho dos?
 Sarri ez dago ulermenean arazoa, beste nonbait baizik. Jokaera horren atzean zer dagoen bistan jartzea komeni da eta hori ere bada gure egitekoa.
hitzartzen hitzartzen 2019-05-06
Xabi
Lan eremua

Galdera

Lanean, bazkaltzeko kuadrilatxo bat elkartzen gara. Gutako batek ez du euskararik ulertzen eta ondorioz, elkarrizketa guztiak gazteleraz izaten dira.
Euskaraldiaren bueltan, zalantza sortu zait nola kudeatu egoera hau.
Eskerrik asko

Erantzuna

Kaixo, Xabi: Ezkutuan dauden horrelako egoerak azaleratzen lagunduko du Euskaraldiak. Zenbatetan gertatzen zaizigu antzerakoak eta isilpean pasatzen uzten ditugu, ezer esan gabe, baina gure barnean sentipen gaziekin? Bada, Xabi, Euskaraldiak aukera ezin hobea emango dizu gaia mahai gainean jartzeko eta mahaiaren bueltan zaudeten guztion artean (euskararik ulertzen ez duen lagun horrekin ere) Euskaraldiko tarte horretan nola joka dezakezuen adosteko. Alde bateti, euskara ulertzen ez duen horri azaldu diezaiokezue Euskaraldia zer den, zer nolako konpromisoak hartzen diren eta horrek balkatzeko tarte horretan zer nolako eraginak izango dituen. Horrela, denon artean hortik aurrerako jokaera arau berriak adostu ditzakezue. Ulermen gaitasunik ez badu, berari zuzentzerakoan gaztelaniaz egin ahalko duzue beste aukerarik ez badago, baina beste guztion artean nola egingo duzue? Bazkaltzeko elkartzen zareten kuadrillatxo horren hizkuntza ohituretan eragiteko aukera duzue; orain elkarrizketa guztiak gaztelniaz badira, aldaketarako aukera asko dituzue zabalik, helburuak progresiboak izan daitezke, pauso txikiak adosteko aukera zabaldu dezakezue. Gogoratu edozein aurrerapen txiki ere aurrerapen dela eta etorkizunerako abiapuntu berria izan daitezke. Zuen esku dago. Animo bada!
hitzartzen hitzartzen 2018-11-15
Buy now