Galdetu kontsultorioan

Lagunartea

Galdera

Enrike
Familia

Galdera

Nire seme-alabek euren artean gaztelaniaz hitz egiten dute, etxean beti egin dugunean euskaraz. Eta guri ere sarri gaztelaniaz zuzentzen dira. Zer egin dezakegu nerabezaroan dauden pertsona hauen jarrera aldatzeko?

Erantzuna

Kaixo, Enrike: Nerabezaroa mugak identifikatzeko eta gainditzeko garaia dela kontuan izanda, eta helduen munduan bere lekua bilatu nahi dutela jakinda, hizkuntza ere horretarako tresna gisa senti dezakete. Izan ere, askotan esan izan diegu euskaraz egin behar dutela, eta haurrek aspaldi ulertu dute haurren hizkuntzak –helduen begitara– euskara izan behar duela. Eta nerabeek haurtzaroa alde batera utzi eta helduen mundura jauzi egin nahi dute. Esku hartzean kontuan izango dugu, besteak beste, nerabezaroan taldekideek garrantzia handia hartzen dutela. Arreta jarri beren lagun-talde(et)an gertatzen ari den horretan, eta beraien heldutasunerako aldaketa honetan hizkuntzak zein paper jokatzen duen argitu. Gaiari buruz hitz egin dezakegu, heldutik heldura, komunikazioaren kalitatea zainduz, hitza kentzeko arriskua dugu-eta. Galderekin bidea erraztu diezaiekegu, ideiak argitzen lagundu, arrazonamendura iristen lagundu. Beren portaera ulertzen saiatzen garela eta enpatikoaz entzuten ditugula transmititu ahal diegu; zergatik egiten duten erdaraz, zertarako, aldaketa noiz eman den, beren bizitzako zein esparru aldatuko den aurreikusi, ondorioak, eustean zer sorrarazten dien galdetu...   Gogoetak lagun diezaieke oharkabean egindako aldaketez jabetzen eta zein hiztun izan nahi duten erabakitzen. Azaldu diezaiekegu zertan laguntzen digun eta zer den guretzako euskaldun izatea. Etxean, ordea, guk erabaki dezakegu, familiarteko eremuko arauekin batera landu hizkuntzarena. Hizkuntzen kudeaketaz hitz egin dezakegu, zer noiz erabili (kalekoa eta etxekoa desberdindu). Guk hizkuntzen kudeaketa nola egiten dugun eta zer sentiarazten digun partekatu dezakegu. Kudeatzeko eredu bat erakuts diezaiekegu.  Adin horretan idealistagoak dira, eta justizia sozialerako sentsibleagoak; hizkuntza portaera ekologistak izatera gonbida ditzakegu. Eta nola ez, etxeko eta etxekoen arteko hizkuntza aldaketak zer sentiarazten dizuen konpartitzeak elkarrizketa gozatu dezake. Errietarik gabe, sortzen digun sentimendu eta pentsamenduak konpartitu: kezka azaldu, zer behar dugun esan eta eskaera zuzena egin. Etxeko beste arauak kudeatzen ditugun modu berean tratatu beharko hau ere. Laster arte
hitzartzen hitzartzen 2019-07-03
Igone
Aisialdia

Galdera

Azkoitian, halabeharrez gaztelaniaz ari nintzela, “denok ulertzeko”, batek esan zidan “Oye, tú qué mal hablas el castellano ¿no?”. Zer erantzun?

Erantzuna

Arratsalde on, Igone: Elkarrizketari eman nahi diozun norabidearen arabera, modu batera edo bestera erantzun dezakezu. Hori esan zizuna euskalduna izateak edo erdaldun izateak ere baldintzatu dezake gure erantzuna, noski. Hizkuntzaren gaian sartu gabe erantzun nahi badiozu, ironia erabili edo  esan duena baztertu dezakezu:
  • ¿Igual querías ayudarme? Tranquilo, que puedo yo sola./ Laguntzeko asmoz, ala? Ez dut behar.
  • No necesito que colabores, me basto yo sola./ Nahikoa naiz ni bakarrik elkarrizketari eusteko.
  • Por favor, no me cortes cuando estoy hablando./ Mesedez, hitz egiten ari nintzen.
  Esan izana ez zaizula gustatu adierazi nahi badiozu, adierazi egiten ari dena, galdera bidez nahi izanez gero.
  • ¿Intentas avergonzarme? / Lotsarazi egin nahi nauzu, ala?
  • ¿Poniéndome nota? / Nota jartzen?
  • Vaya corte que me has pegado. Mejor si no hubieras dicho nada. / Erabat moztu didazu. Hobe ezer esan izan ez bazenu.
  • Voy a hacer como que no he oído nada. / Entzun ez banu bezala egingo dut.
  Edo esandakoari eutsi eta garatu dezala eska diezaiokegu:
  • ¿Y? / Eta?
  • ¿Qué pretendes diciéndome eso? / Zer esan nahi didazu horrekin?
  • ¿Por qué te extraña mi acento? / Zergatik harritzen zaitu tonuak?
Berak egindakoa baloratu dezakegu, harridura erakutsita behar izanez gero:
  • Me parece de mala educación reírse de la gente. Mucho más de la gente que hace un esfuerzo por ayudarte. / Edukazio txarrekoa iruditzen zait jendeaz barre egitea. Are gehiago laguntzeko asmoa daukanean.
  • ¿qué, te ha parecido que no vivo en castellano, verdad? /Zer, ez du ematen gaztelaniaz bizi naizenik, ezta?
  • ¿Hablo en castellano porque ni siquiera me entendéis en euskera, y te vas a reir de mi castellano? / Euskaraz ez dakizulako gaztelaniaz, eta barre egin nahi diozu nire gaztelaniari?
  • ¡Venga ya! ¿A estas alturas nos vamos a reir de los acentos? / Azentuagatik barre?
Laster arte!
hitzartzen hitzartzen 2019-04-02
Nerea
Aisialdia

Galdera

Zer erantzun guraso euskaldunak (etxeko hizkuntza euskara dute) dituen 6-7 urteko haur batek euskara gaztelania baino zailagoa dela esaten dizunean? Testuingurua: eskola bateko ikasgela, 24 haurretatik 3-4 haurren gurasoak soilik dira euskaldunak eta beraien artean erabat gaztelaniaz egiten dute

Erantzuna

Kaixo, Nerea: Beharbada hizkuntzak nola ikasten ditugun ikusarazi beharko genioke, eta bere zein ikaskideen erraztasunaz eta zailtasunaz hitz egin. Ikaskideek etxean gaztelaniaz egiten dute, ikasgelan irakasleagandik euskara eta ikaskideengandik gaztelania jasotzen dute, eta –atrebentzia pixka batekin–  kalean euskara hutsezko harreman gutxi izango dituztela esatera ausartuko naiz. Hizkuntza ikasteko erabili egin behar da; ez badute erabiltzeko saiakera egiten, ezin dute ikasi. Hori ulertarazi behar diogu. Bestalde, pentsarazteko garaia ere badu, arrazonamenduan sartuta, bere kezkak jaso ditugula adierazi behar diogu eta bere ondorioak ateratzen laguntzeko galdera aproposak egin; galderak jaso dituela ziurtatuko dugu eta behar duenean erantzunak bilatzen lagunduko diogu. Zergatik esaten duzu hori? Zuri gehiago kostatu zaizu euskara ikastea? Nori kostatu zaio? Nola ikasi dute lagunek? Non? Norekin? Non eta noiz erabiltzen dute euskara? Euskaldunok zertan laguntzen diegu? Eta lagunek sekula ez balizute gaztelaniaz egin, ikasiko zenuke? Zergatik uste duzu euskara zaila dela pentsatzen dutela? Zu ados zaude? Zuretzako ere horrela da?... Euskara eta beste hizkuntzak ez dira errazagoak edo zailagoak, errazago edo zailago ikasten ditugu testuinguruaren baitan. Bide batez, ikaskideek errazago ikas dezaten, gure esku zer dagoen ikusten lagun geniezaioke. Elkarrizketa polit bat duzu aurretik!
hitzartzen hitzartzen 2019-02-26
Txerra
Lagunartea

Galdera

Lagun batekin aldatu egin dut hizkuntz ohitura. Orain euskaraz ari gara gure artean gehienetan. Kontua da aurrekoan gu biok beste lagun batekin egon ginela. Nik biekin, bakoitzarekin nagoenean euskaraz egiten dut, baina hirurok elkarrekin gaztelaniaz aritu ginen eta, gainera, ohitura aldatu dudan lagun hori oso gustura sumatu nuen. Ni, ostera, ez. Gorputz sentsazio txarra geratu zitzaidan gainera.

Erantzuna

Kaixo Txerra! Hasteko, lehen bi esaldiei erreparatuta: bejondeizuela bioi!, baieztapen bikaina da, bioi onura ekarriko dizuena, gainera. Batetik, zeuk zeure hizkuntza erabiltzeko hautuari lasai, natural, helduko diozulako; eta, bestetik, aldatu duzun lagunari ondo etorriko zaiolako euskaraz jario hobea lortzeko eta hori onuragarri gertatuko zaio epe ertain-luzera: hizkuntza bat menderatzea beti izango baita norbere burua aberastea! Bigarren zatian irakurritakoaren arabera, berriz, sentsazio txarrak gailendu zaizkizula diozu... Lasai, motel! Inork ez du esan hizkuntza ohiturak aldatzeko bide hau erraza eta arantzarik gabea izango zenik eta. Ez daukazu zeure burua zigortu beharrik, behin hirugarren bat sartu eta gaztelaniaz amaitu baduzue. Eta ez kezkatu lagun hori gustura sumatu baduzu, horiek susmoak baino ez daitezke izan eta... Egoera ondo bideratuta daukazu, biekin euskaraz egiten duzula aitortzen duzulako, bakarka ari zarenean... Hirurok elkartzen zareten hurrengo aldian eutsi zeuk euskarari, ulertzeko gai badirela ziur dakizulako eta gero behatu beraien jokabidea. Oro har euskaraz ari badira, ondo!, bide onean zoazte. Aldiz, gaztelania gehitxo erabiltzen dutela iruditzen bazaizu, une egokia gertatzen denean, gaia atera dezakezu hiruron artean hitz egiteko. Nola sentitzen da bakoitza euskaraz ari denean? Zer mugitzen zaio bakoitzari barruan? Euskaraz ari bada zerbaiten beldur bada? Azkenik, hizkuntza ohiturak aldatu dituzun horrekin egin duzun moduko tratuak egin ditzakezue hirukotean zaudetenerako, kide bakoitzak bere neurriko konpromisoak hartuz eta irizpide komun batean erabateko adostasuna duzuela ziurtatuta. Alegia, inork inor ezin duela hizkuntza aldatzera behartu. Bazoazte bidean, Txerra. Eustea da kontua eta, mendian gora bezala, tarteka gelditu igotakoa aitortuz eta aurrera segitzeko indarrak hartuz... Gailurrera heldutakoan sari ederra izango duzue gozatzeko eta.
hitzartzen hitzartzen 2019-02-07
Jose Ignazio
Lagunartea

Galdera

Hamabigarren egunean, oraindik kezka hauek sorten zaizkit:
Edozein egoeratan (linguistikotan) euskara hutsean natural egiteko nola amore ez eman eta nola boteretu? Hizkuntza hautua negoziatu gabe nola jarraitu gurean natural?
Eta nola jarri solaskideak “dantzan” hizkuntzen gaien inguruan hitz egiteko?

Erantzuna

Kaixo lagun: Egoera batzuetan, ziurrenik, ezin izango dugu. Hitz egitea ez dago gure baitan bakarrik, solasa da, biren artekoa gutxienez; beraz, besteak ez gaituela baldintzatuko pentsatzea, iruzurra litzateke. Egoera bakoitzean bakoitzak nahi duena egiten ikas genezake, hori bai. Harreman berrietan gakoa izango da hasierako momentua; harremanaren arau ez esplizituak proposatzeko momentua da, gogoa erakusteko momentua. Hor eutsi behar diogu, nahi dugunaren alde egin. Hori da kostatzen zaigun momentuetako bat. Gehiengoak urteetan izan dugun portaera hizkuntza hegemonikoaren aldekoa izan denean, bestelako harreman eredu bat nahi izatean eta gure erabakia dela jakitean, gure baitako aurreiritziak gainera etortzen zaizkigu eta estutu egiten gara. Erabakia hartu behar dugu; aurretik hartuta badugu, hobeto. Zer nahi dugu, zer nolako harremana izan nahi dugu parean dugun pertsonarekin? Euskaraldian hainbat harreman aldatu ditugu eta aldaketak kontziente egiten saiatzea lagungarria izan daiteke. Aldaketetan zerk lagundu digun identifikatu, nola egin ditugun identifikatu eta, beharbada, gure egiteko moduak ikusiko ditugu. Nola boteretu? Jaso izandako arrakasten zerrenda. Jaso deseroso sentitu eta aurrera begira erosoago bizi izandako harremanak; ekarri gogora lorpenak eta lorpenak izan bitartean izan dugun bilakaera emozionala. Denbora tarteen kontrola izateak ere lagunduko digu harreman modu berrietan arreta jartzen, indarra bilatzen eta eusten. Inertzia zaharrak apurtzeko eta berriak eraikitzeko denbora behar dugu, bakoitzak berea eroso sentitu artean. Egindako aldaketek zenbat denbora eskatu diguten jasotzeak ere perspektiba errealistagoak egiten lagundu eta pazientziaren zakua elikatuko ditu. Izan presente gure erabakiari erantzuteaz ari garela; beharbada ez da bestearen gogoa, beharbada harritu egingo da, beharbada zaila egiten zaio… Gure solaskideari harreman hizkuntza aldatzera goazela kontura dadin eta onar dezan denbora ematen ikasteak gure portaerari hauspoa emango dio, indarra emango digu. Pentsamenduak ere lagun dezake: “hara, honi ere arraroa egiten zaio” pentsamenduari “baina gero ohitzen dira” gehitu diezaiokegu; “hau deseroso dago” pentsamenduari “denbora emango diot ohitu dadin” gehitu diezaiokegu. Behar izanez gero, erantzuna presta dezakegu: “ni ahobizia naiz”. Uste dut asko errazten digula azken hilabeteetan gorpuztu den rolaren definizioak, azalpen sakonagoetan sartu gabe, gure intentzioa erakutsiko du; nor naizen baino, nola jokatzen dudan azaltzen du. Hizkuntzen gaien inguruan hitz egiteko aukerak anitzak dira, hizkuntzen bueltan asko direlako heldulekuak. Errazena inplikazio pertsonaleko gaietatik hastea da, norberaren ezinetatik, kezketatik edo lorpenetatik. Eta garai honetan, akaso, errazena jendearentzako, freskoena, Euskaraldiari eustea izango da. Hortik tiraka, pertsonez, komunitateaz, rolez, munduko hizkuntzen aniztasunaz eta dauden errealitate anitzaz hitz egin dezakezue, hizkuntzaz eta generoaz (euskaraldian 2/3 emakumezkoa izan da), adinaz (jubilaziotik aurrera ahaleginetarako gogo gutxi edo mezua ez da heldu)… Zer egin nahi dugun identifikatu, bizitzako beste gai batzuetan aldaketak egin nahi ditugunean nola jokatzen dugun pentsatu eta modu propioak hizkuntzara ekartzen saiatu. Helburu lorgarriak jarri, gertuen dugun urratsa identifikatu eta ekin. Erronka etengabe berritzean datza bidearen arrakasta.
hitzartzen hitzartzen 2018-12-18
Leire
Lagunartea

Galdera

Kaixo
Azken aldian errepikatu zaidan egoera bat: bi haur euskaldun (4 urtekoak), bata familia euskaldunekoa (nire alaba) eta bestea erdaldunekoa.. parkean elkartzen dira sarri eta gehien-gehienetan, bien arteko elkarrizketa euskaraz hasita ere, berehala gaztelaniara salto egiten dute
Zergatik errepikatzen da haurren artean ere, helduen arteko portaera hori? Eta zer egin dezaket eragiteko?
Nik nire haurrarekin hitz egiten dut, galdetzen diot zergatik egiten duen bere lagunarekin gaztelaniaz, biak eskolan gelakideak izanda… baina ez dakit ondo ari naizen

Erantzuna

Kaixo, Leire: Askotan aldameneko portaerak errepikatzen ditugu ia konturatu gabe; nabarmenagoa zaigu haurren kasuan, beren erreferentziazkook portaera horiek ditugunean. Helduok nekez egiten dugu hizkuntza banatan eta haurrek ez dute ikasi nahi dutena egiten. Euskaldunok ikasi dugu hizkuntza aldatzen, ez erdaldunek. Hortaz, behaketa pixka batekin eta imitatzeko joerarekin, erantzuna badugu. Seme-alabekin gaiari buruz hitz egitea da gure aukera, gaiari buruz gogoeta egiten laguntzea. Zein mezu helarazi nahi diegun jakitea da erronka zailagoa. Zergatik galdetuta gerta daiteke erantzuna ez jakitea eta elkarrizketan estutzea. Errazago izan daiteke gugan ikusten duen antzeko portaera bati buruz hitz egiten hastea, nola sentitzen den badakigula adieraztea eta zertaz ari garen ulertzea. Guk noiz eta zergatik egiten dugun azaldu diezaiokegu eta euskarari eusteak duen balioa eta zertarako balio dezakeen ikusten lagundu. Ziurrenik, adin horretan, egoera bakarrik kudeatzen ikasi nahi du. Guk presentziaz eta konstantziaz jokatu eta egoerak ulertzen eta esan ezin duena esaten lagun diezaiokegu. Nor den eta nola komunikatzen den gogoraraztea dagokigu (“guk euskaraz egiten dugu badakigulako; nik euskara dakiten lagunekin euskaraz egiten dut; zuk euskara dakiten zure lagunekin ere euskaraz egiten duzu”), errekonozitzea bere ezina, laguntza eskaini eta hizkuntza-jokamolde bat eskatzea (“badakit batzuetan kosta egiten zaizula eta ez zarela konturatzen beste batzuetan; eusteko laguntza behar baduzu, nik lagunduko dizut”; ”nire lagunari zure lagunari bezala pasatzen zaio eta erdarara pasatzen da; nahi duzu ikusi guk nola hitz egiten dugun?”). Hizkuntzekiko lilura landu dezakegu, besteei berak erraz egiten duen euskararekin laguntzeko proposatu, hizkuntzak bere beharrak nola asetzen dituen konturarazi. Eta nola ez, elkarrekin daudenean, biekin batera hitz egin dezakegu, epaitu gabe, errietarik egin gabe eta eusteko lagungarriak proposatuz.
hitzartzen hitzartzen 2018-11-23
Olatz
Lagunartea

Galdera

Egun hauetan hizkuntzen erabileraren inguruko hainbat elkarrizketa suertatu zaizkit inguruan. Horietako batean lagun batek hau esan zidan: “Tú has tenido la suerte de ir a la ikastola. Yo no”. Ez nuen jakin zer erantzun

Erantzuna

Egun on, Olatz: Arrazoi duela esaiozu. Etxean, herriko plazan edo eskolan ikasi dugunok ezin dugu jakin zer den euskara ikasi behar izatea. Kanpotik ikusten ditugun ahaleginaz, ilusioaz, ezinaz, etsipenaz eta lorpenaz hitz egiten dugu euskara heldutan ikasi dutenekin, baina ez dakigu zer den heldutan herrikideek hizkuntza batean hitz egiten dutenean ez ulertzea. Ez dakigu zer den euskaldun sentitzea eta euskara ez ulertzea. Ikasteak eskatzen duen ahaleginak atzera egiten digu batzuetan eta inkoherentziaz bizi dugu euskaraz bizi nahi izatea. Ez da leku erosoa hori. Olatz, elkarrizketaren abiapuntuaren arabera, hainbat norabidetan jar dezakezu gaia:
  • Eta orain zer egin nahi zenuke? Zertan lagun zaitzaket?
  • Zer da nik ulertzen ez dudana, ikusten ez dudana? Zer esan nahiko zeniguke euskara txikitan jaso dugunoi?
  • Ikasi egin nahi duzu? Zerk lagunduko lizuke euskara ikasten hasteko?
hitzartzen hitzartzen 2018-11-22
Ima
Lagunartea

Galdera

Intentzio txar barik, aurrekoan pertsona batek honela galdetu zidan: “¿Esto del idioma es tan importante? ¿Qué más dará? ¿Importa tanto un idioma u otro?”Berak ez du ulertzen hizkuntza bati horrenbesteko garrantzia ematea edo atxikipena izatea. Ez nuen jakin erantzun labur batekin (azalpen luzeetan sartu barik) erantzuten

Erantzuna

Zer moduz Ima? Zure zalantzari alde askotatik hel dakioke baina hau da burura datorkigun lehenengo gauza (intentzio txar bako) lagun horri esateko: "Eta zuk zergatik ematen diozu hain garrantzia gutxi?" Nik ez diot hizkuntza bati besteari baino garrantzia handiagoa ematen. Nik garrantzia ematen diot aukeratu ahal izateari. Hizkuntza hautatzeko berak adina askatasun maila eduki nahi dut; horretarainoko garrantzia ematen diot hizkuntzari. Beste era batera esanda, hark gaztelaniaz egiten du lasai ederrean, denek ulertuko dioten ziurtasunez; patxada bera nahi dut nik euskaraz egiten dudanean, eta ulertua izango naizen ziurtasun bera nahi dut. Puntu horretara iristen garenean norberak hauta dezala nola hitz egin nahi duen... pareko hiztuna berak nahi ez duen ezertara behartu gabe!
hitzartzen hitzartzen 2018-11-14
Joseba Garai
Lagunartea

Galdera

beti euskeraz egiten dugu lagun bat eta biok. Beste egunean, beste lagun bat etorri zen, erdelduna, eta hasi zitzaigun galdetzen ea zergaitik egiten dugu euskeraz. Ni euskaldunak garelako esan nion eta hark erantzun: ni ere bai, baina erderaz hobeto egiten baduzue, zergaitik euskeraz? Eta ez nuen jakin zer erantzun …..

Erantzuna

Kaixo, Joseba: Zuen solasaldira sartu zen hirugarren lagun horri buruz galdera batzuk sortzen zaizkit: ulertzen du? Zenbateraino da lagun? Ulermena ziurtatuta badago, euskaraz jarrai dezakezue arazo barik. Gogoratu Euskaraldian egingo dugun ariketa: ahobiziek euskaraz egingo dute eta belarriprestek, egoera desblokeatuz, eurekin euskaraz egitera gonbidatuko gaituzte. Bestetik, errepara ezazu zure inguruan. Euskara ez den beste hizkuntza batean natural mintzo denak ez du bere hizkuntza hautua justifikatu beharrik. Beraz, euskaldunok ez gaude geure portaera arrazoitzera behartuta, printzipioz. Besterik da hirugarren pertsona hori oso gertuko laguna izatea. Kasu horietan gaia berak plazaratu duenez "zergatik" galdetuz, aukera ona izan daiteke gaiaz hitz egiteko eta, aurrera begira, finkatuko ditugun hizkuntza ohiturei buruz hausnartzeko. Azken finean, bi kontu dira ondo gogoan hartu beharrekoak: ulermena bermatuta dagoenean, euskaraz lasai egin dezakegu; eta edonoren aurrean -honek jakin edo ez- euskaraz egin dezakegu hala nahi dugulako eta, beharrezkoa ikusten dugunean bakarrik arrazoituko dugu gure hizkuntza portaera. Ziur nago Euskaraldiak asko lagunduko digula horretan.
hitzartzen hitzartzen 2018-09-20
Buy now