Galdetu kontsultorioan

Josune
Administrazioa

Galdera

Euskaldunak euskaraz gehiago egiteko ekimenak martxan jartzerakoan, edo kasu batzuetan erabilera hori aktibatzeko, elkarrizketak eta solasak egiten dira hasieran. Horietako 2 kasutan tokatu zait entzutea: “zergatik egin behar dugu euskaraz?” euskaldun baten ahotik hori entzutean… zer erantzun?

Erantzuna

Kaixo, Josune:   Erraza bezain zaila erantzuteko. Esango nuke galdera hori entzutean gu aseko gaituen eta bestea konbentzituko duen erantzun baten bila ibiltzen garela, eta aproposago ikusten dut testuinguruen arabera erantzutea. Araututako espazio batean garbia izan daiteke araua betetzeko eskatzea. Arautu gabeko espazioetan, ordea, aurrean dugunari –espazio horretan duen rolaren baitan–, daukan hizkuntza portaerak eragin dezakeen ondorioa erakuts diezaiokegu, ondorioen zama osoa bere bizkar utzi gabe, noski. Birziklatzearen onurez irakurtzen dugun bezala, birziklatzeko zabor berezituek laguntzen diguten bezala eta gure taldekideek birziklatzen dutela ikusten dugunean bezala. Araua, jarrera eta portaera, gurea eta besteena, lagungarri izan daitezke kultura-ohitura aldaketarako bidean. Arautu gabeko lekuan, espazioa okupatzen dutenen hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditugunean, -espazio horren erabiltzaileek horren gaineko kezkarik ez badute ere- gure gogoeta, egiten dugun hizkuntza kudeaketa zergatik, nola eta zertarako egiten dugun azaldu diezaiokegu. Eta berari bere iritzia eskatu eta jaso, inoiz horrelako gogoetarik egin duen galdetu. Hizkuntza gutxituak behar dituen babes eta laguntza neurriak aurrera eraman ahal izateak (hiztunon portaerak eraginda, besteak beste) nola landuko zukeen galdetuko nioke. Bere iritzia –zabalduta egon daitekeena– dutenen aldaketa inoiz emango den galdetu. Ematekotan nola emango den, zerk bultzatuko dituen... Josune, ni ez nintzateke galdera zuzenean erantzuten saiatuko. Gogorik ez badu, ia seguru, esaten diogunak ez dio balioko eta defentsiban jarri edo isildu daiteke. Arrazoi fundamentuzko bat benetan eskatzen ari bada, justizia sozialaz eta hizkuntzen ekologiaz hitz egingo nioke; fokua gutxitua dagoen hizkuntza eta hiztunei laguntzean jarriko nuke eta horretarako behar den, antolaketa, kudeaketa eta egitasmoez hitz egin. Eta hori ere entzuteko momentua ez dela sumatuz gero, nik esateko daukana entzuten saiatuko nintzateke, beraganako interesa erakutsiko nioke, berari gure egitasmoek zer sortzen dioten jakiten saiatuko nintzateke. Hurrengo elkarrizketarako ate berri bat irekitzen lagun diezazuke.
hitzartzen hitzartzen 2019-07-23
Buy now