Haurrekin hitz egin, euskararekiko eta euskaldunekiko duten pertzepzioaz hitz egin, ideiak landu, hizkuntza praktikak ulertarazi –besteek beraien errealitateagatik dituztenak, gureak ez diren errealitateak–, eta hizkuntza aukeraketa batzuen aurrean jokabide asertiboak landu.
Azaldu diezaiokegu zergatik egiten duen berak besteek baino errazago euskaraz, zergatik izan beharko zukeen beretzako errazagoa. Lagundu ahal diogu ikusten bere klaseko batzuk guraso erdaldunak dituztela eta bere lagunak ez duela oraindik euskara ondo ikasteko aukerarik izan, gutxi praktikatu duela. Eta praktikatzen ez dugun hura, guri gertatzen zaigun moduan, gehiago kostatzen zaigula… Lagunei baino gehiago kostatzen bazaio euskaraz egitea, lagundu ahal diogu ikusten bestearen familia edo lagunartea euskaldunak izateak euskara entrenatzen lagundu diela. Alegia, lagundu ahal diegu ulertzen nola ikasten d(it)ugun hizkuntza(k), ikasi ahal izateko erabili egin behar direla ulertarazten.
Ikasten da hizkuntza eta ikasten da erabiltzen. Azaldu ahal diogu espazio berdina hizkuntza batekin baino gehiago bete daitekeela, denok ulertzen dugula denona eta bakoitzak bereari eusten ikasi behar duela. Zein egoeratan erabil dezakeen euskara eta zeinetan gaztelania. Azaldu ahal diogu familiarteko edo lagunarteko adibideak jarriz. “Osaba/izeba ez euskaldunarekin gaztelania erabiltzen dugu, gu ulertzeko behar duelako”, baina guk euskaraz jarraitzen dugu; “Nik badakit euskaraz eta zuri euskaraz hitz egiten dizut; guk euskaraz egiten dugu beti”; “Idoiak gaztelaniaz egiten dizu ohitura hori duelako, baina zuk gehienetan euskaraz egiten duzu; berak ulertzen dizu, eta zuk ez duzu aldatu behar; guk, ulertzen digutenekin, euskaraz egiten dugu”. Pirritxek esaten duen bezala, oparitu euskara.
Dantza egitea bezala dela adierazi. Batzuei gustatzen zaie, beste batzuei ez; batzuk etxean eta kalean ikasten eta praktikatzen dute, beste batzuk ez. Batzuk herriko jaietan bakarrik egiten dute dantza. Elkarrekin dantza egiten dugunean desberdin egiten dugu dantza, binaka, banaka eta taldean, eta dantza guztiak dira baliagarri. Denoi komeniko litzaiguke asko praktikatzea musika entzuten dugunean dantzan eroso egiteko, korrutik kanpora ez geratzeko. Eta, lagunei gustatzen ez bazaie ere, denok izan beharko genuke nahi dugunean dantza egiteko adorea.
Gu eredu bagara, azaldu ahal diogu nola egiten dugun euskaraz euskaldunen artean, erakutsi nola eusten diogun gure lagunek hizkuntza aldatzen dutenean. Azaldu ahal diogu, besteen aurrean ere gure egiteko moduari eusteko nahikoa indartsu izatea lagungarria dela, eta nahi duguna egiten jakitea plazera dela.
Eta galdetu. Nola sentitzen den, zer iruditzen zaion euskaraz aritzea, zer pentsatuko duten besteek, zer uste duen gaztelaniaz aritzeari buruz, zer euskaraz aritzeari buruz, zer den errazago, zer nahi duen, zergatik nahi duen, zertarako nahi duen ulertzen lagundu.