“Nik euskaraz eta berak gaztelaniaz? Hori zientzia-fikzioa da!” Horrela, hitz horiekin bota zidan. Badira hamar urte baino gehiago. Lantoki bateko langileekin saio bat ematen ari nintzen. Asertibitatea hizkuntzara aplikatzeko praktikaren hastapenak ziren. TELP tailerren historiaurrean.
Lantokian euskararen erabilera areagotzeko asmoarekin, langile euskaldunei baliabideak emateko saioa zen. Langilea, euskalduna, euskaltzalea eta lantokiko Euskara Batzordeko kidea zen. Elkarrizketa elebidunak izatea baliabide gisa aurkeztu nizkien. Euskarari eutsi solaskideak ulertzen digun heinean, berak gaztelaniaz egiten badigu ere. Zientzia-fikzioa hutsa zen beretzat.
Urteen joan-etorrian, hara non zientzia-fikzioa zirudiena, errealitate bihurtzen ari den. Tirriki-tarraka denon artean bidea egin dugu. Euskara ulertzen dutenen garrantzia, elkarrizketa elebidunak izatea, euskarari eustea solaskideak ulertzen dizun heinean… Horiek guztiak euskaltzaleak aktibatzeko baliabide gisa aurkezten dira orain. Hain zuzen ere, Euskaraldiaren proposamenak dira. Euskal Herriko Administrazioek eta Euskaltzaleen Topaguneak herri erakundeak elkarlanean bultzatzen ari diren ekimena. Pertsona kopuru garrantzitsu batek praktikan jarriko ditugu baliabide horiek.
Zer pentsatuko ote du hasieran aipatu dudan langile horrek? Zientzia-fikzioa? Ongi etorri zientzia-fikziora lagun!