“Zer jan, hura izan” esaera oso ezaguna zaigu, norena den neuk ez badakit ere… Jateko hori, sabelera ez ezik, adimenera bideratzen eta hizkuntzen testuingurura ekartzen badugu, munduaren berri izateko zein hizkuntzatik jaten dugu? Jaten ematen diguten hizkuntzen artean euskara zenbatgarren dugula esaten dugu? Eta benetan, praktikan, zenbatgarren daukagu? (Tranparik gabe, e!)
Azken boladan bi pasadizo baikorren berri izan dut eta bietan ikusi dut euskara lehentasun jarri dutela eta poza eman dit. Biak ala biak Osakidetzan gertatutakoak dira, gainera.
Lehena, Hizkuntzen behatokian jasoa. Bilboko Santa Marina Ospitalean gertatutako hau:
˂˂Herritarrak honela azaldu du bere kexa 2018.10.24: Bilboko Santa Marina ospitaleko solairu bakoitzean dauden itxaron-eremuetan bina egunkari daude. Arazoa da bi egunkari horiek Deia eta El Correo Español baino ez direla, hots, ez dagoela euskarazko egunkaririk ospitaleko eremu horietan. Euskaldunok ere ospitalera joaten garenez, euskarazko egunkariak eskura izan beharko genituzke. ˃˃
Iturria: Behatokia
Osakidetzaren erantzuna:
˂˂ 697-2018 gertakariari dagokionez, jakinarazi nahi dizugu zentroko Zuzendaritzak aurrerantzean Berria egunkaria ere eskainiko diela pazienteei eta haien senideei, modu horretan erabiltzaile guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko. ˃˃
Iturria: Osakidetza
Bigarren pasadizioa lagun baten ahotik jaso dut zuzenean. Telefono bidezko kontsulta eskatua zuen eta Donostiako Prim kaleko Osasun Zentrotik deitu eta hangoak lehen hitza gaztelaniaz egin dio:
-Buenas tardes, ¿en qué puedo ayudarle?
-Bai, arratsalde on! Zalantza bat argitzeko deitu dizuet…
– Huy, en castellano mejor…
-Bai, baina ulertzen duzu?
-Para una consulta así, por telefono, mejor en castellano…
– ¿Y hay alguna otra persona que me pueda atender en euskera?
– Te toca conmigo.
– Sí, ¿pero hay alguna otra persona que me pueda atender en euskera?
– ¿Tienes algún problema o qué? –tonua gora altxatuz.
-No, problema ninguno, tengo preferencias…
-Pues, entonces, ¡tendrá que ser mañana! –haserre.
Hori horrela, biharamunean Osasun Zentrotik hots egin zioten lagunari eta euskaraz egin ahal izan zuen kontsulta, berak hautatu bezala.
Horra hor bi adibide polit euskara lehentasun jartzeaz. Batetik, itxaron-eremuak! Urtean zehar zenbat itxaron-eremutik pasatzen gara? Ba, horietan geure hizkuntzaren aldeko jarrera erakutsi dezakegu keinu xume batekin: joaten garenean euskarazko aldizkari/egunkariak eskatu. Bestetik, bigarren pasadizoaren moduko oso presazkoa ez den egoeretan (leku horietara ez baikoaz beti presaka!), eta are gehiago herri administrazioa bada, geure hizkuntzan arta gaitzaten hauta dezakegu pazientzia apur batez. Nahiz eta euskarazko arreta lehenengoan ere bermatuta egon beharko litzatekeen.
Horiek biak, modu egokian euskarazkoa eskatzeko kemena batetik, eta pazientzia, bestetik, hizkuntza aktibaziorako bi baliabide ezinbesteko dira. Eta hori egitea ez da burugogorkeria edo setakeria. Hori egitea euskara zeure bizimoduaren ardatz jartzea da, zarena zaren moduan azaltzea.