Norbanako oro eskubidedun dela esanda ez gara ezer berririk esaten ari. Are, hizkuntza eskubidedun bada, pertsona orori hizkuntza eskubideak aitortu behar zaizkio. Horrez gain, bere burua azaltzeko “Pertsona helburu” bezalako goiburuak darabilenak ez luke zalantza txikienerako ere tarterik utzi beharko. Euskaldunontzat, ordea, bestelakoa da errealitatea. Elebiden eta Behatokian begira aritu gara eta 2017ko datuak eskuratu ahal izan ditugu. Hau da egoera aztertutako datuen arabera:
-Elebiden (EAE mailan) 346 intzidentzia jaso ziren eta %83 administrazio ezberdinetan gertatu ziren.
-Behatokian (Euskal Herri mailan) 1.038 kexa jaso ziren eta %62 esparru publikotik.
Azken boladan, Ertzaintzarekin izandako bizipen desberdinen berri izan dugu. Segurtasun Sailaren zeregina herritarrak babestea bada bere zentzurik zabalean, herritarrak erabili ditzakeen bi hizkuntza ofizialetako nahi duen horretan artatua izateko bermea izan beharko luke. Baina, ez da hala. Badira ahotsak, Ertzaintzak, hizkuntza eskubideak sistematikoki urratzen dituela diotena. Guk ez dugu horrenbeste esango azterketa zehatzagoa beharko genukeelako. Hala eta guztiz ere, bere hizkuntza eskubideak aldarrikatzeagatik Ertzaintzarekin liskar bat edukitzera arriskatu diren kasuak ugari dira eta horrek ez luke horrela behar.
Guk Joxe Begiristain ataundarrari Goiberri aldizkarian irakurri genion bere bizipena eta bideo honetan kontatu digu.
Hori ikusita, oinarrizko zalantzak sortzen zaizkigu: euskaldunok eskubidedun oso gara gure administrazioaren aurrean? Egoera bideratzeko aukerarik ez denetan edo oso mugatua denetan konplexuagoa da nola jokatu erabakitzea baina, euskaraz bideratzeko aukera egonda, zergatik pasarazi herritarra trantze estu horretatik? Ez genuke agintekeriagatik denik pentsatu nahi baina…