Goliat David bihurtzen denean
2018-07-20
Nik euskaraz eta berak gaztelaniaz? Hori zientzia-fikzioa da!
2018-10-04

Elkarbizitzaren sarea josten

Atetik sartu baino lehenago ordutegien kartelera joan zait begirada. Deformazio profesionala. Gaztelania hutsez dago. Barrura sartu eta bi emakume ikusi ditut mostradore baxuaren atzean, josteko makinen atzean ezkutatuta. Ama eta alaba ematen dute. Biak josi eta josi. Inguruan arropa pilatxoak alde guztietatik. Gaur egun inork gutxik egiten dituen jostun lanak egiten dituzte: kremailerak jarri, prakak moztu eta abar. Hor nago ni, besapen praka bat konpontzeko.

Emakume helduena (ama?) aulkitik altxatu eta niregana zuzendu da: “Hola”. Ni, euskaraz, natural: “Kaixo, prakak mozteko ekarri ditut”. Ama, mostradore gainetik niregana hurbiltzeko keinua eginez: “Oye, tu háblame en euskera ¿eh? Sigue en euskera que te entiendo” (Aizu, hitz egidazu euskaraz e? Jarraitu euskaraz, ulertzen dizut eta). Ni irribarrez eta poz sentimenduak gainezka egiteko zorian.

Ondorengo elkarrizketa guztia bi hizkuntzetan egin dugu, berak gaztelaniaz, nik euskaraz. Esan dit ulertu ulertzen duela, baina euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituela. Hori bai, bere ondoan dagoen alaba (bai, ama-alabak dira), horrek bai, euskaraz dakiela. Batzuetan “cerrau” hitz egiten duela euskaraz eta orduan ez diola ulertzen. Alabak irribarre egin du, baina ez du hitzik esan.

Telefonoa ere eskatu dit, arroparekin arazoren bat balego abisatzeko. Zenbakiak banan-banan euskaraz esan dizkiot. Berak, poliki-poliki denak ondo apuntatu ditu.

Beste batzuetan ere joan naiz beraiengana. Elkarrizketa elebiduna izan dugu beti. Eta horrela jarraitzen dugu, hizkuntza eta hiztun desberdinen arteko elkarbizitzaren sarea josten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Buy now