Berriki Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lecuona Saria irabazi duen Maria-Jose Azurmendi katedradunari elkarrizketa egin dio Miel Anjel Elustondo kazetariak ARGIA aldizkarian. Elkarrizketa mamitsu honetan paragrafo hau azpimarratu dut bere haurtzaroko eskola garaiak oroitzen ari dela:
“Eta orain ere, orduko hura bizi izan zuen jendeak, bizi izan ez balu bezala egiten du. “Babesgabetasun ikasia” du izena horrek psikologia sozialean. Babesgabetasun ikasia. “Esan duzuna ez da egia! Hemen ez zegoen debekurik!”, esaten dute. Onartu egin dute gezurra. Gauzak asmatzen ditugulakoan bizi dira. Askotan, gerra erabili beharrean, inperioek bestelako mekanismoak erabili dituzte jendearen barruan halako sineste jakin batzuk, eta ez beste batzuk, sartzeko. Jendeari pentsamendua aldarazten diote. Lehenengoan, jendeak kontra egingo du, baina, poliki-poliki, onartu egiten du.”
Duela gutxi beste nonbaiten irakurri nuen gaur egun unibertsitatean ikasten ari den belaunaldiak ez daukala euskararen historiaren kontzientziarik, debekatuta egon zenik… Gogoeta hauetan nenbilela galderak sortzen hasi zaizkit: Zenbat lan geratzen zaigun oraindik? Zenbat desikasi behar dugun? Euskaraldia gisako gehiago beharko dira geure onera etorriko bagara… Maria-Jose Azurmendiren moduko ereduek argi egingo ahal digute bidean!