Galdetu kontsultorioan

Jose Ignazio
Lagunartea

Galdera

Hamabigarren egunean, oraindik kezka hauek sorten zaizkit:
Edozein egoeratan (linguistikotan) euskara hutsean natural egiteko nola amore ez eman eta nola boteretu? Hizkuntza hautua negoziatu gabe nola jarraitu gurean natural?
Eta nola jarri solaskideak “dantzan” hizkuntzen gaien inguruan hitz egiteko?

Erantzuna

Kaixo lagun: Egoera batzuetan, ziurrenik, ezin izango dugu. Hitz egitea ez dago gure baitan bakarrik, solasa da, biren artekoa gutxienez; beraz, besteak ez gaituela baldintzatuko pentsatzea, iruzurra litzateke. Egoera bakoitzean bakoitzak nahi duena egiten ikas genezake, hori bai. Harreman berrietan gakoa izango da hasierako momentua; harremanaren arau ez esplizituak proposatzeko momentua da, gogoa erakusteko momentua. Hor eutsi behar diogu, nahi dugunaren alde egin. Hori da kostatzen zaigun momentuetako bat. Gehiengoak urteetan izan dugun portaera hizkuntza hegemonikoaren aldekoa izan denean, bestelako harreman eredu bat nahi izatean eta gure erabakia dela jakitean, gure baitako aurreiritziak gainera etortzen zaizkigu eta estutu egiten gara. Erabakia hartu behar dugu; aurretik hartuta badugu, hobeto. Zer nahi dugu, zer nolako harremana izan nahi dugu parean dugun pertsonarekin? Euskaraldian hainbat harreman aldatu ditugu eta aldaketak kontziente egiten saiatzea lagungarria izan daiteke. Aldaketetan zerk lagundu digun identifikatu, nola egin ditugun identifikatu eta, beharbada, gure egiteko moduak ikusiko ditugu. Nola boteretu? Jaso izandako arrakasten zerrenda. Jaso deseroso sentitu eta aurrera begira erosoago bizi izandako harremanak; ekarri gogora lorpenak eta lorpenak izan bitartean izan dugun bilakaera emozionala. Denbora tarteen kontrola izateak ere lagunduko digu harreman modu berrietan arreta jartzen, indarra bilatzen eta eusten. Inertzia zaharrak apurtzeko eta berriak eraikitzeko denbora behar dugu, bakoitzak berea eroso sentitu artean. Egindako aldaketek zenbat denbora eskatu diguten jasotzeak ere perspektiba errealistagoak egiten lagundu eta pazientziaren zakua elikatuko ditu. Izan presente gure erabakiari erantzuteaz ari garela; beharbada ez da bestearen gogoa, beharbada harritu egingo da, beharbada zaila egiten zaio… Gure solaskideari harreman hizkuntza aldatzera goazela kontura dadin eta onar dezan denbora ematen ikasteak gure portaerari hauspoa emango dio, indarra emango digu. Pentsamenduak ere lagun dezake: “hara, honi ere arraroa egiten zaio” pentsamenduari “baina gero ohitzen dira” gehitu diezaiokegu; “hau deseroso dago” pentsamenduari “denbora emango diot ohitu dadin” gehitu diezaiokegu. Behar izanez gero, erantzuna presta dezakegu: “ni ahobizia naiz”. Uste dut asko errazten digula azken hilabeteetan gorpuztu den rolaren definizioak, azalpen sakonagoetan sartu gabe, gure intentzioa erakutsiko du; nor naizen baino, nola jokatzen dudan azaltzen du. Hizkuntzen gaien inguruan hitz egiteko aukerak anitzak dira, hizkuntzen bueltan asko direlako heldulekuak. Errazena inplikazio pertsonaleko gaietatik hastea da, norberaren ezinetatik, kezketatik edo lorpenetatik. Eta garai honetan, akaso, errazena jendearentzako, freskoena, Euskaraldiari eustea izango da. Hortik tiraka, pertsonez, komunitateaz, rolez, munduko hizkuntzen aniztasunaz eta dauden errealitate anitzaz hitz egin dezakezue, hizkuntzaz eta generoaz (euskaraldian 2/3 emakumezkoa izan da), adinaz (jubilaziotik aurrera ahaleginetarako gogo gutxi edo mezua ez da heldu)… Zer egin nahi dugun identifikatu, bizitzako beste gai batzuetan aldaketak egin nahi ditugunean nola jokatzen dugun pentsatu eta modu propioak hizkuntzara ekartzen saiatu. Helburu lorgarriak jarri, gertuen dugun urratsa identifikatu eta ekin. Erronka etengabe berritzean datza bidearen arrakasta.
hitzartzen hitzartzen 2018-12-18

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Buy now