Egun hauetan hizkuntzen erabileraren inguruko hainbat elkarrizketa suertatu zaizkit inguruan. Horietako batean lagun batek hau esan zidan: “Tú has tenido la suerte de ir a la ikastola. Yo no”. Ez nuen jakin zer erantzun
Olatz
(Ziordia)
2018-11-22
Egun on, Olatz:
Arrazoi duela esaiozu. Etxean, herriko plazan edo eskolan ikasi dugunok ezin dugu jakin zer den euskara ikasi behar izatea. Kanpotik ikusten ditugun ahaleginaz, ilusioaz, ezinaz, etsipenaz eta lorpenaz hitz egiten dugu euskara heldutan ikasi dutenekin, baina ez dakigu zer den heldutan herrikideek hizkuntza batean hitz egiten dutenean ez ulertzea. Ez dakigu zer den euskaldun sentitzea eta euskara ez ulertzea.
Ikasteak eskatzen duen ahaleginak atzera egiten digu batzuetan eta inkoherentziaz bizi dugu euskaraz bizi nahi izatea. Ez da leku erosoa hori.
Olatz, elkarrizketaren abiapuntuaren arabera, hainbat norabidetan jar dezakezu gaia:
- Eta orain zer egin nahi zenuke? Zertan lagun zaitzaket?
- Zer da nik ulertzen ez dudana, ikusten ez dudana? Zer esan nahiko zeniguke euskara txikitan jaso dugunoi?
- Ikasi egin nahi duzu? Zerk lagunduko lizuke euskara ikasten hasteko?