Azken aldian zerbait mugitzen zait ene barruan inposatzeaz hitz egiten ari direla entzuten dudanean, eta bor-bor jartzen naiz hizkuntza inposatzeaz ari direla ziurtatzen dudanean. Horretarako, ez dago Nafarroa Garaiko lurretara, edo Ipar Euskal Herrira joan beharrik, ez. Ukaezinak dira hor egiten ari diren triskantzak hizkuntza politikari dagokionez, baina lurralde guztietan tarteka berpizten den pentsamendua dela esango nuke hizkuntza inposatzearena.
Ea, goazen sakontzera. Zer da inposatu? Hiztegiak dioenez, “[zerbait beste norbaiti] bortxaz ezartzea” (Euskaltzaindia) da inposatzea. Baina, zer esan nahian ari dira hemen euskara inposatzen dela diotenean?
Horrelakoetan interesgarria da gaietan adituak direnen irakurgaietan igeri egitea, arnasa hartzeko ere. Horrela, Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariaren iritzi honekin egin dut topo Hemen bai argitalpenean: “Decir que en Navarra se impone el euskera no tiene sentido, porque es un idioma de Navarra. Lo que se impone son las lenguas extranjeras y, por muy curioso que parezca, no he escuchado a nadie hablar sobre la imposición del inglés.”
Moreno Cabrera berak hitzaurrea egin dio, Asedio al euskera, Joan Mari Torrealdai kulturgilearen azken liburuari eta, egia esan, sei orrialdeetan ez dauka hitz bat bera soberan. Hobe genuke hitzaurre honi gure herriko alderdi politiko, sindikatu eta gainerako eragile sozialen zuzendaritzetan ordu pare bat eskainiko bagenio, gutxienez. Aipatu liburu honetan jasotzen da –dio Moreno Cabrerak- hizkuntza ideologia supremazista batek (espainiarrak edo/eta frantziarrak, guri dagokigunez) nola bultzatzen duen inongo erreparorik gabe hizkuntza horren nagusitasuna eta, horrekin aldi berean, oso ondorio kaltegarriak eraginez gutxiago dela uste duen hizkuntzari (hemen, euskarari). Ideologia espainolista horrek bi jokabide basati ditu: batetik, mendekotasun egoeran dauden hizkuntza berreskuratzeko egiten den ahalegin oro erasotua izango da eta horretarako egundoko aurreiritziez eta asmatutako argudioez baliatuko dira. Azken batean, ideologia hori bultzatzen dutenek honako hau ikus arazi nahi dute: hemen hizkuntza normal bakarra gaztelania (edo frantsesa) dela eta hizkuntza gutxituak mespretxatuak eta gutxietsiak izango dira. Beraz, hizkuntza inposatzeaz hitz egiten digutenean, ideia horien atzean zer dagoen arakatu beharko genuke, benetan jokabide horren atzean zer dagoen ikusteko.