Badira gauzak, izendatu gabe, aspaldian egiten direnak. Izendatu gabe ere, existitzen direnak eta izan bat badutenak. Pertsona batek izan ditzake praktika feministak, praktika horiek feministatzat jo gabe, edota, feminismoa zer den jakin gabe ere. Denok izan genitzake buruan ekonomia zirkularrean oinarrituta bizi diren gure amonak, ekonomia zirkularra zer den ez dakiten arren.
Hala, esan genezake EMUNek kosorkuntzako prozesu ezberdinak bideratu izan dituela urteotan, goian aipatutako adibideen gisan, izendapen hori erabili gabe, baina kosorkuntzaren izanpean.
Azken finean, kosorkuntza hainbat pertsonen artean zerbait sortzea da. Hau da, berrikuntza prozesu bat da, talde batek, elkarlana ardatz hartuta, berria den zerbait sortzea. Ideia guztiz berriak sortu ez ezik, testuinguru jakin batean goi mailako irtenbideak ere topatzeko anbizioa dauka. Horretaz gain, berrikuntza irekiarekin ere badu lotura, hau da, berrikuntza irekiak inteligentzia kolektiboa du oinarrian eta kanpo eta barne ezagutza errazten ditu modu sortzailean.
Une honetan, EMUNek zenbait kosorkuntza proiektutan parte hartzen du beste eragile askorekin elkarlanean. Horien artean, dagoeneko argia ikusi duen egitasmo bat azpimarratu nahi genuke, Debagoiena2030 sare irekia hain zuzen ere. Egitasmoaren kosorkuntza prozesuan Txatxilipurdi elkartea, Gizabidea Fundazioa, ALC eta Saiolanekin batera dihardugu elkarlanean.
Kosorkuntza proiektuetan, bestalde, bidelagun ditugu Goiena komunikazio taldea, Gu Haziak Gara Elkartea eta Arizmendi ikastola eta eragile bakoitzak erronka desberdinei erantzun nahi die.
Goienaren erronka nagusia da bere sustraia den komunitatearekin elkarlana eta parte hartzea nola sustatu birdefinitzea. Arizmendi Ikastolarekin batera, berriz, Eskoriatzako Almen gunean Torrebaso proiektuaren bidez jendarteak egin beharreko eraldaketa eskala txikiago batean birpentsatzen gabiltza: jantokiaren erabilera aldatzea, mugikortasuna, ikastetxean energia trantsizioa eragitea edota kanpo espazioak birdefinitzea. Gu Haziak Gara elkartearen kasuan, aldiz, elkarte barneko gobernantza eredua eraberritzea litzateke helburua eta erronka.
Hiru proiektu hauetan gure rola bidelagunarena da; lan espezifiko oso ezberdinak egin ditzaketen bidelagunak izatea. Batzuetan dinamizatzaile, bestetan bilera bateko partaide edota gidari, hurrengo batean talde elkarrizketa batean behaketa lanak egin, etab. Funtsean, gure lana eraldaketan laguntzea litzateke, lan, teknika eta jarrera ezberdinak erabilita.
Izan ere, jakintza bat eskatzen duten kosorkuntzako teknika espezifikoak badauden arren, egunerokotasunean elkarrekin sortu daitekeela sinetsita gaude, kosorkuntza jarrera kontua ere badelako, ezagutza jakinak izatea bezainbeste edo gehiago.
Zuk noiz, nola eta norekin kosortzen duzu egunerokoan?