• EMUN
  • blog
  • Euskara planak lehiakortasunerako palanka?
2023-04-17 / BLOG

Horixe da iaz Emunetik abiatu genuen ikerketaren galdera nagusia: euskara planak lehiakortasunerako palanka ote dira?

Ikerketa horren abiapuntua oso aspaldikoa da. Intuizioak diosku euskara plana martxan jarri duten enpresa askok euskararen erabileran pauso esanguratsuak emateaz gain, zeharka beste helburu batzuk ere lortu dituztela: parte hartzean, kohesioan, komunikazioan… Baina intuizio horren inguruan oso gutxi ikertu dela ohartuta heldu genion 2022an erronkari.

Ikerketaren helburu nagusia hauxe da: “Euskara planak enpresaren lehiakortasunean dauzkan onurak areagotzeko aukerak aztertu eta esperimentatzea“.

Helburu horri heltzeko, ikerketa proiektuan lau fase nagusi irudikatu ditugu:

Kontzeptualizazio fasea: 2022an urtean aurrera eraman genuen eta hiru gai hauek lantzen dira bertan, bereziki:

  • Azken 20 urteetan lehiakortasunaren kontzeptuak izan duen garapena.
  • Euskara planek izan duten bilakaera.
  • Euskara planek enpresaren lehiakortasunari egin dizkioten ekarpenak.

Ikerketa proiektuak aurrera egin ahala bidelagun gehiago lortu ditugu. Izan ere, euskara planen eraldaketa bilatzen duenez gero, berebizikoa da ikerketa egunerokoan lan horretan dihardutenekin batera egitea. 2023. urte hasieran ikerketako partaide bihurtu dira Emunen lau bezero: Danobat, Eika, Fagor Electronica eta Ikerlan. Beraien etxeetan egingo dugu hurrengo faseen lanketa.

Diagnostiko fasean buru-belarri gaude momentu honetan. Fase honetan euskara planek lehiakortasunean egin duten ekarpena ezagutu nahi dugu. Ikerketan parte hartzen diharduten lau enpresetako euskara planak aztertzen ari gara eta horretarako analisi dokumentala, elkarrizketa sakonak eta kontraste taldeak egin ditugu. Diagnostiko fasean enpresa bakoitzaren euskara planak lehiakortasunari ze ekarpen egin dion zehaztuko da.

Esperimentazio fasean galdera honi erantzungo diogu: zer egin behar dugu ezberdin euskara planean ekarpen handiagoa egiteko gure enpresari? Enpresa bakoitzak, bere testuingurua eta errealitatea kontuan hartuta erronka zehatz bat definituko du, horretan eragiteko interbentzioa diseinatu eta martxan jarriko du. 2023. urte amaierara arte esperimentazio fase hau zabalik egongo da.

Modelizazioa fasearekin amaituko da ikerketa. Bertan, interbentzioak sistematizatu ostean, ondorio orokorrak atera daitezkeen aztertuko da eta hori teorizatuko dugu. Beste leku batzuetara eramatekoak direnak jasoko ditugu fase honetan.

Intuizioak bultzatu du ikerketa hau, eta orain arteko ibilbideari erreparatuta, espero dugu hasierako intuizioak berrestearekin batera hari mutur berriak ere aurkituko ditugula bidean. Baina, batez ere, baliagarria izango dela euskara planek azken hamarkadetan egin duten bidea gizarteratzeko eta batez ere, enpresen erronkekin gehiago konektatuz ekarpen handiagoa egiteko.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus