• EMUN
  • blog
  • Generotik eta hizkuntzatik eraldaketarako zubiak barrutik kanpora eraikiz
2021-03-03 / BLOG

Garabide lankidetza eredu berritzailea eskaintzen duen Gobernuz Kanpoko Erakundea da, euskararen biziberritzean metatutako esperientziak kontuan hartuz, munduko hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen dituena.

EMUN eta Garabide Elkartearen arteko elkarlanak hamar urtetik gorako ibilbidea egin du. Elkarlan horren mugarrietako bat ezarri genuen duela bi urte Mexikoko nawat hiztun komunitatearekin batera Tosepan kooperatibako ordezkariekin garatu genuen hizkuntza planaren esperientziarekin.

Oraingo honetan, elkartearen barne bizitza eta antolaketa genero ikuspegitik aztertu eta eraldaketarako lan ildoak proposatzeko asmoz abiatutako prozesua dugu hizpide.  Bide horretan, EMUN kooperatiba izan dute bidelagun eta egitasmoari Genero Berdintasunaren Aldeko Antolaketa Aldaketa (GBA) deitu diote. EAEko gobernuz kanpoko erakundeetan halako  prozesuak errazteko helburuarekin Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako genero sailaren laguntzarekin gauzatu dutena.

Horretarako, datu kuantitatiboak bildu eta Garabideko komunitateari entzuteko prozesua abiatu genuen, emakume eta gizonen berdintasun mailaren azterketa xehatua jaso duen berdintasun diagnostikoa osatu ahal izateko. Hau da, egoerak, harremanak eta prozedurak aztertu ditugu eta diagnostiko horretan identifikatu diren erronketan oinarritu dugu Garabideko barne-antolaketa ikuspegi feminista batetik eraldatu nahi duen duen Berdintasun Planaren diseinua.

Diagnostiko prozesu hau berezia izan da inondik inora. Izan ere, diagnostikoaren fasean ikuspegi feminista txertatu beharrean prozesua bera feminista izaten ahalegindu gara eta hori Garabideko Genero Erreferenteak, Maialen Sobrino Lópezek, gaiarekiko duen ezagutza eta esperientziari esker lortu da. Beste prozesu askotan ez bezala, hasieratik kulturan eragiten hasteko zubiak eraiki ditugu; hausnarketarako espazioak sortuz eta horretarako baliabideak eskainiz:

  • Garabideko denboraren antolaketaren, kontziliazioaren, erantzunkidetasunaren, intersekzionalitatearen, eta lidergo estiloaren ezaugarrien inguruko hausnarketak abiatu ditugu. Gai hauen inguruko lanketa egiteko Garabideko komunitatea osatzen duten 4 taldeak hartu dira kontutan: bazkideak, boluntarioak, teknikariak eta maila estrategikoa osatzen duten organoak. Eta We Rise erakundearen proposamenez baliatu gara feminismo intersekzionala eta lidergo feministari lotutako gaietan sakontzeko.
  • Garabiden ikuspegi feminista izango duen kultura aldaketa baterako egon daitezkeen erresistentzien inguruko lanketa egin dugu. Horretarako, Lorena Pajares Sánchezek egindako “Garapenerako GKEeetan Generoak dituen erresistentzien analisia” ikerketa erabili dugu. Xedea, eraldaketarako estrategia gisa, Garabideko inkoherentziak bisibilizatzea izan da. Gainera, Uxue Alberdik idatzitako “Kontrako Eztarritik” liburuko hainbat pasarte erabili ditugu eraikuntza patriarkala betikotzen dituzten mekanismoak Garabiden ere identifikatzeko.
  • Sexu eta sexuan oinarritutako jazarpenaren inguruan hausnartu da eta gizarte matxista batek emakumeen bizitzan eta gorputzetan duen eragina eta ondorioak elkarbanatu dira.
  • Banakako elkarrizketa anonimoak egin ditugu. Horietan, kide bakoitzak prozesuarekiko duen iritzia jaso dugu eta Garabideko kultura, erabakiak hartzeko prozedurak eta boterearen dimentsioak Garabideko emakumeengan duen eragina ere hizpide izan ditugu.

Informazio horrekin guztiarekin Garabiden ematen diren genero arrakalak identifikatu dituen diagnostiko txostena osatu dugu: horretan oinarrituta planaren diseinuari ekingo diogu orain. Etorkizunerako abiapuntu berriak ezarri, zapalkuntzak hauteman eta horiei aurre egiteko neurriak proposatuko ditu planak eta bizitzak erdigunean jarriko dituen lankidetza eredu baterako urrats berriak ematea ahalbidetuko du.

Hizkuntza biziberritzeko prozesuetan gainerako zapalkuntzak ere aintzat hartu eta hiztun komunitateen arteko lankidetza zubiak eraikitzeko ezinbestekoa da norbere pertsona eta komunitateari ere erreparatzea. Pertsona eta erakundeon ardura baita barrukoa eraldatzea, ondoren barrutik kanpora ere eragiten jarraitzeko.  

 

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus