• EMUN
  • blog
  • Hausnartu, eraldatzeko; eraldatu, hausnartzeko
2020-01-27 / BLOG

Asko egin duenak asko ikusten du egiteko. Gutxi egin duenak, berriz, ibiltarte txikia ikusten du egiteko. Asko hausnartu duenak bere burua eta inguru osoa eraldatzeko gogoa eta prestasuna erakusten du normalki. Gutxi hausnartu duenak, aldiz, ez du apenas ezer eraldatzeko premiarik sentitzen gehienetan.

Zenbat eta gehiago hausnartu gai baten inguruan, eta zenbat eta interakzio eta iterazio gehiago eduki beste agente batzuekin, orduan eta irekiago egongo gara aldatzeko pausoa emateko.

Horixe da Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egiten dihardugun EuskaraHighTech ikerketatik, besteak beste, atera dugun ondorioetako bat. Ikerketa horretan, teknologia aurreratuaren arloan euskarak izan behar duen funtzioaren inguruan dauden iritziak, usteak, pertzepzioak, desirak eta premiak jaso ditugu. Ondoren, horiek narratibetara ekarri, eta emaitzok elkarrekin interpretatzeko saio kolektibo bi antolatu ditugu. Soslai edo profil ezberdineko 25 pertsona elkarrizketatu ditugu, entzute sakoneko metodoak erabiliz. Pertsona horiek teknologia arloko profesionalak dira: administrazioko kargudunak, unibertsitateko ordezkariak eta enpresa teknologikoetako arduradunak. Eta euren diskurtsoak jaso eta aztertu ditugu.

Azterlan horretan, emaitzei garrantzirik kendu gabe, prozesua bera izan da interesgarria. Pertsona bakoitzak bere bizipenek, konbikzioek eta usteek baldintzatutako paradigmatan pentsatzen du, eta horren arabera jokatzen du bere egunerokoa. Ederra da ikustea pertsona bakoitzak nola garatu eta eralda dezakeen bere pentsamendua. Zenbat eta gehiago hausnartu eta zenbat eta gehiago sakondu bere paradigma horretan, eskema zaharrak hautsi eta paradigma berrietan igeri egiten hastea ahalbidetzen du entzute aktiboaren metodoak.

Aldaketaren teoriari erreparatuz, gizarte aldaketarako prozesuak konplexuak dira, eta “pentsatu >> ekin”, “pentsatu >> ekin…” prozesu sistemikoan jarri behar da fokua. Ziklo horretan fokua jarriz gero, eragin kolektiboak sortzeko gai izan gaitezke. Lehenengo pausoa hausnartzea da, baina. Izan ere, pertsona askok ez du ia inoiz hausnartu euskarak bere egunerokoan eduki beharko lukeen edo eduki dezakeen funtzioaren inguruan. Hausnarketa prozesua aktibatzen denean aktibatzen da aldaketa prozesua ere.

Bestalde, inpaktua kolektiboa izatea nahi badugu, banakako erakundeen esku-hartze isolatuaren ordez, askoz eraginkorragoa izango da gizarte-arazo zehatz bat konpontzeko agenda komuna duten eragile talde baten konpromisoa lortzea. Horretarako, ezinbestekoa da hausnartzetik hastea, banaka eta taldean. Elkarlana eta elkarrekintza beharrezkoak dira. Lehenengo eta behin, ekosistema ulertzetik hasi behar da. Sistema horretan gure rola zein den aztertzetik hasi behar dugu. Ondoren, jakin behar da eragile bakoitzak nola uste duen gertatuko dela aldaketa, eta norberak nola uste duen eragingo duela aldaketa horretan. Bakoitzak bere rolaren kontzientzia hartzea inportantea da. Denok gaude sinesmenez, aurrejuzguez eta hipotesiez beteta. Eta azpian edo ezkutuan dauden uste horiek artikulatzen hasi behar dugu, elkarlanean eraldaketa aktibatuko bada.

A zer nolako indarra daukan galdetzeak! Galdera oso tresna boteretsua da, bai galdetzen duenarentzat, eta baita erantzuten duenarentzat ere.

Arazo baten inguruan parte hartzen duten agente ezberdinekin lan eginez gero, emaitzak lor daitezkeelakoan gaude gu. Euskarak arlo teknologikoan egiteko daukan ibilbidea handia da. Baina, eraldaketan pentsatzen jartzen bagara, gutxienez eraldaketarako lehen pausoa eman dugu.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus