Portaera aldaketei buruzko tailerretan hizkuntza praktikez, autoestimuaz eta portaera asertiboaz aritzen gara. Talde batzuetan gure buruaz, beste batzuetan eragin nahi dugun taldeaz eta saio jakin batzuetan seme-alabei buruz.
Ia talde guztietan haurren eta gazteen hizkuntza ohiturez, aukerez eta espektatibaz hitz egiten dugunean piztu egiten dira saioak. Behartu, ez behartu, beraien elkarrizketetan sartu edo ez, erdaraz hasten direnean moztu, isildu edo elkarrizketa bat ireki… Eta hor sartzen gara gu, galdera bihurri bat egitera: Zertarako nahi dugu gure haur eta gazteak euskaraz bizitzea? (guk ere, helduok, ahal dugun guztietan euskaraz bizitzen ez dakigunean)
Zast! Kontziente naiz, batzuk mindu egin ditut, ez da erasoa, ez da haserrea, eta hala ere galderak min egiten duela antzematen dut.
Ia inork ez digu erantzuten, salbuespenak salbuespen, ez dute bote-lasterrean erantzuten; barre txikia, amorrua, harridura aurpegia edo beste baten erantzunaren zain egon, isiltasuna nagusi. Eta konturatzen naiz segundo gutxi batzuetan heldulekurik gabe geratzen direla, ez dakitela erantzuten.
Ez badidate erantzuten, hurrengo asterako etxerako lana jarriko diedala esaten diet. Eta hurrengo astean ere erantzun gutxi batzuk besterik ez ditut jasotzen. Galdera bueltan etorriko denez, erantzunak pentsatzen hasi naiz:
“Nik nahi dut txikia denean euskaraz hitz egitea heldua denean libre izateko, nahi duena egin ahal izateko. Nahi dut txikitan euskaraz egitea hizkuntzarekin jolasten ikasteko, besteek egiten dutena egiten dutela bereari eusten ikasteko, estrategiak garatzeko, hizkuntza gutxituan ari den hiztun indartsu bat izaten ikasteko, autoestimua indartzeko, bere eskubideak defendatzen ikasteko, portaera asertiboak entrenatzeko, komunitateko parte sentitzeko, babeslekua identifikatzeko, erreferentziazko hizkuntza eta ardatza izateko, bihotza lurrari lotuago bizitzeko, etorkizunean hizkuntza praktika ekologikoak balore eta praktika izateko…”
Eta zuk, (zergatik baino) zertarako nahi duzu zure ondoko haur eta gazteek euskaraz egitea?