• EMUN
  • Blog
  • 3D inprimagailuak eta Korrikaren lekukoa
2022-03-22 / BLOG

A priori bi gai hauek ez datoz bat. Zurezkoa baita Remigio Mendiburuk diseinatu zuen lekukoa eta bat egiten du herri honek zurarekin, basoekin eta eskulanarekin duen tradizioarekin. Baina ez al da tradizioa etengabe berritzen den ur emaria? Iturri zaharra eta ur freskoa, horra MGEPek oraingoan lortu duena kontu oso sinple batekin.

Izan ere lehen aldiz, guk dakigula bederen, 3D inprimagailu batean Korrikaren lekukoa inprimatu da. Aritz Aranburu ikertzaileak egin du diseinua eta Itsaso Zubeldia arduratu da besteak beste inprimatzeaz. Hamabi ordu behar izan ditu inprimagailuak emaitza txukun, dotore eta eder hau lortzeko. Irudimen txinparta, egunero esku artean darabilten teknologia arlo sozialean aplikatzeko modua, orain arte beste inori otu ez zaiona.

Hizkuntza aholkulari gisa hainbatetan esaten diet MGEPeko irakasle nahiz ikertzaileei haiek direla hainbat ezagutza arlotan jarduten duten euskal hiztun bakarrenetakoak. Aurreko paragrafoan aipatu ditudan irudimen txinpartak ez baitira ezerezetik sortzen. Jarrerak dakar hori, akaso errazagoa zatekeen eta ingelesez ekitea. Haien lana aitortu eta goresteko, eta batzuetan baita animatzeko ere, zera esan ohi diet: teknologia berriak lantzean edo ezagutza oso espezifikoak jorratzean euskarara ekartzen duten hitz bakoitza Antartika deskubritu berri den Shackleton kapitainaren Endurance ontziaren parekoa da. Normaltasuna amets duen epika pilula txikia. Hitzok bidea urratzen diote gure hizkuntzari apenas kartografiarik den eremuetan.

Horregatik, doakiela nire aitortza bai MGEPeko bai beste eremu, enpresa, elkarte, ezagutza eta erakundetako bide urratzaileei. Lan polita da, baina ez da erraza. Aurkikuntza hauetako bakoitzak, pentsa zientzia alorreko ezein aurkikuntzatan, laborategi ordu mordoa eta kontatu ohi ez diren beste hamaika sakrifizio ditu. Errazkeriari mihia aterata ondoren etorriko direnei bidea erraztea, horra bide urratzaileen motorra elikatzen duen erregaia kasurik gehientsuenetan. Loria indibidualaren gainetik ongizate kolektiboa.

Bukatzeko, dotore geratu da lekukoa eta balioko digu MGEPen Korrika gugana iritsi aurreko egunak girotzeko. Apirilaren 1ean etorriko da txanda Mendibururena ukitu eta laztantzeko Korrika Arrasatetik igarotzean. Bitartean, futurista dirudien baina errealitatea den teknologiarekin laguntzen eta berritzen da tradizioa.

 

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus