• EMUN
  • Blog
  • Elefantearen adarretatik* elefantera
2024-10-16 / BLOG

Lanean esperimentatzeko gune bat izatea ez da ohikoa, are gutxiago esperimentazio horrek noraeza eta ziurgabetasuna ekar ditzakeela jakinda. Hala ere, probatzearen aldeko apustua egiten duzu. Horixe da Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara teknikarien Udal<>ekineko foroan egin duguna: guretzat orain arte arrotza den pentsamendu eta aldaketa sistemikoaren bidaian sartu gara.

Pentsamendu sistemikoan barneratzea ikaste bidaia abiatzea da. Eskatzen digu gure ikusmira zabaltzea eta lan egiteko modu berriak ikastea. Gure esperientzia eta ikusmoldeez gain, besteenak ere ulertzea, eta, bereziki dena zatika eta modu isolatuan aztertzeko joera gailendu den garaiotan, gure begirada trebatzen du kausa-ondorioen elkarreraginak eta loturak ikustera.

Sufien elefanteen parabolak ondo azaltzen ditu erronkei aurre egiterakoan izaten ditugun mugak, gutariko bakoitzak gure baitako irakurketak egiten baititugu:

Sei hindu jakintsuk, jakin-minak bultzatuta, elefantea zer zen jakin nahi zuten. Itsuak zirenez, elefantearengana hurbildu eta ukitzen hasi ziren. Elefantearengana iristen lehenak, bere bizkar zabal eta gogorrarekin topo egin zuen eta esan zuen: «horma bat bezalakoa da». Bigarrenak, letaginak ukituz, oihukatu zuen: «kontxo, elefantea lantza bat bezalakoa da». Eta gainerakoek ere zati desberdin bat ukituta sugea, zuhaitza, haizagailua eta soka zirela adierazi zuten.

 

 

 

Gertaera bat edo prozesu jakin bat ondo ezagutzen dugulakoan, zenbatetan gertatzen zaigu halako baieztapenak egitea gure lanean? Zatiak eta osotasuna nahasten ditugunean, ikuspegia galtzen dugu. Erronka konplexuak ulertzeko, ordea, sistema osoa ulertzea ezinbestekoa da.

Euskararen biziberritzea gizarte erronka konplexua da, faktore askok eragiten baitute prozesu horretan: kultur eta gizarte joerak (kultur ekoizpena eta kontsumoa; pertsonen migrazioak, aldaketa sozio-demografikoak…), legedia, gizarte egiturak, politikak, sinismenak eta balioak, etab. Sistema ikuspegiak arazoaren sakoneko faktoreak ulertu eta faktore horiek nola erlazionatzen diren aztertzen du, sistema osoaren ikuspegia hartzen laguntzen digu.

Udal<>ekinen Aldaketa sistemikoaren proiektu elkartuan hasieratik ikastea izan dugu helburu, esperimentatuz ikastea. Eta bidaia horretan, arazo bat ulertzeko erronkari heldu diogu, pentsamendu sistemikoa erabilita: “sententziek administrazioko euskararen normalizazio sistema baldintzatzen dute”.

Arazoa mugatzea, ondo ulertzea eta mapa batera ekartzea izan da gure lehen ariketa, eta, horretarako, galdera hauen erantzunak bilatu ditugu:

    • Nork eragin du arazoa?
    • Norengan du eragina egoerak?
    • Nork lagun dezake arazoa ulertzen?
    • Noiz hasi zen arazoa?
    • Zein da sortzen duen eragozpenik handiena?
    • Zergatik ari da arazoa gertatzen?
    • Zein dira arazoa gertatzeko sakoneko arrazoiak?

Ariketa gure baitatik egin dugu, gure esperientzia, bizipen eta ikusmoldeetatik hasieran. Baina gerora, arazoan eragina duten beste profil batzuen tokian jartzen saiatu gara: epailea, egonkortze fasean egon eta euskara maila ez duen langilea, hizkuntza eskakizuna ez duen administrazioko langilegaia, etab. Profil horiek emango lituzketen erantzunak gehitu ditugu sorturiko mapan, eta kausa eta ondorioen arteko loturak marraztu ditugu. Sakoneko arrazoiak ikusi nahian, konturatu gara elkar elikatzen duten gertaerak daudela, tartean, behin eta berriro sortzen diren bukleak, aurrera egiten uzten ez dutenak. Irtenbidea ez da bakarra eta sinplea, baina sistema hobeto ulertzeko egindako ariketa lagungarria izan da.

Konplexutasunaz ohartzea da lehen gakoa, eta galdera berriak eginez analisia erpin gehiagotatik osatzeko saiakera egitea. Gure burua janzten jarraitu nahi dugu Udal<>ekinen, hori dela eta, errealitatea hobeto ulertu eta eraldaketarako palankak non egon daitezkeen probatzen jarraituko dugu datozen hilabeteetan eta, aurrera egin ahala, ikasitakoaren kontakizuna egingo dizuegu.

 

*Elefanteak letaginak dituela uste baduzu, pentsa, adarrak ikusi dizkiogu guk.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus