• EMUN
  • Blog
  • Kontziliazio erantzunkidea, bizitza sostengarriak helburu
2020-11-12 / BLOG

EMUNen, kontziliazio erantzunkidearen inguruko lanketa egiteko hautua egin genuen, 2008an. Hasitako bideak, ikaspenak eta irakaspenak eskaini eta aurrera egiteko bide berriak erakutsi dizkigu.

Kontziliazio erantzunkidea, bizitza sostengarriak helburu

Gizartea osatzen dugun pertsonek, etengabe aldatzen ari diren bizitzak osatzen ditugu. Eta lan munduan, enpresei ere, mugimenduan egotea dagokigu. Gizartearen beharretara egokitu eta bizitza bizigarriak bermatzeko.

Lantokia ere, bizitoki dugula onartu behar dugu. Eta ondorioz, lantokiak ere elkar zaintzeko eremu direla onartu.

Gure bizimoduak, sostengarriak izan behar dute: ez soilik ekonomikoki, baita humanoki eta inguruarekiko ere. Horregatik, enpresetan, eguneroko eginbeharretatik begirada altxa eta elkarri begira jarri beharko genuke. Gizartearen, enpresaren, familiaren eta norberaren buruari arreta jarriz eta guztien arteko oreka lortuz.

Kontziliazio erantzukideaz ari garenean: enpresak, familiak eta pertsonek, hiruek barne orekan egon behar dute, eta aldi berean dimentsio bakoitza ere orekan (enpresan lankideekiko, familian bizikideekiko eta norbanakoa bere buruarekiko) egon behar du. . Hiru elementuak orekan badaude: enpresa lehiakorra, familia orekatua eta pertsona bere buruaren jabe eta erabakiak hartzeko gai izango da. Genero ikuspegia txertatuz gero, oreka hau lan guztietan banatzea bermatzen bada, EMUNen, kontziliazio erantzunkidean kokatzen garela ulertzen dugu.

Begi bistakoa da, ez dela lan erraza kontziliazio erantzunkidea mahai gainean jarri eta honen inguruan, enpresa testuingurutik hitz egitea. Izan ere, honela, enpresari langileen aniztasuna kudeatzea eta langile bakoitzaren momentu desberdinak kontuan hartzea dagokio.

EMUNen, kontziliazio erantzunkidearen inguruko lanketa egiteko hautua egin genuen, 2008an. Kontziente ginen, pertsona batzuek kontziliazio beharrak zituztela eta enpresa moduan, ikuspegi erantzunkidetik, behar horiei erantzutea zegokigula: langileengatik zein enpresagatik. Izan ere, enpresa erantzunkideek, langile erantzunkideak sortzen ditu eta alderantziz.

Kontziliazio beharrez gain, enpresan bertan, desoreka batzuk bagenituela konturatu ginen: organo gorenetan gizonezko asko zegoen eta kontziliazioarekin batera, emakumeak ahalduntzeko neurriak behar genituela konturatu ginen (garatzeko, promozionatzeko, organoetako kide izateko, malgutasuna bi alderdietatik indartzeko…) eta bide horretan, elkar begira jartzea ezinbestekoa zen. Diagnostiko bat egin genuen: EMUNeko praktikak, langileon gaiarekiko iritziak, behar zehatzak, lehentasunak identifikatu eta aldi berean, gaiarekiko ezagutza konpartitu eta kontzeptuarekiko ulermen ariketak egin genituen. Gaia mahai gainean jarriz, egoera eta behar berrietara egokitzeko hautua egin genuen: kontziliazioa, zaintzara bakarrik mugatzen ez zela konturatu ginen. Eta zaintza ikuspegi holistiko batetik ulertzeko bidea garatu genuen, berdintasunaren bidea hartu eta emakumea ahalduntzeko neurriak zaintzea ezinbesteko bihurtuz.

Kolektiboa sentsibilizatu eta formatzeak, berebiziko garrantzia du: norberarengan eta gizartean. Aldi berean, erantzunkidetasunaren balio eta kontzeptuan sakontzeak, erantzule izatea esan nahi du: etxean (familian), enpresan eta gizartean. Hau guztia ikuspegi feminista batetik garatzea ezinbestekoa da, bestela, orain arteko roletatik eragiten jarraitzeko arriskua dago. Eta bide horretan, pertsonen beharrak gertutik zaintzeak, lana eraginkorragoa izaten laguntzen du, beharrak entzun eta erantzunez gero, norbere espazio hirukoitzetan, zentratuago eta gusturago sentitu gara.

EMUNek azken urteotan garatu dituen kontziliazio politiken nondik norakoak sakonago jasotzen dira ondoko lekukotza honetan, Amaia Etxaniz Apaolatzak Emuneko Pertsonen arloko arduradunak, 2017an Donostiako Tabakaleran #BSBideak berrikuntza sozialeko jardunaldietan egindako hitzaldian.

Prozesuak elkarrengandik ikasteko aukera handia eskaini digu eta oraindik ere ikasten jarraitzeko asko dugula erakutsi. Gogoetarako elkartu izanak, elkar entzuteko aukera eman eta entzute honen ondorioz, kontziliazio arloan hartutako neurriek berretsi digute hartutako bidea zuzena dela, gutako bakoitzaren ongizateak guztion onura dakarrelako.

 

 

 

 

 

 

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus