Izenburuan jasotako horixe izan zen, pasa den ekainaren 15ean Tolosan UEUk antolatutako udako ikastaroan jorratutako hizketagai nagusia: hizkuntza hautuak, generoa eta arnasguneak gurutzatu ziren bertan. Emunkideak ere bertan izan ginen, batzuk entzule gisa eta Onintza Legorburu Larrea emunkidea aldiz, hizlarien artean. Arnasguneetako hitz egiteko moduari erreparatu zioten Legorburuk berak eta Garbiñe Bereziartua EHUko irakasle eta ikerlariak; zehazki, hitanoa, arnasguneak eta generoaren arteko gurutzaketaz jardun ziren.
Ideia zaharrak freskatzeko aukera izan genuen jardunaldian, eta ideia berriei ere, lekua egin genien geure buruetan. Sei hitzartze egon baldin baziren ere, artikulu labur honetan, bi hitzartzeri erreparatuko diegu; gure lanarentzat baliagarriak izan daitezkeelako.
Batetik, Lorea Agirre Jakineko zuzendari eta antropologoaren hitzaldia izan zen. Ezaguna da, Idurre Eskisabelekin batera, feminismoa eta euskalgintza elkarrizketan jarri izan dituelako, baina oraingo honetan, euskarari eta generoari bestelako begirada batetatik erreparatu zien. Hau da, feminismoa eta euskalgintza mugimendu gisara aztertu beharrean, generoak hizkuntza hautuetan duen pisuaz hausnarketa interesgarriak aurkeztu zituen beasaindarrak. Euskal soziolinguistikan ere, 70-80. hamarkadatik generoaren eta hizkuntza erabileren arteko igurtziaz hitz egin izan zuten Txepetxek zein Joxe Azurmendik, besteak beste. Dena den, nahiko modu mugatuan heldu zieten bi pentsalariek gaiari; gutxi gorabehera, emakumeen buruarinkeria edo modarako joeraren gain jartzen baitzuten, garai batean, arnasguneetan egon zen emakumeen erdararako joera. Jarraian, Agirrek hiruko bat mahaigaineratu zuen, etengabe elkarrekintzan dauden fenomeno modura: estatusa, prestigioa eta botere eza. Hala nola, sexu-genero sistemaren baitan daukazun boterea, eta hizkuntza batek daukan prestigioa elkarreraginean egongo direla, norberak sexu-genero sisteman betetzen duen guneak, eta hizkuntza batek espazio batean duen prestigioak, hizkuntza hautua baldintzatuko duelako.
Bestetik, Kattalin Minerrek bere hitzaldian mahai gaineratu zituen zenbait hausnarketa eta galdera ere ekarri nahi genituzke hona. Euskaraz hitz egiten dugunean, euskara hizkuntza gutxitu bat dela argi izanda, arnasguneetan euskarak duen prestigioaz hitz egin zuen, eta prestigio horrek gorputz disidente batentzat duen esanahiari buruz galdetuz hasi zuen hitzaldia. Hala, galdera potoloa plazaratu zigun: Zer esan nahi du euskarak genero disidente batentzat? Euskara espazio konkretu batean araua denean, zer errepresentatzen du, genero sistemaren arautik kanpo aurkitzen den gorputz batentzat? Tamainako galderari erantzunez, arnasguneetako genero disidentziez aritu zen Miner, pertsona horiek beraien herrietatik joan beharraz, sexilioaz; eta baita, itzulerez ere. Eta izan joaterako orduan, eta baita itzultzerakoan ere, hizkuntza hor dagoela aipatu zuen, hizkuntzak gauza batzuk errepresentatzen dituelako, eta norma zein egiteko modu batzuei lotuta dagoelako. Genero identitateen eta hizkuntza hautuen artean ere badagoela zer ikertu eta pentsatua, alegia.
Ikerketa eta azterketa gutxi baldin badago ere, jakin badakigu, hizkuntza hautuetan soziolinguistika klasikoenak kontenplatzen ez zituen aldagaiek ere eragina daukatela. Izan klase sozialak, arrazak, zein generoak hizkuntza hautuetan ere eragin zuzena baitaukate.
Guri dagokigunean, azken hamarkadan sortu den produkzio akademikoa zein hausnarketa mailakoa, nola lurreratu pentsatzea dagokigu. Euskararen erabileran generoak zein bestelako kategoria sozialek zeresana daukaten neurrian, euskararen biziberritze estrategietan ere kontuan izan beharko baititugu. Horregatik, eraldaketa lurretik eragiten denez eta ideien munduak lurreratzeko, ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere gure eguneroko lanean gurutzatzen diren ardatzei erreparatzea.