• EMUN
  • Blog
  • Gazteak eta euskara: oztopo errealak eta aukera berriak
2025-02-10 / BLOG

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeak duen erronka handienetakoa, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekin batera,  erabilerarena da. Askotan, gazteen euskararen erabileran jarri ohi dugu fokua, baita euskararen erabilerak izan duen eta izan dezakeen bilakaeraren ardura nagusia ere. Begirada horretan ordea, ongi ari al gara? 

Emunen azken urteotan hainbat udalerritan ikastetxeekin elkarlanean gazteentzat antolatutako soziolinguistika saioetan dihardugu. Hala, gazteekin lantzen ditugun soziolinguistika saioek erakutsi digute gaia konplexua dela, eta zenbait aurreiritziren aurka, gazteak ez direla hizkuntzarekiko utzikeriaz ari, hau da, ez diotela besterik gabe uko egiten euskaraz aritzeari.  

Aitzitik, gazte askoren gogoan badago hizkuntzarekiko kezka, eta euskaraz ez jardutearen edo gaztelaniarako jauziaren atzean askotariko arrazoiak daudela ikusi dugu, hizkuntzaren egoera soziolinguistikoaren ezagutza faltatik hasita, bestelako faktore emozional eta sozialetaraino. Sarri esaten da gaur egun sare sozialetan zein aisialdian nagusitzen diren hizkuntza hegemonikoek eragin nabarmena daukatela gazteen zein ez hain gazteen bizimoduan eta hizkuntza ohituretan, baina horrekin batera, erreparatu behar genieke harreman afektiboei, talde-presioaren eraginari, sozializazio eremuei, ditugun erreferente eta ereduei, hizkuntzen prestigioari edota hizkuntzen bueltan jasotako transmisio emozionalari, besteak beste. Hizkuntzaren inguruko jarrerek eta emozioek bete-betean eragiten dutelako hizkuntza baten edo bestearen aldeko hautua egiterakoan.

Are gehiago, gazte askok euskarari buruz hitz egiteko interesa izan badaukate, beraien ohiturei buruz, testuinguruari buruz edo identitate linguistikoari buruz, baina sarritan inguruneak ez die horiei buruz hitz egiteko aukera errazten eta tresnak behar dituzte kalitatezko elkarrizketak eduki ahal izateko. Gogoeta egiteko eta erabilera sustatzeko urrats zein espazio gehiago behar dituzte. 

Gazteak gehiago entzun, hobeto ulertu

Gazteekin ordubeteko saioan elkarrizketari eustea ez da sarritan erraza, baina euren bizipenez hitz egiten hasten direnean, oro har, piztu egiten dira, gaiaz hitz egin nahi dute, entzunak eta ulertuak izan nahi dute. Aitzur lana da hori, galderak egiten dizkiegu, pixka bat barrurago sartzeko. Saiatu behar baitugu ulertzen, adibidez, 16 urte edukitzea zer den testuinguru bakoitzean, familian, ikasgelan, lagunartean, eta bestelako eremuetan. Bizipenak askotarikoak baitira, eta kontua ez da gaztea bere horretan onartzea eta kito, baizik eta galderen bidez gertatzen ari zaiona ulertu eta ondoren hizkuntza hautuak egiteko edota atxikimendu bat edo beste garatzeko dituen aukerak ere eskaintzea.

Hasieran esan bezala, gazteei erantzukizuna eskatzen zaie, baina erantzukizuna sentitzen badute, zer baliabide edo indar dute horri erantzuteko? Eta hori bera da helduoi ere gertatzen zaiguna. Zer dago euskaraz aritzeko lotsaren atzean? Zeintzuk dira zamak, zeintzuk zauriak? Euskaraz aritzeko eskatzen diegunean zer eskatzen diegu?  

Ondorioz, ezinbestekoa da errealitate horren atzean dagoen konplexutasuna ulertzea, gazteei eurei hizkuntzarekiko dituzten bizipen, iritzi eta kezkei buruz galdetzea eta horren arabera, hizkuntza sustatzeko estrategia egokiak martxan jartzea. 

“Esaidazu zer esan behar diedan ikasleei euskaraz egiteko”

Irakasle askok eskatzen digute: “esaidazu zer esan behar diedan ikasleei euskaraz egiteko”. Euskara gazteentzat aukera erakargarri edota baliagarri bihurtzeko, haien beharrak, kezkak eta interesak entzun eta jasotzea funtsezkoa dela badiogu, gure ustez, helduok gazteei euskaraz egiteko eskatzetik harago, haiekin elkarrizketa errealistagoak, ausartagoak eta aberasgarriagoak eraikitzeko gai izan behar dugu. Izan ere, hizkuntza ohiturak aldatzeko, helduok gure buruari galderak egin behar dizkiogu: nola eraiki ditzakegu gazteekin elkarrizketa eragingarriak? Nola transmititu dezakegu hizkuntzaren garrantzia beren betaurrekoetatik?

Helburuak ezin du soilik izan orain eta hemen hizkuntza aldatzea, baizik eta erabakitzeko ahalmena eta indarra daukatenean erabakia errazago hartzeko baliabideak eskaintzea. Horrek erraztuko baitu gazteak hizkuntza mudantzarako jauzian seguruago sentitzea, euskara erabiltzen dutenean indartsuago sentitzea, eta modu progresiboan haien hizkuntza atxikimendua indartu, hizkuntza hautuan kontzientzia jarri eta euskararekiko dituzten bizipenak eta narratibak eraldatzen hastea.

Soziolinguistika estrategia berriak eta euskara indartzeko ikuspegi eraldatzailea

Euskararen erabileraren erronkari aurre egiteko, ikuspegi eraldatzaileagoa behar dugu. Ez da nahikoa euskara ikasgela barruan ikastea edota hizkuntza modu formalean sustatzea; gazteen eguneroko bizimodura egokitzea beharrezkoa da; ikasgelatik kanpo erabiltzeko aukerak sortu behar dira, hezkuntza formalaren esparruan ez ezik, aisialdian, kalean eta gainerako gizarte eremutan presentzia bermatzea eta eragile lana egitea funtsezkoa baita. 

Soziolinguistikak eta psikolinguistikak erakusten digute hizkuntza portaerak baldintzatzen dituzten faktoreak asko direla. Ondorioz, gazteekin eurekin batera hizkuntzaren alde soziolinguistikoa eta psiokolinguisitikoa landu behar da, hau da, komeni zaigu hiztun komunitateak gaur egun duen egoera zein den ulertzea, eta aldi berean, gazteek hiztun gisa dituzten bizipenei ere leku egitea. 

Etorkizunean gazteak euskaraz biziko badira, eta bide horretan helduok esku hartuko badugu, izan dadila, dagokigun arduratik, gazteak aktiboki entzuteko elkarlan esparruak eraikita.   

 

*Ainhoa Lasa Agirre, Eider Gurrutxaga Larrañaga, Mikel Pérez González, Naia Rodriguez Casado, Mikeldi Zeberio Loinaz, Miren Baranguan Yarza eta Igor Mujika Artano, Emun kooperatibako aholkulariak.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus