Garabide elkartearekin lankidetzan, EMUNek duela urte batzuk hasi zuen Mexikoko Cuetzalanen (Puebla) kokatutako Tosepan kooperatibarekin elkarlana. Nahuatl hiztun komunitatearekin lan munduaren euskalduntzean urteotan EMUNek izandako esperientzia partekatzeko asmoz ekin genion egitasmo honetan parte hartzeari. 2019an Txerra Rodriguez Gomez emunkideak bertan egindako egonaldian hizkuntza kudeaketarako planen diseinuan aholkularitza eskaini zien erakundeko ordezkari eta kideei eta bi herriotako errealitate eta esperientziak partekatzeko elkarrizketa aberatsari ekin zitzaion.
Orduan hasitako bideak jarraipena izango du aurten ere. Azaroaren 6tik 19ra bitartean Onintza Legorburu Larrea emunkidea izango da Garabideko Gatxirekin batera. Txoko honetan bidaiaren eta lankidetza esperientzia honek emandako gogoetak jasoko ditugu.
LANKIDETZA BIDAIA BATEN PODCAST KRONIKA (Onintza Legorburu Larrea)
1. IRITSIERA:
25 ordu. 25 ordu pasa behar izan dira, Arrasaten irten, eta Tosepanera iristeko. Mexiko hirian lur-hartu dugu, gaueko 20:00ak aldera. Ilun dago, baina zarata da nagusi, bizitza. Lur hartu, migrazioko kontuak egin, eta gauza garrantzitsuei heldu diegu; 25 orduko bidaia baten ostean garrantzitsuena denari, alegia. Kanpora irten eta zigarroa piztea izan lehen lana, “kalada” luzea; 25 ordu erretzeke dagoenaren tamainakoa.
Parean kotxeen joan etorria. Kotxe handiak, Hollywood-eko pelikuletan aberatsek erabiltzen dituztenen parekoak. Harritu egin gaitu kotxeen tamainak, eta glamourrak, zergatik ezkutatu. Ameriketako Estatu Batuetan kokatzen baikenituen horrelako kotxeak, goiko bizilagun aberatsenarenean, eta ez Mexikon. Minutu gutxira, Tosepandik etorri dira gure bila. Kotxeak ez dauka horrenbeste glamour, baina “pickup” estiloko kotxe handi bat da, eta honek ere, Amerketako Estatu Batuak gogorarazi dizkigu. Mexikar baino, Chicano sentipenarekin egin dugu Mexiko hiritik Tosepanerako bidaia.
Glamour, kotxe eta “pickup”-en artean, harrigarria da, 7 miloi pertsona inguruk jatorrizko hizkuntzaren bat hitz egiten duten herrialdean, ez dugula gaztelania ez den beste hizkuntzarik entzun, ezta irakurri ere. Aireportuan gaztelania da nagusi, baita Cuetzalango kaleetan ere. Nahiz eta, igandea izaki, Cuetzalango merkatura joan gara, turista onenen pare. Merkatuan baserritarren artean, eta helduenen artean, Nahuatl hizkuntza ere entzun ahal izan dugu. Merkatua, zaharrak eta baserritarrak… Ezaguna egiten zaigu kontua, ezta? Hemen ere, zakurrak ortozik.
2. TLAJTOLI (HIZKUNTZA):
Hizkuntza izan liteke, barea, mugitua, mugatua, azkarra, deserosoa, txikia, handia, edota baita, amaiezina ere. Urak, eta zehazki itsasoak, ezaugarri horiek guztiak ere barnebiltzen ditu. Poesian eta baita prosan ere, ura, malkoak, itsasoa… erregistro erabiliak izan dira. Ezta oso originala hortaz, itsasoarekin metaforak sortzea. Baina baliagarria da, eta gauzak baliagarriak direnean, ez aldatzearen aldekoa naiz ni. Ni baino dezente lehenago, Gabriel Aresti poetak hizkuntza eta itsasoaren arteko lotura edo konparaketa egin zuen. Horren arabera, euskara putzu sakon eta ilun bat zen, baina guri esker, itsaso urdin bilakatu omen zen. Ideia benetan eztabaidagarria da honakoa, hala ere, ez gara orain horretan sartuko.
Baina itsasotik urrun gaude hemen, Cuetzalango mendiek badute handitasuna, baina itsasotik urrun aurkitzen dira. Hala, nola azaldu itsasoa sekula ikusi ez duen bati, zein den itsasoaren handitasun eta edertasuna? Nola azaldu itsasoaren, eta gure itsaso partikularraren, hau da, hizkuntzaren handitasun eta sakontasuna ezagutzen ez dutenei, bertaratzeko nahia, bertan etengabeko bainuak hartzekoa? Hortxe egongo litzateke gakoa, izan Euskal Herrian eta baita, Tosepanen ere. Kasu honetan bereziki Tosepanen; hizkuntzaren ezagutza ezinbestekoa baita, hizkuntza ez dadin museorik dotoreneetako
pieza batean bilakatu. Ezberdintzen gaituzten gauza ugari dauzkagu, eta horiei buruz ere hitz egingo dugu, baina
batzen gaituztenak ere badira, itsaso zabal batek banatzen baldin bagaitu ere.
3. NAKAYOH (GORPUTZA):
“Herria da gorputza, hizkuntza bihotza”. Gorputzaren zentroan kokatzen zuen, hortaz, Urepeleko artzainak hizkuntza. Ez buruan, ezta eskuetan, ez eta ezpainetan ere… bihotzean kokatzen zuen, gorputzaren ardatzean, epizentroan. Baina nik esaterako, oso urrun sentitu izan ditut hizkuntza eta gorputza nire bizitzan. Bi elementuak apartekoak bailiran jardun izan dut urte askoan; hizkuntza gorputzean sortuko ez balitz bezala, eta gorputzak hitz egingo ez balu moduan. Gorputzari entzungor.
Hizkuntza eta generoaren inguruko formazio saio bat gidatzeko aukera izan genuen pasa den asteazkenean. Emakumeak ginen parte hartzaile guztiok, eta adin berdintsukoak. Emakume eta euskaldun bai, baina zuri ere banaizen neurrian, lehenengo nire “speech-a” jaurti, eta ondoren, zabaldu zen galdera, hausnarketa eta hizketaldirako tartea. Eta egiari zor, nahiz eta topiko bat izan, nik esandakoak baino, entzundakoak dezente interesgarriagoak izan ziren kasu honetan ere.
Bertan zen nahuatl hiztun gazte batek hartu zuen hitza. Urduri hasi zen hizketan, nahiko motel. Berarentzat bizitzan mugarri bat izan zen momentua deskribatu zigun. Lehendabizikoz, nahuatl hizkuntzan pertsona batekin laztandu, muxukatu eta larrua jo zuen lehen aldia: “Sentí que fue la primera vez, que mi ser nahuatl se sintió amado y acariciado”.
Izendatu, kategorizatu, kontzeptualizatu… Horretan espezialistak gara. Baina, bizipenak horren modu sakonean bizitzen ez dakit ohituta gauden. Buruarekin, arrazoiaren bitartez bizi dugu hizkuntza, eta nahiko kamutsak gara, horren inguruko bizipenak gorputzarekin irakurtzen. Euskaraz larrua jo genezakeen arren, ez dakit sekula, modu horren intentsuan, intimoan begiratu izan diogun gure izate euskaldunari. Guk ere, hobe genuke batzuetan, gelditu, eta modu honetan sentitzea, sakon. Zer, sekula sentitu ahal izan dugu guk, modu horren intentsuan, intimoan, gure izate euskalduna laztandu eta maitatua?
Batzen gaituzten kontuak badira. Baina argi dago, ezberdintzen gaituztenek ere, pisu nabarmena daukatela.
4. TSIKITSIN (TXIKIA):
Berezi izatea gustuko dugu; maite dugu bereziak garela sentitzea. “Izan zaitez berezi” diote hiriburuetako etorbide handienetan kokatuta dauden merkatal guneetako iragarkiek; “Zu ezberdina zara”. Honelako mezuak irakurri genitzake dendarik handienetako publizitate kanpainetan.
Orain dela hilabete batzuk, sare sozialetan bolo-bolo zabaldu zen euskararen edertasun eta berezitasunari gorazarre egiten zion ikus-entzunezko bat. “En euskera no decimos luna, decimos ilargi. Que quiere decir algo así como: luz de los muertos”. Edo “En euskera no decimos parir, decimos erditu, que quiere decir algo así como partirse en dos. And I think that`s beautiful” zioen hizkuntzaren influencerrak, gaztelania batuan.
Hemen ere, berezitasunean eta txikitasunean eraikitzen da hizkuntzaren edertasuna. Ama hizkuntzaz hitz egiten dute nahuatl hiztun gazteenek, baita, helduagoek ere. Nahuatl hizkuntzak gaztelaniarekin inongo zerikusirik ez daukala azalduko dizute. Eta nahuatl hiztun berrien hitz egiteko modu traketsaz ere, entzun ahal izango duzu baten bat. Arbasoen hizkuntza, Europako hizkuntzarik zaharrena, euskalkien purutasuna, euskaldun zaharren hitz jarioa… Antzekotasunak aurkitu genitzake hortaz, diskurtsoetan. Bereziak izan nahi genuke, baina zorionez, ez gara.
Tematu gintezke behin eta berriz, hizkuntzaren txikitasunari eta berezitasunari gorazarre egitean. Baina nekez eraikiko dugu modu horretan, noranahikoa eta edonorena den hizkuntza bat. Finean, nekez emango da hizkuntzaren normalizaziorako saltoa.
Amesten dut, egunen batean, Bilbon edota Pueblako aireportuan, bertan dagoen polizia kopetilunak gelditu eta nahutleraz edota euskaraz galdetuko digula: ¿Y usted, tiene algo que declarar?
Eta orduan bai, orduan, berezi izateari utziko diogu, normaren baitan, askoz ere erosoago bizi baita pertsona. Anormalitateak neke amaigabea baitakar.
5. ITZULERA:
Itzuli gara. 23 ordu behar izan ditugu, Cuetzalanen irten, eta Arrasatera iristeko. Mexiko Hiritik Madrilerako hegazkinean, joatean baino, bi ordu gutxiago. Nik uste nuen, hegazkinen ibilbide ezberdinen eragina zela bi orduen gora behera hori. Baina esan didatenez, lurraren errotazioak, edota haizearen norabideak ere eragina omen daukate orduen gorabehera honetan. Batek jakin!
Dena dela, Bilbora iritsi garenean, Mexiko Hirian lur hartu genuenean baino dezente glamour gutxiago hauteman du gure begiradak. Ohiko irteerako kontrolak, ohiko pertsona profila, eta baita, ohiko kotxeak ere. Kotxeen matrikulak ere, ezagunak egin zaizkigu.
Umetatik gustatu izan zaizkit kotxeen matrikulak. Ez dakit zergatik, baina, beste herrialde bateko kotxeen matrikulek, atentzioa eman izan didate beti. Uste dut, herrialdearen inguruko hainbat informazio eman diezaguketela, herrialdearen antolamendu administratiboaren inguruan esaterako, informazio andana eskuratu daiteke matrikuletatik.
Kotxeen matrikulez gain, beste herrialde batzuetako etxeak ere gustuko ditut. Zehazki, etxeetako leihoak. Maite dut herri edota hirietara gauez iristea. Leihoetatik begiratu, eta bertan bizi diren pertsonen bizitzak imajinatzea gustatzen zait; eta gauez, askoz ere argiago ikusten dira etxe barruak leihoetatik. Begirada zorroztuz gero, leihoetatik hainbat gauza hauteman daitezke. Etxe horretan bizi direnen maila sozioekonomikoa, harremantzeko dauzkaten moduak, telebistan ikusten dutena, eta honekin lotuta, kulturari lotutako kontsumo ohiturak…Informazio asko lor liteke hortaz, zirrikitu batetik begiratuz; begirada zorroztean datza kontuak.
Eta horixe dakarkigu Tosepanetik. Bizitzari eta gure lanari begiratzeko leiho berri bat, hiriguneetako leihoetatik begiratuta bezala, begirada zorroztu, eta gauza asko ikusi eta ikasi baititugu bertan.
Soilik, Violeta Parra kantautore txiletarrak kantatzen zuen moduan, bizitzari eskerrak ematea gelditzen zaizkigu. Eta nola ez, eskerrak baita, besoak zabalik hartu gaituzten Tosepani eta nahuatl herriari ere.
Mila esker. Miak tasohkamatik!