• EMUN
  • Bloga
  • LIDO, itzulpen memoriak garbitu eta optimizatzeko proiektua
Nekane Gonzalez GerrikoItzultzailea
2023-02-14 / BLOGA

Gure bezeroen memoriak dira Emunen dugun altxorretako bat, urteetan egindako lanaren fruitua.

LIDO proiektuari esker, itzulpen memoria horiek garbitu eta optimizatu egingo ditugu.

Bigarren aldiz joango gara eskutik Vicomtech, Mondragon Lingua eta Emun. Oraingoan, LIDO proiektua aurrera eramatea izango da helburua; alegia, itzulpen memoriak garbitzeko eta optimizatzeko gailu bat diseinatu eta garatzea. Horretarako, Enpresetako I+G bultzatzeko HAZITEK laguntza programak emandako dirulaguntza jasoko dugu, Eusko Jaurlaritzak eta Europar Batasunak 2021-2027 aldirako Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren (EGEF) bitartez kofinantzatuta.

25 urte igaro dira Emun Kooperatiba sortu zenez gero, eta urte hauetan guztietan bezero bakoitzarentzat propio sortutako itzulpen memoria bana daukagu, ehundik gora honezkero. Erabiliaren erabiliaz, ohikoa izaten da memorietan “soberakina” metatzea: errepikapenak, norabide aldaketak, okerreko segmentuak… jargoi teknikoan “zarata” esaten zaiona.

LIDO proiektuaren helburua gailu bat sortzea izango da, eta hori berori erabiltzea itzulpen memoriak txukun uzteko, aipatutako “zarata” horietatik salbu: kodetzea egokituta, datuak alineatuta, mozketak berregokituta… Horretarako, Mondragon Lingua eta Emun elkarlanean arituko gara Vicomtechekin, Vicomtech baita gailua teknologikoki diseinatu eta garatzeaz arduratuko dena. Gainerako bi enpresok gure memoriekin elikatuko dugu tresna; ondoren, bueltan jasotako emaitza aztertu, eta ekarpenak egingo ditugu, Vicomtechek, pixkana-pixkana, gailua doitu dezan. Proiektuak iraungo duen urteetan (2024ko abenduan amaituko da), gailu optimo bat lortzea izango dugu xede, memoriak bertara igo, eta handik garbi jaisteko moduan.

Ondorioz, gure bezeroen itzulpen memoriei are etekin handiagoa aterako diegu gure eguneroko zereginean, kalitate goreneko itzulpenak eskaintzeko, terminologia zein egitura aldetik koherenteak. Bezeroen itzulpen memoriak baitira gure altxorra eta eskaintzen dugun itzulpen zerbitzuaren bermea.

 

HAZITEK – ENPRESA I+G BULTZATZEKO LAGUNTZA PROGRAMA

EUSKO JAURLARITZAK ETA EUROPAR BATASUNAK

2021-2027 ESKUALDE GARAPENERAKO EUROPAR FUNTSAREN (EGEF) BITARTEZ KOFINANTZATUTAKO ERAGIKETA

 

                             

 

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus