Esperientzia zinez aberasgarria izan da Gipuzkoako sei udalerritan izan duguna. Herritarren partaidetzaren arloan sakontzeko nahia eta beharra oso zabalduta dago Gipuzkoako udaletan eta 2023an udal gobernu talde berriak antolatu direla baliatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak formazio eskaintza zabala eskaini die lurraldeko udalei herritarren partaidetza eta komunitatearen garapena lantzeko. Orotara, lurraldeko 25 udaletan baino gehiagotan eman dira ikastaroak eta elkarlanean aritu gara arloko aholkularitzak (Aztiker, Elhuyar, Prometea, Emun), Euskal Herriko Unibertsitateko Parte hartuz Ikerketa Taldea eta Aldundiko Gobernantza eta Berrikuntza Politiko-sozialeko Zuzendaritza.
Gure kasuan, “Nola sustatu herritarren parte hartzea Udaletik?” modulua prestatu eta eman dugu ondoko udalerritan: Aretxabaleta, Deba, Elgoibar, Lazkao, Lezo eta Zestoa.
Ikastaroa berbera izanagatik, garapena eta dinamikak ezberdinak izan dira herri bakoitzean, herri bakoitzaren egoeraren eta errealitatearen seinale. Izan ere, ugariak baitira herritarren partaidetzaren garapenean eragiten duten faktoreak.
Ikastaroak teorikotik baino gehiago izan du praktikotik, eta udalerri bakoitzaren egoerara egokitzea izan du xede, bakoitzaren ibilbide historikoaren azterketa kritikoaren bidez, alde batetik, eta baita etorkizunera begirako lanketak eta egin beharreko aldaketak identifikatzearen bidez ere. Azken parte honi jarri diogu arreta berezia, egia esatera.
Herritarren partaidetzaz ari garela, parte hartze prozesuak etorri ohi zaizkigu burura, baina horretara mugatzea ez litzateke bidezkoa izango. Partaidetza bidez lan egiteak erakundearen begirada aldatzea dakar, eta, nagusiki, udalaren antolaketa beste era batera ulertzea. Hori dela eta, herritarrengana jo aurretik, komeni da udal barnean begirada hori lantzea eta beharrezkoak diren moldaketak egitea. Kalera irten aurretik etxea txukuntzea komeni dela, alegia. Elkarrekin, ahalik eta ahots gehienak kontuan hartuta, baina norabide argiarekin: politika publikoak diseinatzea herritarren nahiak eta beharrak aintzat hartuz.
Sei ikastaroak kontuan hartuta, hauek izan dira herritarren partaidetza udal batean antolatzen hasteko identifikatu ditugun behar nagusiak:
1. Lidergo politiko argia: iparra behar da eta hori politikariaren eskutik dator. Talde ezberdinen artean partaidetzari buruzko zoru komuna zehazteak mesede egingo dio udalerriari eta, batez ere, partaidetzaren zilegitasunari herritarren begietara.
2. Udalaren egitura eta antolamendua moldatu. Udalaren barne egiturak zurrunak dira eta barne kooperazioa zailtzen dute. Inportantea da sinergiak eta elkarlana lantzea sailen artean, herritarrei mezu koherenteak emateko.
3. Baliabide teknikoak eskaini: erreferentziazko pertsona edo gunea behar du erakundeak partaidetza kanalizatzeko eta trakzio lana egin ahal izateko.
4. Ezagutza eta formazioa zabaldu udal langile eta politikarien artean. Teknikaria izatearekin ez da aski. Inportantea da gainerako arloetako politikariak, teknikariak eta langileak gaian janztea eta eguneratuta egotea.
5. Planifikazioa ezinbestekoa da: partaidetza ez da inprobisatzen. Indarrak ondo neurtu behar dira behar bezalako baliabideak aurreikusteko. Baina guztien artean bereziki zaindu behar da egutegia, udal barneko lanak ez kolapsatzeko, alde batetik, baina batez ere, herritarrak ez zamatzeko aldi bereko hainbat prozesurekin.
Ikaskideek zerbait baloratu baldin badute, politikariek eta teknikariek, denok batera, gaiari buruz ikasi eta elkarrekin hausnartzeko denbora hartu izana da. Izan ere, gutxitan egon ohi da herritarren partaidetza modu estrategikoan elkarrekin lantzeko aukera.
Ikastaroa jaso dugun udalerri guztiok elkartu gintuen mintegian esandakoei kasu eginez gero, ondorio argirik bada, hori gaian sakontzeko nahia eta beharra da, ezbairik gabe.