Teknologia berriek gizartea eraldatzen dihardute azken hamarkadetan eta aldaketa horiek norbere eraldaketa prozesuetara egokitzeko erronka ez da nolanahikoa izaten ari. Emunen etengabeko eraldaketan eta ikasketan sinesten dugulako, Itzulpen Zerbitzutik 2019. urtean ekin genion ITAI proiektuan parte hartzeari, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko Sailburuordetzaren HAZITEK programaren baitan.
Harrezkero, beste hainbat eragilerekin batera egin dugu bidea: Mondragon Lingua, Taigabe, Iametza, Mixer eta Vicomtech. Itzultzaile automatiko neuronalen ikaskuntza iraunkorrerako sistema bat garatzea izan dugu helburu nagusi, eta geltokiz geltoki, horretarako urratsak egin ditugu.
Hasteko, gailu neuronala gure OLI (Ordenagailuz Lagundutako Itzulpena)-arekin bateragarri egin dugu (Wordfast), itzulpen emaitza egoki eta kalitatezkoak jasotzeko asmoz. Bide beretik, ITAI gailuan bildutako corpusa elikatzen aritu gara egunez egun, eta, horrenbestez, itzultzaile automatikoen adimen mailan jauzi kualitatiboa emateko ekarpenak egiten. Jauzi kualitatibo hori, baina, gailuak ez ezik, gure zerbitzuak ere eman du, eta horri esker, bizkortasunari zein kalitateari dagokienez itzulpen emaitza hobeak lortu ditugu.
Hasiera batean soilik itzultzaile taldeak eskura izan duen baliabidea izan bada ere, 2021. urtean, teknikari gehiagori ere eman zaie gailua baliatu eta aldi berean, hango corpusa elikatzeko aukera. Zabalkunde horri esker, gure ohiko itzulpen lanetarako tresna nagusi bihurtu da ITAI, eta baliagarria izango zaigu aurrerantzean ere gure eguneroko zereginetan eta eskaintzen ditugun zerbitzuetan hobekuntzak txertatzeko.
Eraldaketa prozesuetan emaitzaz harago, bidean ikusitakotik ikastea izaten da sarritan emaitza bera bezain garrantzitsua eta hala, ohartu gara urteetan erabili dugun OLIa aldatzeko unea iritsi zaigula. Ondorioz, Wordfastetik Tradoserako jauzia eman dugu, nola ITAIrekin sortutako hainbat gorabehera konpontze aldera, hala itzulpenak edozein formatutan eragozpenik gabe egin ahal izateko. Era horretan, kalitatea, bizkortasuna eta formatua, hiru baldintzak kontuan hartzen dituen itzulpena egiten trebatu gara Emunen, bezeroaren eguneroko premiak asetzeko.
Teknologia berrien garapenak bide luzea du oraindik egiteko eta Emunen badakigu erronka berriei aurre egin eta jauzi berriak egiteko une eta aukera berriak iritsiko direla, gurea etenik gabeko eraldaketa eta ikasketa bidea delako. Teknologia berriek errealitatea eta gure lana egiteko modua eraldatuko dutela ukaezina da, itsasertzera datozen olatuak bezain azkar garatzen baitira. Guk surfeko ohola prest daukagu olatuekin trebatzeko, teknologiaren itsasoak eskaintzen digun onenaz baliatu eta itsasoari gure onena emateko.