Demografia aldaketak eta ezagutza konkretuen beharrak bultzatuta, geroz eta urrunagora jotzen ari dira enpresak langile bila. Horrenbestez, pertsona horien bizitzetan eta enpresak kokatuta dauden inguruneetan inpaktua eragingo dute enpresek. Enpresei erantzukizun sozialez jardutea dagokie, besteak beste, jatorri aniztasunak eragingo duen kulturartekotasun egoeran, elkarbizitzarako testuinguru egokiak kudeatzea. Horretarako, tresna interesgarria izan daiteke euskararen transmisioa.
Guztion esku egongo da bide horretan pausoak ematea, baina administrazioak eta enpresek ardura handiak dituzte. Izan ere, enpresek, lehiakortasuna helburu, ingurunea eraldatzen duten bezala, lurralde administrariei ere badagokie garapen jasangarriarekin konprometitutako enpresa ereduak bultzatzea.
Borondatearekin eta baliabideekin emaitza positiboak lortzen dira. Horren erakusle dira erantzukidetasunez jardundako enpresei esker beren buruak euskaldundu dituzten pertsonak. Euskara planetatik arrakastaz egindako prozesu horietan bi aldagai gutxienez garrantzitsuak izan dira: enpresak hainbat gune eta espaziotan euskaraz egiteko erabakia hartzea eta euskara ikasteko bitartekoak eskaintzea. Beharra sortzea eta behar hori asetzeko bidea erakustea, alegia, hori guztia erakundearen sisteman txertatuz.
Aurrerantzean ere hizkuntzaren erabilera izango da euskararen ezagutza garatzeko motibazio garrantzitsuenetarikoa. Kontuan hartu beharko ditugu beste hainbat faktore ere. Gaur, ikaste prozesuari lotutako bi nabarmenduko ditugu.
Batetik, ikaste prozesua biziartekoa da egun eta, beraz, lana eta ikasketak kontziliatuko dituzten prozesuak behar ditu pertsonak. Garbi esanda: lanak eta ikasketak zenbat eta kontziliaziorako aukera gehiago eskaini, hobeto. Langunea eta lanorduak ikasteko espazio eta denbora bilakatzeak asko erraztuko digu, beraz, bidea.
Bestetik, ikaste prozesua bera pertsona etorri berrien inklusioa bultzatzeko bitarteko oso garrantzitsua izan daiteke. Horretarako, langunean euskararen ezagutzaren garapena erdigunean jarriz, etorri berrien eta lankideen arteko igurtziak bultzatu beharko dira. Izan ere, gutxitutako hiztun komunitateko partaideak limurtzeko bidea da hizkuntza bera, eta euskararen bueltako dinamikak partekatzearekin erraztu egiten da GU intimora sartzeko bidea.
Kultura aldaketa eta ardura partekatua
Kultura aldaketa dakar horrek. Ikasteko espazioak eta denborak aldatu egiten direlako, lantokiak ere euskara ikasteko gune bilakatuz, eta aktore berriak ere sartzen direlako, sartu berriaren lankideak ere euskara ikasteko motibazio iturri, ezagutza garatzeko lagun eta hizkuntza jabekuntza prozesuaren gorabeherez hausnartzeko entzule izanez. Ardura partekatuaren bidea da, etorri berriak nahiz bere lankideak egin behar duelako ahalegina, bakoitzak bere beharretik abiatuta: etorri berriaren kasuan, euskararen ezagutza garatuz bere lantaldean profesionalki eta pertsonalki aurrera egiteko; eta lankidearen kasuan, euskararen garapena bultzatuz lantaldea eta hiztun komunitatea indartzeko. Prozesua arrakastatsuagoa izateko aldebiko motibazioa, beraz.
Enpresa erdigunean duen bide horrek tokian tokiko auzo edo herrian jarraipena izatea litzateke interesgarria; administrazioak, euskara elkarte eta aisialdiari loturikoek, esaterako, euskararen bitartez herri mailako inklusioa ere bultzatzeko. Eta desiragarria litzateke hori guztia batzuen eta besteen artean koordinatuta egitea.
Egoera berriak denon esku-hartzea eta ardura partekatua eskatuko du. Prest al gaude horretarako?