Lazkaoko barnetegiko matrikulazio kanpainako aurtengo bideoa ikusi nuenean erabaki nuen gogoeta hau idaztea, buruan bueltaka aspalditik banenbilkien ere. Aipatu bideoan ageri dira Esti eta Joxean lazkaotarrak (niretzat hala dira beti hor ikusi baititut, neu bezalaxe, jatorriz, beste herri batekoak diren arren). Baina bada alderik gure artean…
Estik aitortzen duenez, Sorian jaioa da gurasoak euskaldunak izan arren; badakizue, bizitzak dituen gorabeherak… Txikitan ez zuen euskararik jaso etxean. Hala ere, euskara ikasteko nahia aspaldi piztu zitzaion eta aukera izan zuenean pausoa ematea erabaki eta Maizpiden eman zuen izena. Jarri zuen grinaren poderioz hamazazpi hilabetean EGA (gaur egungo C1) atera zuen.
Joxean, berriz, zangotzarra da. Hainbat urtez han bertan euskara ikasten aritu ondoren, maila polita lortu zuenean, Maizpidera etorri zen. Bertan ezagutu zuten elkar eta gaur egun Lazkaon bizi dira. Oso oroitzapen ederrak omen dituzte barnetegiko bizipenekin.
Bideoa ikusita beste gogoeta hau etorri zitzaidan niri, ordea: Lazkaon eta beste edozein herritan, pertsona askok eman du euskara ikasteko pausua urterik urte, Estik eta Joxeanek bezala. Egundoko ahalegina egin dute eta gero, herritarren artean dabiltzanean, euskara etxean jaso dugunok, nola jokatzen dugu profil honetako pertsonen aurrean? Nire inguruan berebiziko zailtasunak nabaritzen ditut herrikide hauek euskalduntzat hartzeko. Inguratu orduko hasiko zaio betiko lazkaotarra tu-qué-vas-a-tomar-ka. Horregatik uste dut oso garrantzitsua dela euskara ikasten ari direnak bistan jartzea. Eta, horrekin batera, zama guztia eurengan jarri gabe, bada garaia euskal hiztunok benetako ahobizi joka dezagun hauekin ere. Eta hori nola egin daiteke? Ba, gure aldetik ere hondar ale bat jarriz: astiroago eta garbiago hitz eginez, behar den denbora hartu eta komunikazioa ziurtatzen dela ikusi arte bi aldeetakoen hizkerak sintonizatuz…
Euskaltegietako izen-ematearekin batera abiatuko zen herri eta auzo askotan mintzalagun (berbalagun) egitasmoa ere, tokian-tokian hamaika aldaera hartuz. Gune horiek aukera polita dira etxean euskara jaso dugunon eta eskolan (euskaltegian) jaso dutenen arteko hizkuntza komunitatea bateratzeko.
Jarriko al dugu geuk ere gure aldetik, dena ikasten ari direnen esku utzi gabe?