• EMUN
  • Bloga
  • Euskara normalizazioaren bidegurutzeetan
Elias Zumalde BarrenaAholkularia
2021-02-02 / BLOGA

Normalizazioa da euskararekin lotuta gehien azaltzen den hitzetako bat. Baina zer da normalizazioa? Denok gauza bera ulertzen dugu? Noiz dago euskararen erabilera normalizatuta?  Gure helburua euskaren erabilera normalizatzea bada, adierazten ari gara euskararen egoera ez dela normala, badituela arazoak normal erabili ahal izateko. Honen harira, gogora ekarri nahi dut Lizardik esandakoa: baina nik, izkuntza larrekoa, nai aunat  noranaikoa. Amets edo nahi horrek ondo adierazten du  normalizatuta dagoen hizkuntza baten ezaugarri nagusia, noranahikoa izatea, alegia.

Euskara izan zen noranahikoa, hizkuntza hegemonikoa. Baina, hemen azaltzeak luze joko lukeen hainbat faktorek eragindako inpaktuek euskararen erabileran arrakalak sortu eta noranahikoa ez izatea ekarri dute. Euskara, belaunaldiz belaunaldi,  modu naturalean transmititzen zen garaiak aspalditxo joan ziren eta gaur transmisio hori berreskuratu nahian gabiltza.

Lan eremuko euskara plan gehienek euskararen normalizazioa dute helburu, norbanakoak eta espazioak euskalduntzea. Hau da, hiztunak trinkotu eta hiztunei euskaraz aritzeko guneak eta baldintzak eskaintzea. Euskara normalizatuta dagoen erakunde batean, euskaraz eroso eta natural hitz egiten da, gune gehienetan era iraunkorki.

Normalizaziorako bidea prozesu bat da eta fase ezberdinak ditu, baina ez da prozesu lineala. Ziklikoa da, espiral baten modukoa eta  bere joan-etorriak ditu. Bestalde, hizkuntza biziberritzea denon ardura da: hiztunena eta erakundeena. Herri edo erakunde mailako proiektu bat da, ikuspegi sistemikoan eta kapital emozionalaren gestioan oinarrituta guztien parte hartzea eskatzen du.

Jon Sarasuak sarritan esan izan du euskararen normalizazioa Aizkorrira bidean Urbiara iritsi dela, baina bertako laino artean galduta edo, Aizkorrirako azken malkarrari nola heldu asmatu ezinda dabilela. Lainoarte horretatik ateratzeko euskarak funtzioak propioak behar ditu, azken finean, noranahikoa izan. Eta horretarako, euskarari arnasguneak,  espazio eta funtzio esklusiboak aitortu behar zaizkio, hizkuntzen arteko oreka bermatzeko, ahulena babestu eta indartzeko neurri bereziak hartuta.

Bidenabar, normalizazioaren gaiaz ari garela, azken urteotan Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelek hainbat plazatan aldarrikatu duten ideia ere ekarri nahi genuke hona: hain zuzen ere, hizkuntzaren zein genero berdintasunaren normalizazioa iturri beretik edaten duten erronkak direla, bidegurutze beretsuetan dauden eraldaketa prozesuak azken finean. Begirada horretatik normalizazioa zuzenean dago lotuta gizarteko botere harremanekin, prestigioarekin, pribilegioekin edota eskubide banaketarekin. Normalizazioa bihurtzen delako bazterrean dagoenari edo bigarren mailakoari zentralitatea eta garrantzia ematea eta horrek eskatzen duelako, noski, ordura arte erdigunea hartu duenak ordura arte zeukan lekua uztea.

Beraz, euskararen erabilera normalizatuko bada, ezinbestekoa da erabilera-arauei, arau sozialei,  buruzko gogoeta egitea eta naturaltasuna eta erosotasuna lortzeko interbentzioak planteatzea.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus