• EMUN
  • Bloga
  • 7 gogoeta Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera arautzeko Dekretuaz
Elias Zumalde BarrenaAholkularia
2024-07-22 / BLOGA

Eusko Jaurlaritzak onartu berri du Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua, gizarte aldaketei eta euskararen bilakaerari erreparatuta, aurrera begirako norabidea ezarri nahi duen araua. Aspaldidanik espero zen urratsa da, izan ere, 1997ko dekretuaren ondoren urte luzez negoziazio eta eztabaidetan egon baita haren mamia. Orain, EAEko Sektore Publikoan euskararen normalizazioak dituen erronkei ekiteko abagunea ireki daiteke.

Dekretua onartu ondoko erreakzioek erakutsi bezala, ez du denok asebetetzea lortu. Batzuek, urrats handiagoak eskatzen dituzte, beste batzuek, aldiz, gehiegizko jo dituzte proposatutako zenbait aldaketa. Hemen zazpi gogoeta gai:

BAT. Dekretuaren  helburuetako bat argia da: herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea. Pisu handia hartzen dute bertan, hizkuntza eskakizunek eta horien bidez, euskararen ezagutza bermatzeak. Lanpostu guztiei hizkuntza eskakizuna ezartzea bitartekoa izan daiteke lanpostuen behar komunikatiboei euskaraz erantzuteko, beti ere, ezagutza horri erabilera eta aldeko portaera lotzen bazaio. Normalizazio prozesuan funtsezkoa izango da euskararen ezagutzatik harago, erabilera erdigunean jarriko duen  eta erabilera sustatzeko neurri eta tresnak baliatuko dituen arau markoa eskuartean izatea, euskara etorkizunean hizkuntza bizia eta erabilgarria izango bada.

BI. Zentzu berean, ezin dugu ahaztu hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun indizeak bitartekoak baino ez direla, eta ez helburu hutsak. Arriskutsua izan daitekeelako hizkuntza eskakizunetan tematu eta erabilera helbururik ez zehaztea, batez ere lanpostuak barne mailakoak diren kasuetan. Aurrez esan bezala, helburua ez delako soilik ezagutza eskuratu eta bermatzea, baizik eta ezagutza hori praktikan jartzea. Bidenabar, kritikatua izan da 45 urtetik gorako langileak hizkuntza eskakizunen betebeharretik salbuesteko erabakia ere, eta zalantzazkoa bada gutxienez, adin horretan euskara ikasi, hobetu eta erabiltzeko aukera zabala dela erakutsi baitute askok.

HIRU. Berritasunen artean, badago lanpostuetako gaitasun komunikatiboen asimetria kontuan hartzea. Izan ere, lanpostuaren ezaugarrien arabera, ahozko eta idatzizko gaitasunak modu desberdinduan balioztatzea egokia izan daiteke, betiere asimetria horrek jarraipen sistema zehatza badakar berarekin eta gaitasun horiek betetzen ez diren kasuetan neurri zuzentzaileak proposatuko badira. Era berean, gakoa izango da derrigortasun indizeak eta balorazioaren asimetria zintzotasunez erabiltzea, lanpostuaren euskarazko behar komunikatiboak kalitatez betetzen direla ziurtatuta.

LAU. Euskara mailaren egungo egiaztatze sistema titulazioan oinarritutakoa da gehienbat, baina sarritan egiaztatu diren euskara mailek ez dute erabileran dagokien mailarik erakusten. Ez al ditu horrek, neurri batean, hezkuntza eta euskalduntze sistemaren gabeziak ere agerian uzten? Euskara modu frogagarrian erabiltzen duenari titulua ematea izan daiteke bide horretan gakoa, egiaztatutako euskara maila erabilera esparruekin eta eguneroko lan eginkizunekin lotzea, alegia.

BOST. Dekretuak jauzia egin du, eta Euskal Sektore Publiko osora ireki du bere eragin esparrua, sektore publikoaren izenean zerbitzuak eskaintzen dituzten entitate pribatuak ere barne hartuta. Horrekin batera, Euskal Sektore Publikoa euskararen normalizazioan benetako eragile bilakatzea da bere helburua, baina horretarako, administrazioak euskarazko eskaintza aktiboa egiteko erronkari heldu behar dio, lehen hitza euskaraz eginez eta euskara erabiltzeko gune erosoak sortuz, besteak beste.

SEI. Euskal Sektore Publikoa osatzen duten entitate guztietan Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideak (HOEI) modu argian onartzea ezinbesteko gakoa izango da, euskararen normalizazioari lehentasuna emango zaiola bermatzeko. Dekretu honek eskaintzen dituen aukera berriak baliatzeko ezinbesteko izango dira erakundeen eta norbanakoen  jarrera proaktiboa.

ZAZPI. Gero eta ugariagoak dira euskara lehenesten duten erabakien aurka epai bidetik ezartzen ari diren trabak eta eragozpenak. Hala, funtsezkoa bezain premiazkoa da, euskararen alde egotetik euskararen alde egitea erraztuko duen euskararen lege berria. Euskara ez dadin epaileen interpretazioaren arabera dantzan aritu eta euskarak izan dezan oldarraldi honi aurre egiteko lege babes sendoa eta euskara lehenetsiko duen lege markoa.

Azken finean, dekretu hau aurrerapausoa izan daiteke euskararen erabilera normalizatzeko bidean, baina hutsuneak gainditzeko ahalegin berezia egin beharko dugu: ezagutzan egindako inbertsioa erabilerara bideratuko duen ikuspegia landu, horretarako baliabide nahikoak jarri, jarraipen mekanismo eraginkorrak ezarri eta sektore publikoko langileen eta herritarren arteko elkarlana sustatu.

Sektore publikoaren eta gizartearen euskalduntzeak dena behar duelako eta denok behar gaituelako.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus