• EMUN
  • Bloga
  • Kontziliazioa izenez, erantzukidea abizenez?
Sonia Etxenausia RossAholkularia
2024-07-02 / BLOGA

Erakunde batean kontziliazio erantzukideaz hitz egiten dugunean, hiru eremutako beharrei erantzuten dien ardura partekatuan oinarritutako kultura indartzeaz ari gara: erakundearen, familiaren* eta pertsonaren beharrak aintzat hartzeaz.

 

Zertarako izan beharko ginateke erantzukideak gure erakundearekiko? Eta zein da erakundeak bizitzekiko duen erantzukizuna?

Kolektiboak osatzen du, eta neurri batean baita sostengatu ere erakundea bera. Zentzu horretan, kolektiboaren eta erakundearen arteko harremana osasuntsua izan dadin, harreman interdependenteen etengabeko eraikuntzan eta hartu-eman orekatuan oinarritu beharko da. Izan ere, gure erakundea jasangarria ez baldin bada, ezingo baitigu bizitzak sostengatzeko baldintza duinik eskaini. Hala nola, kolektiboak erakundea osatzen duen neurrian, eta interdependentzia harreman horretan, ezinbestekoa eta erantzukidea da, erakundea osatzen duen pertsona horren ongizatearen kargu egitea erakundea. Eta zentzu horretan, kontziliazio erantzukide baterako aukera, ongizate horren baldintzetako bat izango da.

Lankidetzaren balioak erakundea eta pertsonak jartzen ditu erdigunean eta kontziliazio erantzukidea familia eredu konbentzionalen beharretatik haratago ulertzen du.  

Pertsona profesionalak, eraginkorrak eta orekatuak izateko, besteak zaintzeko baldintza egokiak izatearekin batera, norbere burua zaintzeko beharrezkoak zaizkigun jarduerak ezin dira alde batera utzi.

Horregatik, proiektu profesionala osatzen duen lantalde guztiaren ardura izango da pertsona bakoitzaren bizitzako fase bakoitzaren beharrei modu kolektiboan erantzutea, proiektu profesionalei modu eraginkor batean erantzuten diogun bitartean.

Zentzua al dauka familia eredu konbentzionalari begira jarraitzeak? Pertsonen arteko desorekak sortuko ez dituzten familia edo babes sareak.

Tradizionalki egin den lanaren banaketa sexualak gizonek eta emakumeek arlo profesionalarekiko duten inplikazioan desoreka sortzen du. Zaintza lanek eskatzen duten denbora eta energiak emakumeen garapen pertsonal eta profesionalean, lidergoan, osasunean zein aukera ekonomikoetan inpaktu larriak ditu. Horregatik, kontziliazio erantzukidearen lanketa emakume eta gizonen zein pertsona guztion aukera berdintasunean oinarritu behar da.

Honenbestez, jarrera arduratsu eta erantzukide batean oinarrituta kontziliaziorako markoa eraikitzea da gure proposamena, honako irizpide hauek kontuan hartuta:

  1. Kulturan eragitea, ez da nahikoa izango kontziliazio erantzukiderako politika eta arau berriak onartzea. Gaiarekiko iritzi eta ikuspegi kolektiboan eragin beharko da, hau da, lan pedagogikoa egin beharko da; erakundearen, talde ezberdinen eta pertsonen beharren arteko oreka zainduz, alegia.
  2. Prozesu mailakatu eta jasangarria. Hau da, pausoz pausoz egin beharreko urratsak definituko dira, lehentasunen arabera eta betiere langileen eta erakundearen iraunkortasunerako beharrak eta erritmoak kontuan hartuz.
  3. Neurriak ezarri aurretiko lanketa. Neurri berriak onartzerakoan, eta kolektiboari erabiltzeko aukera eman aurretik, neurri horiek erabiltzeak eskaintzen dizkigun aukerak eta arriskuak identifikatzen ditugu eta ondoren neurri horiek erabiltzeko bete beharreko baldintzak, irizpideak eta zentzua ezagutzen dituela bermatzea.
  4. Neurrien inplementazioari jarraipena egitea. Pertsonetako prozesuetan zein erakundearen antolamenduan neurri berri bakoitzak izan duen inpaktu soziala, ekonomikoa eta gestiokoa neurtzea garrantzitsua izango da egin beharreko egokitzapenak egin ahal izateko.

Azken finean, hiru eremuetako beharrak (familia*, pertsona eta erakundearena) jasoko dituen kontziliazio erantzunkiderako markoak denon ekarpena eta ardura eskatzen du, bai erakundearena, bai berau osatzen duen kolektiboarena eta baita bidelaguntzan ari garen eragileona ere, elkarlanaren bidez gizartean eragiten dugun inpaktu soziala biderkatu egiten delako.

Familia*: pertsona batek dituen lotura afektiboen (emozionalak eta/edo sozialak) multzoa, esaterako, elkarren artean zaintzarako borondatezko konpromisoa eskatzen duena.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus