Ehundik gora itzulpen memoria ditugu, eta guztiei “zarata” kentzeko bidean gara.
Vicomtechekin eta Mondragon Linguarekin lankidetzan gauzatutako proiektuak eman ditu bere fruituak.
Iritsi gara LIDO proiektuaren azken fasera. Ibilbide honetan zehar, Vicomtech eta Mondragon Lingua izan ditugu bidaide, eta abiaburuan ezarritako helburua erdiestea lortu dugu, hots, itzulpen memoriak garbitzeko eta optimizatzeko gailu bat diseinatu eta garatzea. Horretarako, Enpresetako I+G bultzatzeko HAZITEK laguntza programak emandako dirulaguntza jaso genuen, Eusko Jaurlaritzak eta Europar Batasunak 2021-2027 aldirako Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) bitartez kofinantzatuta.
Urteotako lanak eman ditu bere fruituak eta dagoeneko eskuen artean daukagu gure ehundik gora itzulpen memoriak garbitu eta optimizatzeko baliagarria izango zaigun tresna.
Emunen egin dugun 25 urtetik gorako ibilbidean, bezero bakoitzarentzat propio sortutako itzulpen memorietan nahi baino “soberakin” gehiago geneukan metatuta: errepikapenak, norabide aldaketak, okerreko segmentuak… jargoi teknikoan “zarata” esaten zaiona. LIDO proiektuari esker diseinatu dugun gailuak memoria horiek txukun uzteko eta aipatutako “zarata” hori desagerrarazteko modua eman digu: kodetzea egokituta, datuak alineatuta, mozketak berregokituta…
Vicomtechek diseinatu eta garatu du gailua, eta gainerako bi enpresok bestelako alderdiez arduratu gara: gure memoriekin elikatu dugu tresna, bueltan jasotako emaitza aztertu, eta ekarpenak egin ditugu. Hartara, gailua doitzen eta egokitzen joan gara, dagoeneko erabilgarri daukagun azken emaitza lortu arte.