- EMUN
- Proiektuak
- emun, euskara, euskara planak, kirola
- Debako futbolean euskararen erabilera areagotzeko tailerra
Amaikak Bat Futbol Taldeko zuzendaritza batzordearekin eta entrenatzaile / begiraleekin tailerra egin dugu, talde gisa euren arteko harremanetan eta, bereziki, haur eta gazteekiko harremanetan euskararen erabileraz eta euren rolez eta funtzioez hausnartzeko. 3 saio izan ditu tailerrak: lehenengoa, herriko hizkuntza normalizazioaren prozesuan aisialdiak, eta bereziki kirol taldeak, duen garrantziaz jabetzeko; bigarrena, hizkuntza portaerak gizartean nola ematen ari diren ulertuta, euskararen normalizazio sustapenean kirol elkartearen aukeraz ohartzeko; eta hirugarrena, aurrera begira eman daitezkeen urratsak identifikatzeko eta bidea irudikatzeko.
Hizkuntza politika eta hizkuntza irizpideak lantzeko beharra ikusi dute eta horretan ari dira. Bereziki aztertuko dituzte: komunikazio politika eta harremanak gurasoekin, instituzioekin, hornitzaileekin, arbitroekin, federazioarekin, beste taldeetako arduradunekin…
Amaikak Bat taldeak pisu handia du herrian, jende asko mugitzen dute: haurrak, gaztetxoak eta gazteak, helduak… Herrian ere presentzia handia izaten dute jendaurreko ekitaldietan, zozketen bidez… Hizkuntza irizpideak zehaztuta, euskararen erabilera bermatuko dute eta eredugarri izango dira, bai elkarte barruko jardueretan zein herrira begirakoetan.