- EMUN
- Proiektuak
- administrazioa, emun, euskara, kirola
- Kirolean euskara sustatzeko proiektu pilotuen egitasmoa
Proiektuaren helburua izan da udalerri bateko 16 urtez azpiko kirol sisteman euskara indartzeko esku-hartzerako prototipo bat sortzea. Prototipo horretan egoeraren diagnostikorako, ekintza planerako eta jarraipenerako tresnak izatea aurreikusi da, edozein udal teknikariren esku jartzeko.
Edozein udalerritako euskara, kirol zein bestelako udal teknikariek euskararen normalizazioan eragiteko baliabide multzoa edukitzea; kirolaren esparruan euskararen egoeraren diagnostikoa egiteko, ekintza plana diseinatzeko eta planari jarraipena egiteko tresnak.
Udalerrien eskura jarriko diren tresna horiek baliagarriak izan daitezen, 2022-2023 urteetan 3 udalerritan probak egin dira. Zehazki, Amurrio, Aretxabaleta eta Zornotzan pilotatu da prozesu osoa eta herri bakoitzean jasotako ekarpen eta hobekuntzekin sortu dira denen eskura egongo diren tresna estandarizatuak.
Sistematizazioaren helburua da pilotajeetako praktikak hobetzea. Horretarako, herri bakoitzean tresnak probatuta, esku-hartzeak jaso, hausnarketa eraiki eta prozesurako ekarpenak jaso dira herri eta fase bakoitzean.
Proiektu honek udalerrietako kirol-egituretan eragin eta herriko kirol elkarteekin lan egitea proposatzen du. Zehazki, hartzaile hauek ditu proiektu honek proposatutako tresnen aplikazioak:
- 16 urtez azpiko kirol elkarteak
- 16 urtez azpiko kirol elkarteetako kirolariak
- Herrian kirolaren antolaketarekin zerikusia duten eragile zein entitateak: ikastetxeak, guraso elkarteak, euskara elkarteak…
- Kirol elkarteetako zeharkako hartzaileak (partidetako ikusleak, gurasoak, entrenatzaileak…)
Hartzaileez gain, proiektu honen aplikazioak eragina du herriko harreman sarean, kirol elkarteetan zein horien inguruan dauden herriko bestelako eragileengan.