• EMUN
  • Bloga
  • Elkarlanaren gobernantzan, zer ari du?
Mikeldi Zeberio LoinazAholkularia
2022-07-29 / BLOGA

Zalantzari leiho bat ireki diogu Emunen 25. urteurrenean eta tartean, Elkarlanaren gobernantza online saioan elkartu genituen pasa den ekainaren 16an, Quim Brugué, Goizalde Atxutegi eta Irati Mogollón ikerlari eta adituak, elkarrekin jarduteko modu berrien inguruan hausnartzeko.

 

Bezero asko, herritar gutxi

Quim Bruguéren hitzetan, “demokrazia liberalaren paradigmak sinestarazi nahi izan digu ez garela gai gainerako pertsonekin elkarlanean aritzeko; zertarako galduko dut denbora nireak ez diren pertsonekin eztabaidatzen ez bagara inoiz adostasunera iritsiko? Eta horregatik, banakako parte hartze mekanismoak asmatu ditugu herritarren borondatea bideratzeko.

Demokrazia deliberatiboak, berriz, ezberdinen artean elkar topatzeko, entzuteko eta hitz egiteko gai izateko ahalmena aitortzen digu gizakioi. Ez dugu zertan denean ados egon behar, baina gure diferentziak diferentzia, aurrera egin dezakegu elkarrekin.  

Deliberazio prozesu orok bi zati dauzka: argudioak plazaratzea, eta besteenei lekua egitea. Zer gertatzen da, baina? Ohituagoak gaudela hitz egitera entzutera baino. Eta gehiegitan parte hartzea ulertu dugu erreklamazio mahai baten modura. Hortaz, herritartasuna lantzea eta elikatzea ezinbestekoa da”.

 

Zer eraiki daiteke lubakietatik?

Goizalde Atxutegik bere esperientzia baliatu nahi izan zuen adierazteko elkarlanera, sarritan, kasualitatez baina bidea eginda iristen direla erakunde publikoak. Gure kultura politikoaren ondorioz elkarlana lubakitatik eraiki izan dugu; alde batean, administrazioa eta erakundeak, eta, bestean, herritarrak.

Erakundeen lubakian, etsipena sentitu izan duela aipatu zuen; oso argi ez izatea elkarlanean zein den erakundearen lekua, ordaintzetik haratago. Huts egitearen beldurra ere badagoela eta prozesuan erabakitakoa ezin aurrera eraman ahal izatea, arrazoi ezberdinak medio. Hori guztia ziklo politikoekin oso lotuta dagoela eta sortu ditugun markoak administrazioen neurrikoak ez direla gehitu zuen; txiki gelditzen zaizkiela. Hala, ziklo politikoen denborek ez diete uzten erakundeei gauzaz patxadaz egiten.

“Elkarlanaren inguruan, noren edo zeren bila gabiltza? Askotan herritar arruntenagana iristeko nahi horretan, herritar abstraktu baten bila gabiltza (antolatua ez dagoena, parte hartzeko ohiturarik izan ez duena orain arte, auskalo zein ezaugarri jakin duena, …), eta hori kimera bat da, ez da existitzen. Bestalde, badaude herritar inplikatuak, gai jakinen gainean autoeratu direnak eta horretan jarduten dutenak. Ez ote dira askotan horien gainetik pasatzen administrazioak bestelako herritar ideal horren bila…”.  

Herritarren lubakian, ordea, ez beldurrez, baina bai zuhurtziaz jokatzen dela aipatu zuen: “Zure diru-iturriari kontra egitea oso zaila da. Ederra da administrazioek elkarteak eta iniziatiba sozialak diruz laguntzea, baina elkarlanerako orduan, ez ote du horrek berak elkarlana baldintzatzen? Euskal Herrian hainbeste kokatu gara lubakietan, gure elkarrizketa eta abarrak, oihuka egitera ohitu garela. Elkarrizketak beste leku batzuetatik eraikitzen ikasi behar dugu. Eta, egiteko, parte hartzeko, eztabaidatzeko modu batzuk desikasi behar ditugu”.

Elkarlana da elkarrekin sortzea. Ez da galdera-erantzunen joko soila, baizik eta sortze prozesua bera.

 

Zein fitxek osatzen dute jokalekua?

Iratik Mogollónek, aholkulariaren roletik, elkarlanaren joko horretan partaide diren fitxen errepasoa egin zigun:

  • Subjektu politikoa / politikaria: prozesu askoren atzean ezkutuko agendak egon ohi dira, eta gainerako partaideek ez dituzte ezagutzen. Aholkulariek gorputza jartzen dute prozesuetan, baina gorpuztu egiten dituzte politikariaren erabakiak, eta honek sor lezakeen ezinegona. Hemen, ardura partekatuaz hitz egin beharko genuke, eta erantzunkideak izan. Horren aurrean, zintzotasun ariketa bat egin beharko genuke, prozesua benetan noraino irits daitekeen zehaztu, gardentasun ariketa bat egin eta argi adierazi zeintzuk diren irismenak eta mugak.
  • Subjektu teknikaria: Prozesu bat egiteko garaian, mapeatuko ditugu zein teknikaritara iritsi nahi dugun? Norekin egitea nahi dugun bidea? Kontuan izan behar ditugu hainbat gauza: Teknikaria askotan epaitua sentitzen da, esposizio maila handia dakarrelako jendaurrera salto egiteak eta hori zaindu behar da. Babesa behar dute.
  • Mugimendu sozialak: partaidetza prozesuak egiten direnean, herritarrak behar ditugu. Eta askotan, antolatuak zein ez, eta kaptazio lan hori apaintzeko, asko saltzen dugu. Hautsak gehiegi harrotzen dira. Herritarrak 10 espero dezake, baina azken emaitza 4.5 baldin bada, dezepzioa sortzen da. Eta honek minak sortzen ditu. Ez ginateke joan beharko mugimendu sozialen espazioetara eta gu geu izan beraien espazio naturaletara doazenak prozesu parte hartzaileak egitera? Nola egingo ditugu gobernantza eredu berriak beraiekin batera eraikitzeko?

Horri lotuta, ondoko hausnarketak ere gehitu zituen: “Ko-eraikitzeko prozesuei mimoa eskaini behar zaie. Horrek denbora baliabide, eta baliabide ekonomikoak eskatzen ditu. Agian, gobernantza kolaboratiboan oinarritutako prozesu bat ezin da hiru urte baino gutxiagokoa izan. Prozesuak sostengarriak izan behar dira, horiek garatzen dituzten pertsonentzako, (teknikariak eta abar) eta baita,  prozesuetan parte hartzen duten pertsonentzako ere. Sostengarritasun kontzeptua gureganatu beharko genuke. Izan ere gobernantza da pauso txikiak ematea, eta horretan aurrera egitea”.

 

Aurrera egitea da bidea

Iritzi-trukean etorkizunera begirako gogoeta laburra hemen: “Gehiegitan ohitu gara ”dena ala ezer ez” eskemetara, eta ez da justua. Emaitza jakin batek ez du zertan prozesu guztia baliogabetu behar. Gobernantza kolaboratiboa gobernu-ariketa bat da. Eta gobernua boterearen erabilera da. Horregatik, elkarrizketek ez dute zertan adostasunean amaitu behar. Bai, ordea, amaitu egin behar dutela, elkar ulertuta hartu diren erabakietan, nahiz eta ados ez egon. Adostasunaren eta kontsentsuaren ideiak gehiegi mitifikatu ditugu”.

 

Elkarlanean oinarritzen bagara, inteligentzia kolektiboaren bidez, gauza handiak egiteko kapazak gara. Elkarlana eraldaketarako oinarria da eta eraldaketa kolektiborako ezinbestekoa da norbere baitako eraldaketa. Horretaz guztiaz jardungo dugu datorren urriaren 6an Arrasaten antolatu dugun Topaketan: Norbere baitan hasten da eraldaketa goiburupean kanpoko esperientziak ezagutu eta gure baitara bidaia bat egingo dugu.

 

Gonbidatuta zaude! + EMAN IZENA.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus