• EMUN
  • Bloga
  • Nazioarteko testuinguruaren eraginez enpresak erronka berrien aurrean gaude
Igone Bastarrika SalegiKoordinatzailea
2021-03-15 / BLOGA

Nazio Batuen Erakundeak 2030 Agendaren bidez mundu mailako erronkak zehaztu dituzte. Agendak, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren alorretan ekintza-plan unibertsal, integral eta eraldatzailea izan nahi du, eta horretarako Gobernuez eta Garapenerako erakundeez gain, enpresen ardurapean jarri dituzte hainbat erronka.

Gurean ere administrazioek egin dituzte lurraldeko erronkak nazioarteko erronkekin lerrokatzeko saiakerak eta hainbat erreminta eta gida sortu dira horiek ekintzara bideratzeko, tartean, “Euskal erakundeentzat gida praktikoa”.

EMUNen estreinatu berri dugun 2021-2024 Plan Estrategikoa egin genuenean ere arretaz begiratu genien erronka globalei, horiek ulertu, gurera ekarri eta gure inpaktuei neurria hartu nahian. Gure aktibitateak inguruan sor ditzakeen inpaktu negatiboak murriztea dugu helburutzat, eta gure zerbitzuen bidez inpaktu positiboak eragitea dugu jomugan. Gizarte berrikuntzan dihardugu, geroragarri nahi ditugulako inguruko kultur, hizkuntza eta natura baliabideak, eta geroragarri nahi dugulako inguruko pertsonen osasuna eta aukera berdintasuna.

Gertu ditugun enpresa asko ere norabide horretan jarrita ikusten ditugu, horietako batzuekin gainera urte luzez ari gara lankidetzan. Izan ere, kooperatibentzat ez da kontu berria enpresek beraien jarduera propioa kudeatzeaz gain, inguruarekin erantzukide izateko ardura.

Horretaz gain, legeak ere errekerimendu berriak ezarri ditu enpresa ertain eta handientzat, espainiar estatuko 11/2018 Legea kasu. Hori dela eta, 250 langile baino gehiago dituzten enpresak behartuta daude ekitaldia amaitutakoan informazio ez-finantzarioa eta aniztasunari buruzko informazioa publiko egitera.

Merkatuan ere gero eta ohikoagoa da iraunkortasun politikak lehiakortasunari lotuta agertzea, batez ere, herrialde garatuenetan presentzia duten sektoreetan ezinbesteko baldintza izaten ari baita bezero-hornitzaile harremanetan.

EMUNen enpresa egiteko eta ulertzeko dugun esperientzia propioan oinarrituta, eta bezeroen eskaerei erantzunez, gizarte erantzukizunean bidelagun izateko apustua berretsi dugu eta langintza horretan elkarlanean ari gara, besteak beste, Fagor Taldearekin eta Irizarrekin.

Enpresak beren inpaktuen gaineko kontzientzia hartzeko eta beren interes taldeek haiengandik espero dutena ezagutzeko prozesuak bideratzen ditugu. Diagnostiko fasetik hasi, estrategia mailako lanketak bideratu eta kontu-emateko memoria eta txostenak garatzen laguntzerainoko zerbitzuak eskaintzen ditugu.

Lurralde mailan gizarte berrikuntzaren sektorean esperientzia duten aholkularitzekin elkarlanean ari gara Gipuzkoako enpresa sarean erantzunkidetasuna sustatzeko programen bidez.

Gizarte eraldaketan sinesten dugu, eta enpresok norabide honetan egin dezakegun ekarpena ez da nolanahikoa.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus