• EMUN
  • Bloga
  • 25 Tona C02 gutxiago EMUNen, pandemiaren eragina mugikortasunean
Olatz Dorronsoro CallejaAholkularia
2021-01-18 / BLOGA

Azken bizpahiru urteetan, EMUNen 90 lagun ari gara lanean eta urtero, batez beste, 245 bezero proiektu izaten ditugu. 2017an gure ohiko heziketa kooperatiboko hausnarketa saio kolektiboan, larrialdi klimatikoa hartu genuen gai nagusi gisa eta hainbat adituren eskutik landu genuen gaia, besteak beste, EHUko Joseba Azkarra Etxagibel eta KREAN-eko Lander Jimenez-Ocio izan genituen gurean. Egoeraren argazki orokorra ezagututa eta neurri zehatzak hartu ezean, izango zuen bilakaera ikusita, EMUNen aztarna ekologikoa neurtzeko erabakia hartu genuen. Gure aztarnaren irismena,  jarduerari erantzuteko ditugun hiru bulegoetako energia kontsumoaren eta instalazioen azterketa batean eta gure zerbitzuei gertutasunez erantzuteko daukagun mugikortasun ereduan oinarritu genuen. Lanketa hau Arrasateko Ekitermik kooperatibako lagunekin batera egin genuen eta 2017ko datuak erreferentziatzat hartuta, gure aztarna ekologikoaren emaitza: 58 Tona CO2-koa izan zen, alajaina!

C02 tona horietatik 7 gure bulegoek sortutakoak ziren eta gainerako 51 gure mugikortasunaren ondoriozkoak. Bi fokuen inpaktua ikusita, kudeatzeko errazenak ziren kontuei heldu genien: gure bulegoen energia kontsumoa eta instalazioak.

Bulegoetako energia beharrak Goienerrekin bideratu genituen, proiektuarekin bat egin eta emunkideei Goienerren proiektua aurkeztu eta norbanakoon ekintzek duten garrantzian azpimarra eginez.  Ondorioz, gaur egun emunkideen %56k bere etxeko energi beharra energia berriztagarrien sorkuntza helburu duten hornitzaileekin asetzen du. Bulegoetako instalazioen egoera aztertu ondoren, inbertsio handia egin dugu argiterian, aireztapen eta isolamendu gaietan. 2020an Arrasaten dugun gure bulego nagusian, eguzkia energiarekin hornitzeko plaka fotovoltaikoen instalazio proiektua abiatu dugu, eta bizilagunen oniritziarekin, 2021eko lehen lauhilekoan martxan izango dugu, gure energia beharraren herena eguzki energiaz asetuko duena.

Mugikortasunari dagokionez, gure inpaktuaren kontzientzia hartzeko zenbait saio informal egin ditugu eta gure zerbitzuen oinarrian pertsonen aurrez-aurreko eta gertuko harremanek duten balioaren inpaktua aztertu eta neurri txiki batzuk abian jarri ditugu: online formatuko bilerak zein bestelako saioak egiteko aretoak egokitu, emunkideok elkarrekin egin ditzakegun bidaiak kotxe partekatu bidez egiteko intranetean informazio gunea martxan jarri dugu eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko lana egin dugu, ohitura eta praktika berri eta hobeak ezartzen hasteko asmoz. Gutako bakoitzaren aldaketa eta esfortzuaren emaitza kuantifikatu eta ikusteko, gure kudeaketa tresna nagusian, horrelako bidaiak apuntatzeko aukera daukagu eta horrela urte amaieran, egin ez ditugun bidaietako eta partekatu ditugun bidaietako KM kopuruaren berri jaso eta ematen dugu.

Hartara, pandemiak gure bizitzen eta lanaren zaurgarritasuna azaleratu duen testuinguruan eta 2020 urte amaieran egindako balorazioen artean, EMUNen mugikortasunean izan duen eragin kuantitatiboa ere aztertu dugu. 2020an, iazko urtearekin alderatuta, emunkideek 2.350 bidaia ordu gutxiago egin dituzte eta 234.000 KM gutxiago, hau da, %60 gutxiago. Zenbaki hauek hotz-hotzean hartuta, aurtengo mugikortasunaren aztarna nabarmen txikiagoa dela begi-bistakoa da. Ordea, gure bezeroek martxan genituen proiektu eta zerbitzuekiko konpromisoa berresteak, gure  ohiko lan moldeak egoera berrira egokitzea eskatu digu. Hala, bezeroekiko gure konpromisoa eta gertutik gure zerbitzua eskaintzeko izan ditugun muga fisikoen aurrean baliabide digitalek eskaintzen dizkiguten aukerak biderkatu ditugu. Horrek, ordea, ifrentzuaren beste aldeari begira jarri gaitu, ordainetan gure aztarna digitala handitu egin delako. Ondorioz, baliteke mugikortasun fisikoaren hutsuneak eragindako ingurumenarekiko inpaktu positiboa, aztarna digitalarekin parekatu edo gainditu izana.

Kontziente gara 2020ko datuak ez direla oinarri eta erreferentzia errealena gure etorkizuneko mugikortasun helburuak ezartzeko, baina balio handia daukate gure harreman fisiko eta digitalak uztartzeak eskaintzen dizkigun aukerak eta emaitzak irudikatzeko. Azken finean, eszenatoki berri honek aukera paregabea eskaini digu gure balio katearen inpaktuen azterketa sakonago bat egiteko eta batez ere, etorkizun hurbilean EMUN karbono neutro izan dadin beharrezko urratsak ematen jarraitzeko.

Erronka ez da nolanahikoa, baina eraldaketa prozesu guztietan bezala, eskatzen zaigun esfortzuan eta bidean galduko dugun horretan baino, pertsona eta komunitate gisa irabazteko ditugun onura sozialetan jarri nahi dugu gure ilusioa, konpromisoa eta indarra.

andoain

[Mapa]Martin Ugalde Kultur Parkea
Gudarien etorbidea, 8.
20.140 Andoain
Tel.: 943 300 978emun@emun.eus

berriozar

[Mapa]Gipuzkoako etorbidea 36, behea
31013 Berriozar
Tel.: 948 803 643Tel.: 943 793 426emun@emun.eus

bilbo

[Mapa]Euskararen Etxea
Agoitz plaza 1
48015 Bilbo (Bizkaia)
Tel.: 943 711 847Tel.: 943 793 426emun@emun.eus